«Denon egitekoa da proiektu hau aurrera ateratzea»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 24a, 10:54
Belauntza, Elduain, Leaburu-Txarama, Lizartza, Ibarra, Berastegi eta Berrobiko udal arduradunak, eta Atariako Urdapilleta eta Murua.

Atariak Ibarraldeko 7 udalekin sinatu du lankidetza hitzarmena

Asteartean Anoetaldea eta Aiztondoko 9 udalekin egin bezala, Ataria, atzo, Ibarraldeko 7 herritako udal ordezkarirekin bildu zen datozen urteetarako sinatutako lan hitzarmenaren harira. Helburua argia da: euskararen normalizazioan urratsak ematen jarraitzea. Bide horretan ezinbestekoa da euskarazko komunikabideen jarduna eta eskualdeko udal gehienek babestu dute Tolosaldeko Komunikazio Taldearen proiektua.

Zentzu horretan Ataria azpi eskualdez azpi eskualde ari da biltzen udal ordezkariekin, eta atzo, Ibarraldeko txanda izan zen.
Lan hitzarmena 2015-2017 urteetarako da eta honen arabera, Tolosaldeko Komunikazio Taldeak eta udalek, elkarlanean, hedabideen alorrean euskararen erabileraren normalizazio lanak bideratuko dituzte. Lan hitzarmena sinatzen duten udalek Tolosaldeko Ataria egunkaria, Ataria Irratia eta webgunea babesteko konpromisoa hartzen dute, hortaz.

Ibarraldea Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa eta Ibarrak osatzen dute. Ibarrak, Berrobik, Berastegik, Lizartzak, Orexak eta Leaburu-Txaramak sinatu dute hiru urterako lan hitzarmena, Elduainek urte betekoa eta Belauntzak datozen egunetan erabakiko du zer egin.
Komunikazio proiektua indartze aldera, hortaz, udalek eta Atariak informazioa trukatzeko eta herrietako eragileen parte hartzea bultzatzeko konpromisoa hartzen dute.

«Ataria oso gertukoa da»
Atzo Ibarran egindako bileran proiektuaren nondik norakoen berri eman zien Jexux Murua kudeatzaileak bertaratutakoei; 2014ko ibilbidearen eta 2015eko aurreikuspenen inguruko datuak eman zituen. Udal arduradunek, euren aldetik, Atariaren inguruko iritziak, kexak eta iradokizunak egiteko aukera izan zuten. Lizartzako alkateak, Begoña Balerdik, Ataria oso gertukoa den produktua dela esan zuen, «baina nola egin gizarteari harpidetza ordaindu behar dela adierazteko?», galdetu zuen. «Denon egitekoa da proiektua hau aurrera ateratzea», gaineratu zuen. Belauntzako Mariano Lazkano alkateak herrian Ataria oso gustura irakurtzen dela esan zuen.

Kontsumo moduak aldatu dira
Ibarrako udaletxean bildutakoek tokian tokiko albisteak, gertukoak, euskaraz jasotzea ezinbestekoa dela adierazi zuten, baina ohiturak aldatuz doazela eta komunikabideak kontsumitzeko modu berriak ireki direla aipatu zuten. «Belaunaldi gazteek beste ohitura batzuk ditugu, behar bada paperean baino mugikor edo ordenagailuen bidez irakurtzen ditugu albisteak, eta hori ere aztertu behar da. Ataria etxeko postontzian jasota baino, mugikorrean irakurtzen dugu», esan zuen Berastegiko Aritz Mujika alkateak.

Elduaingo alkateak, Izaskun Kerexetak, herri txikietako banaketan dauden arazoak konpondu beharraz mintzatu zen; «okinarekin dauden arazoak ekiditeko posible al da giltzatutako kaxak jartzea aukeratutako guneren batean?», galdetu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!