Emakumeak ari direla

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko api. 26a, 10:31

‘Ari gaitun’ diote jatorri ezberdineko emakumeek Zerkausiko kristaletan zintzilik ageri diren argazkietatik. Targazki elkartearen erakusketa berria da eta ikusgai dago maiatzaren 16ra bitartean.

Emakumeak protagonista ditu egunotan Zerkausiko kristaletan zintzilik dagoen erakusketak. Berezitasuna jatorri ezberdineko emakumeak euren egitekoetan, euren egunerokotasunean murgildurik azaltzea da. Honela, Tolosaldea anitz baten isla aurkeztu nahi izan du Targazki taldeak, erakusketaren egileak.

Targazki Tolosaldeko argazkilari amateurren elkartea da eta kide bakoitzak argazkilaritza bere erara bizi du. Argazkilaritza ez da ofizio eurentzat, afizio baizik. Eta afizio horren emaitza da apirilaren 17tik maiatzaren 16ra bitartean Tolosako Zerkausiko kristaletan zintzilik dagoen Ari gaitun erakusketa.

Afizioak afizio, modelo lanetan ageri diren emakumeen afizioak ere kontuan hartu nahi izan dituzte argazkilariek, jatorri ezberdineko emakumeak euren egunerokotasunean aurkeztuz; «helburua Tolosaldeko gizarte anitzaren erretratua egitea» dela esan dute.

Helburu hori betetzeko lehenik modeloen aukeraketa egin behar izan dute. Horretarako, ondorengo irizpidea jarraitu dute: «Genero aldetik diskriminazio positiboa aplikatu dugu gizonezkoen gehiegizko presentzia mediatikoa konpentsatu nahian».

Hori kontuan harturik, egun batez modelo bihurtu diren emakume hauek «emakume anonimoak eta izaera anitzekoak dira; adina, jatorri, irudi fisiko, jarduera, hizkuntza, erlijioa, mugikortasun maila... ezberdinekoak».

Horren emaitza dira Zerkausiko kristaletan zintzilik dauden hamahiru argazkiak, 125 x 250 zentimetroko egur paneletan inprimaturik daude, bi aldeetatik, Zerkausi barrutik ikusgai eta baita Oria ibaia ingurutik ere.

Ikusleak begirada azkar batean Nikaragua, Kuba, Maroko, Nigeria, Azerbaijan, Ukraina, Errumania, Herrialde Katalanak, Extremadura eta Euskal Herrian jaiotako hainbat emakumeren egunerokotasunaren irudia ikus dezake. Adibidez, Amelia Errumanian jaio eta Orendainen bizi da eta bera protagonista duen argazkiak arropa, zapata eta perfume artean aurkezten du. Beste adibide bat Oneyda nikaraguarrarena da, kirola da Tolosan bizi den emakume honen afizioa argazkiak azaltzen duen bezala. Eta horrela beste hamaika adibide dira Zerkausiak plazaratzen dituenak: kafea eta egunkaria, liburuak, sukaldaritza, gidatzea, animaliak, dantza, loreak, jostea... maite dutenen mundua da irudiek aurkezten dutena. Argi dago beraz, Tolosaldeko emakumeek «ari gaitun» harro esaten dutela.

Targazki elkarteak bultzatutako erakusketa bada ere, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun zerbitzuaren eta Tolosako Udaleko Kultura eta Berdintasuna sailen babesa izan du. Gauzak honela, inaugurazio ekitaldian argazkilari eta modeloez gain udaleko ordezkari ugari izan ziren. Tartean Tolosako alkate Ibai Iriarte izan zen eta aurkezpenean lanaren balorazioa egin nahi izan zuen: «Erakusketak eskualdearen aniztasuna erakusten laguntzen du». Honela, Tolosa eta Tolosaldearen aniztasuna eta elkarbizitza goraipatu nahi izan zuen Iriartek argazkilari amateurrek objektibo aurrean jarritakoak hizpide hartuta.

Kristina Moralesek, Migrazio eta Aniztasun teknikariak bere aldetik proiektua babestu ahal izateko zergatiak zerrendatu ditu: «Aurkeztu ziguten proiektua oso interesgarria iruditu zitzaigun. Argazkilariek lehenik emakume hauei elkarrizketak egingo zizkieten, euren interesak ezagutzeko eta ondoren beste egun batean modelo moduan argazkiak egingo zizkieten. Normalean harremanik izaten ez duten pertsonek jatorri ezberdineko emakumeekin harremana izatea baliatzen zuen erakusketa honek. Prozesuak berak zein erakusketak merezi zuela iruditu zitzaigun».

Orain herritarren txanda da. Zerkausiko beirateak egunotan azaltzen duen ikuspegi ezberdina ikusi; kristaletan zintzilik dauden argazkiei erreparatu, Tolosaldeko gizarte aniztasunaz ohartu eta artelanaz gozatzea da egin beharrekoa. Bide batez, emakume errealei erreparatzeko aukera ere bada Ari gaitun erakusketa. 

Tarana Karim (Kamera aurrean): «Nire mundua liburua da»

Tarana Karim Azerbaijanen jaio bazen ere, Hernialden bizi da. Ari gaitun erakusketan bere mundua islatzen dela azpimarratu du.

Nolakoa izan da foku baten aurrean jarri eta orain irudia Tolosako Zerkausian zintzilik ikustea?

Tolosaldean dagoen emakume aniztasuna islatzea da erakusketaren ideia, emakume bakoitzaren bizitza, norberaren interesak. Nire argazkian liburuak agertzen dira, nire mundua liburua baita. Erakusketaren ideia oso interesgarria iruditu zitzaidan, batik bat gizarteari begira, jendeak kalean ikus dezan, jakin dezan, gizarte honen parte garela. Bakoitzak dakiena egiten du, gustatzen zaiona. Gizarteari gizartearen aniztasuna erakusteko modua da.

Gustura emaitzarekin?

Bai. Serio samar azaltzen naiz baina ondo dago. Islatzen du argazkilariek aurkeztu zuten ideia, nire bizimodua islatzen du.

Zure egunerokotasunaren argazki bat badela esan daiteke?

Nire helburua hori da, egunero zerbait ikasi behar da. Ez da biharko utzi behar gaur egin daitekeena, egunero gauza txikiak egin behar dira. Poz-pozik nago. Eskerrak eman behar dizkiet argazkilariei.

Aukera izan duzu gainontzeko argazkiak ikusteko?

Buelta pare bat eman dut detaileak ikusteko. Lagun batzuk ere ageri dira paretan zintzilik eta euren bizitza islatuta ikusten da. Beste batzuk ez ditut ezagutzen baina argazkiak politak dira. Adineko emakume bat dago eta argazki hori asko gustatzen zait, katuekin dagoena ere... Badaude argazki politak, lan oso ona da. Oso ideia ona da gizartea gizarte aniztasunaz ohartzeko.

Miriam Jimenez eta Daniel Antonio (Kamera atzean): «Ideia emakume guztiak bertan islatuta ikustea da»

Miriam Jimenez eta Daniel Antonio Targazkiko kideak dira. Ez dira ordea Zerkausian zintzilik dauden argazkien egile bakarrak; guztira 13 argazkilarik hartu dute parte eta gainera «elkarteko beste kide ia guztiak, modu batean edo bestean, daude proiektu honetan inplikatuta». Miriam Jimenezek eta Daniel Antoniok erakusketaren inaugurazio ekitaldian hitz egin zuten Tolosaldeko Ataria-rekin.

Zer nolako sentsazioa duzue behin lana eginda eta emaitza Zerkausiko kristaletan zintzilik ikusita?

Miriam Jimenez: Goizetik –inaugurazio eguna– urduri egon naiz baina orain jada erakusketa inauguratu dela, urduritasuna kentzen ari da. Oso ondo joan da; oso pozik nago jende asko gerturatzen ari dela ikusita.

Gustura hasierako proiektutik emaitza eskuartean ikusi bitarteko prozesuarekin?

Daniel Antonio: Polita da ikustea erakusketak Tolosan atentzioa deitu duela. Jende asko gerturatzen ari da erakusketa ikustera, jendeak galdetzen du ea zer den eta zer egin dugun. Hori norberarentzat pozgarria da.

Nondik sortu zen lan hau egiteko ideia?

D.A.: Targazki Tolosaldeko argazkilari amateurra da eta beti saiatzen gara proiekturen bat eskuartean izaten, gure afizioa garatzeko. Oraingoan erretratuak landu ditugu, izan ere, erretratuak egitea oso zaila iruditzen zaigu, erretratatzen uzteko jendea aurkitzea benetan zaila da. Erretratuaren ideiatik Tolosaldeko gizartearen erretratu bat egitea atera zen.

Ondoren, proiektuak bizitza propioa hartu du eta eboluzionatzen joan da. Eboluzioetako bat erretratatu beharrekoak emakumeak izatea izan da. Emakume horiek gainera kaleko emakume ezezagunak izatea erabaki genuen. Hau da, benetako emakumeak, eguneroko bizitza kalean egiten dutenak eta ez medioetan eta argazkietan ikusten diren emakume tipo horiek.

Eboluzio gehiago ere egon da proiektuan hasieratik amaiera bitartean. Saiatu gara jatorri ezberdinetako emakumeak bilatzen, arazo ezberdinak dauzkatenak, bizipen ezberdinak, jatorri ezberdinak, adin ezberdinak. Nolabait Tolosaldeko erretratu bat marraztu nahi izan dugu. Azkenean Zerkausian zintzilik dagoen emaitzarekin amaitu dugu.

Hamahiru argazki eta hamalau modelo ageri dira.

D.A.: Zaila izan da modeloak lortzea. Hamalau modelo lortu ditugu, hamahiru argazki daude argazki batean bi modelo ageri direlako –salbuespen bakarra da, modeloetako bi, bikiak izanik, biak elkarrekin agertzen dira argazki berean–.

Modelo errealak direla aipatzen duzue eta gainera egunerokotasunean ageri dira argazkietako emakumeak.

M.J.: Ideia hori ere bada, emakume guztiak bertan islatuta ikustea. Gizartea nola osatzen den irudikatu nahi izan dugu, modeloak kaleko jende normala dira. Emakume oro bertan islaturik ikustea nahi dugu.

Aniztasun hitzak erakusketarekin erabateko lotura du.

M.J.: Egungo gizartean gauzak nola dauden ikusirik garrantzitsua da ikustea kultura guztiak ezberdinak direla, eta egungo gizartean elkarrekin bizi garela, elkarbizitza bat osatzen dugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!