Alegialdeko udalerriekin harremana eta lankidetza sendotuz

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 29a, 11:47

Tolosaldeko udalerriekin elkartu da 'Tolosaldeko Ataria', batetik proiektuaren berri emateko, eta bestetik udalek egiten duten ekarpena eskertzeko. Atzokoan, Alegialdeko bederatzi udalerrietako alkateekin bildu ziren 'Tolosaldeko Ataria'-ren ordezkariak.

Bederatzi udalerri horietako zazpiekin hiru urteko hitzarmenak sinatu dira: Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Bidania-Goiatz, Ikaztegieta eta Orendain. Beste bi udalerriekin, Abaltzisketa eta Baliarrain, urtebeteko lankidetza hitzarmena adostu da. Hitzarmen horiek proiektuan sakontzeko aukera ematen dutela eta aurrera begira 'Tolosaldeko Ataria'-rentzat oso garrantzitsuak direla azaldu dute komunikabidearen ordezkariek. Ez hori bakarrik, Ataria eta udalerrien arteko harremana ere ezinbestekoa dela nabarmendu dute behar bezalako komunikazio eskaintza bermatzeko eskualdean.

Proiektuari buruzko informazioa partekatzea eskertu du Unai Iraola Alegiako alkateak. Bide batez udaletatik herrien presentziari ematen zaion garrantzia nabarmendu du,  eta eskualdean 28 herri izateak udalerri bakoitzaren berri egunero ezin emateak ulertzekoa dela gaineratu du. ataria.info webguneak bisita kopuruetan izaten ari den gorakadarengatik zoriondu du eta asteburuetan informazioa zabaltzeko esfortzua ere eskertu du. 

Horrez gain, aurten lehenengo aldiz abuztuan ere webgunea elikatuko da, eta horri garrantzia eman diote udalerrietako ordezkariek.

Bileran nabarmendu den gaietako bat Atariaren hedapena izan da, batez ere irratiari dagokionez. Arlo horretan aurten aurrerapenak egingo direla eta FM-ko 107.6 seinalea eskualde guztira ahal den kalitate onenean zabalduko dela azaldu dute 'Ataria'-ko ordezkariek.

Lankidetza hitzarmenen helburu nagusietako bat, tokiko albisteak jorratu eta zabaltzeaz gain, euskararen normalizazioa da. 'Tolosaldeko Ataria'-ren helburu nagusiena, hain justu, euskararen normalizazio bidean ekarpen esanguratsua egitea da, eskualdean sortzen den informazioa kudeatu eta komunikatuz euskaratik eta euskaraz.

Bide horretan sakondu nahi dela azaldu zitzaien atzoko bileran udalerrietako ordezkariei. Arlo guztietan, kudeaketan zein komunikabide bezala egiten den lanean, profesionaltasunez aritzeko konpromisoa berretsi du 'Tolosaldeko Ataria'-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!