Lankidetzan sakontzeko gogoa eta borondatea

Jon Miranda 2015ko api. 22a, 20:52

Euskararen normalizazio bidean ekarpena egitea da 'Tolosaldeko Ataria'-ren helburua eta Aiztondo bailarako bederatzi udalek bat egiten dute euskararen biziberritze eta berreskuratzeko asmoarekin.

Horregatik sinatua dute lankidetza hitzarmena euskarazko komunikazio taldearekin. Atzo, lankidetza giro hori sendotu eta 2015eko lan lerro nagusiez hitz egiteko Amasa-Villabonako udaletxeko pleno aretoan elkartu ziren Ataria-ko arduradunak eta udal ordezkariak.

Iazko urtean zehar jarri ziren komunikazio proiektu bateratuaren lehen oinarriak. Lan taldea eta antolaketa egonkortzearekin batera, azken hilabeteetan pausoak eman dira komunikazio eskaintzaren kalitatean sakontzeko. Hedabideen bilakaera azkarra kontuan hartuta, gertatzen diren aurrerabideak etengabe aztertu eta beharrezko hobekuntzak egiteko konpromisoa hartua du Tolosaldeko Ataria-k. Marka gizarteratu eta harpide sarea zabaltzearekin batera, herri guztietan banaketa sistema hobetzeko neurriak hartu dira azken hilabeteetan.

Norabide horretan, Adunan eta Zizurkil Goian, berriki, papereko produktuak zabaldu eta banatzeko sistema berria jarri da martxan. Gisa honetako bideak probatuko dira Aiztondoko beste hainbat herri txikitan ere.
Hernialde, Anoeta, Irura, Alkiza, Asteasu, Larraul, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako udalek argi dute komunikazio proiektua indartu behar dela. Orain arte bezala, informazio jarioa sistematikoki trukatu eta  herriko eragileen parte hartzea bultzatzen jarraituko dutela hitz eman dute.

Aiztondoko Udalek proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko diru ekarpen zuzena ere egingo diote Tolosaldeko Ataria-ri. Amasa-Villabona, Anoeta, Aduna eta Irurako udalek hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute eta urtebetekoa Alkiza, Asteasu, Larraul, Zizurkil eta Hernialdeko Udalek.
«Lankidetza giro honekin jarraitzea da gure asmoa; euskararena elkarrekin egin beharreko bidea da eta sinergiak aprobetxatzea ezinbestekoa da aurrera egin nahi badugu», esan zuen atzoko bileran Xabier Saizar, Tolosaldeko Ataria-ko ordezkariak.

Amasa-Villabonako udaletxeko hitzorduan udal ordezkariek egoki baloratu zuten, oro har, ataria-k egiten duen eskaintza. Josu Amilibia Adunako alkatearen hitzetan «gure ikuspegia eman eta gauzak aldatzeko proposamenak luzatu ditugunean gure iritzia aintzakotzat hartua izan da eta hori eskertzekoa da».
Lankidetzan sakontzeko borondatea badago. Eskualdeko gainerako hedabideekin elkarlana bideratzea eta bailarako kazetariaren erreferentzialtasuna lortzea izango dira aurrera begirako erronkak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!