Eskualdeko osasun arretaren kalitateaz iritzi kontrajarriak

Ataria 2015ko mai. 1a, 08:41

TOPA koordinakundeak mahai ingurua antolatu zuen asteazkenean eskualdeko hautagaiekin eta herritarrek ere iritzia eman ahal izan zuten eztabaida beroan.

TOPA koordinakundeko kideek egindako gonbitari erantzunez, hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztu diren zerrendetako hautagaiek hartu zuten parte, asteazkenean, Tolosako udaletxeko batzar aretoan antolatutako mahai inguruan.

TOPAko kideek eztabaidaren hasieran argitu zuten bezala, Tolosako udalerrian hautagaitza aurkeztu duten alderdi guztiei egin zitzaien gonbita. Ahal Duguk zerrendarik aurkezten ez duenez Tolosan, Andoaingo hautagai Jorge Mourinhok hartu zuen parte eztabaidan. EAJtik, berriz, Olatz Peonen ordez, Luke Uribe Etxeberria, Asteasuko zinegotzi eta legebiltzarkidea aritu zen.

Osasun arreta publikoak unibertsala eta doakoa izan behar duela nabarmendu zuten hautagai guztiek. Tolosaldean jasotzen den osasun zerbitzuaren kalitatea neurtzerako orduan iritzi kontrajarriak azaldu zituzten alderdi politiko ezberdinek.

2011ko azarotik du Asuncion Klinikak hitzarmena sinatuta Osakidetzarekin. Kontzertazioa defendatzen aritu ziren, PSE-EEko, PPko eta EAJko ordezkariak. Luke Uribe Etxeberria jeltzalearen hitzetan, «kalitatezko osasun arreta publikoa bateragarria da enpresa pribatuekin hitzarmenak sinatuta. Donostiako Poliklinika edo Onkologikoa dira horren adibide. Inguruan dauden baliabide guztiak efikaziaz kudeatzea dagokigu ardura politikoak dauzkagunoi».

Kontzertazioa pribatizazioarekin nahastea egotzi zion EH Bilduko hautagai Ibai Iriartek EAJri: «Historikoki sistema publikoak bete ezin zitzakeen zerbitzuak klinika pribatuekin hitzartu izan dira, baina ikusi dugu indartzen joan den heinean Osakidetzak ez duela inbertsiorik egin Tolosaldean. 2011ko azaroan sinatutako azkeneko hitzarmenean, pauso bat harago eman eta osasun publikoaren eraistera jo du, espezialitateak klinika pribatura leku aldatuz». Andoaingo Ahal Duguko ordezkari, Jorge Mourinhok ere norabide berean hitz egin zuen, «gezurra da sistema pribatua efizientegoa denik. Merkeago eta hobeto kudeatzen da osasuna publikoki, erdigunean pertsona jarrita».

TOPA koordinakundeko kideek ere beren iritzia agertu zuten: «guk ere gure zergak ordaintzen ditugu baina jasotzen dugun osasun zerbitzua ez da beste eskualdeetakoa bezalakoa. Heren bat langile gutxiago ari da lanean Tolosaldeko osasun arretan eta badakigu haien lan baldintzak ere ez direla osasun publikoan aritzen direnen parekoak».

Hain zuzen, ikusleen galderentzat zabaldu zen txandan hitza hartu zuen Asuncion Klinikako langile batek eta arduradun politikoekiko mesfidantzaz hitz egin zuen: «nire galdera bakarra da zer gertatuko den, gure nagusiak dagoeneko Donostian beste enpresa batekin egin duen bezala, klinika ixtea erabakiko balu? Zer gertatuko da gure lanpostuekin? Eta zer eskualdeko osasun arretarekin?».

Publifikazioaren alde hitz egin zuten Ahal Dugu, EH Bildu eta publikotik Ezker Anitzako kideek. Aukera hori «ez da errealista» EAJko legebiltzarkide Uribe Etxeberriaren ustez eta PPko Atxukarrok defendatu zuenez «publifikazioak ez du derrigor esan nahi zerbitzu hobea eskainiko  denik».

Datozen lau urteak

Aurtengo azaroan bukatuko da Osakidetzak eta Asuncion Klinikak sinatuta duten hitzarmena. Ordutik aurrera zer?: «Osakidetzak hitzarmena berrituko du klinikarekin beharrezko egokitzapenak eginda», aurreratu zuen Uribe Etxeberria jeltzaleak. Formula honen egokitasuna frogatzeko, Eusko Legebiltzarrean onartu zen legez besteko proposamena gogoratu zuen, non Asuncion Klinikaren funtzionamenduaz ebaluazioa egitea agintzen zitzaion Osakidetzari. «Ikerketan agertzen ziren aldagaietan oinarrituta, 89tik 73ko puntuazioa lortu zuen klinika pribatuak eta inork ez du datu hori gezurtatu».

Batzar aretoan bildutako jendeak ez zituen datu horiek ontzat eman, besteak beste, «errealitate bat baita larrialdietako espezialista batzuk falta direla Asuncionen».

Asensio, PSE-EEko hautagaiaren esanetan «hurrengo hitzarmenean egon daitezkeen disfuntzioak konpontzen saiatuko gara, Donostiako ospitalearen erreferentzialtasuna berreskuratzen, adibidez».
Publifikazioaren bidean pausoak ematen jarraitzeko asmoa agertu zuen EH Bilduko hautagaiak eta  esan zuenez, «orain arte bezala eskualdeko instituzioek eta herri mugimenduek elkar hartuta jarraitu behar dugu. Azkeneko urteetan pribatizazioan urrats gehiago eman ez badira, herritarrek egindako presioari esker izan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!