Gaur argitaratu dituzte, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udal eta Foru Hauteskundeetan beren burua aurkeztuko duten hautagaien
behin-behineko zerrendak. Horrela, eta, kontaketetan hasteko eguna maiatzaren 24a izanagatik, botoak zenbatu aurreko zenbakiek ere azaleratzen dituzten hainbat bitxikieria.
Datu orokorrekin hasteko, Tolosaldean, guztira, 68 zerrenda izango dira datozen hauteskundeetan eta, herritar hautetsien zerrendekin batera, lau alderdiren artean osatu dituzte 68 hautagaitzak.
68 hautagaitza horietan zerrendaburuen sexuari begiratuz gero, berriz, gizonezkoak dira nagusi Tolosaldean: 46 gizonezko alkategai aurkeztu dira, eta 22 emakumezko alkategai. Eta joera berbera errepikatzen da hautetsien artean ere: %36,16a emakumeek osatzen dute, eta %63,83a gizonek.
Euskal Herria Bildu da eskualdean zerrenda gehien aurkeztuko dituen alderdia, 20 hautagaitzarekin. Duela lau urteko hauteskundeetako datuei begira jarriz gero, hautagaitza kopurua mantendu du koalizioak, orduan ere Bilduk 20 zerrenda aurkeztu baitzituen; aipatzekoa da, Albizturren Aralarrek aurkeztu zuela udalerako hautagaitza.
EAJri dagokionez, berriz, aurten 2011ko Udal eta Foru hauteskundeetan baino zerrenda bat gehiago aurkeztuko dute eskualdean; 10 hautagaitza aurkeztuko dituzte aurten, eta 9 izan ziren azken bozetan.
Oreka mantendu du PSE-EEk ere, duela lau urteko zerrenda kopuruari erreparatuz gero; bai orduan eta bai aurten, 16 zerrenda osatu dituzte Tolosaldean.
PPk, berriz, beherakada nabarmena jasan du aurten, eskualdean aurkezturiko hautagaitzei dagokienez. Izan ere, 2011ko hauteskundeetan Tolosaldeko 28 herrietan hautagaitza bana aurkeztetik, 11 zerrenda aurkeztera igaro dira.
Azkenik, alderdi politiko zehatzen izenean aurkezten ez diren hautagaitzak ere badira eskualdean: herriko hautetsien zerrendak. Norbere izena hartuta, 11 izango dira, aurten, herritar hautetsiekin osaturiko zerrenda independenteak; azken Udal eta Foru Hauteskundeetan, guztira, 17 zerrenda osatu zituzten hautagaitza independenteek.
Aipatzekoa da, gainera, zenbait herritan hautagaitza independente bat baino gehiago aurkeztuko direla maiatzaren 24ko bozetara.
Bitxikerietan bitxienak
Hautesle erroldan dauden herritarrek aukera zabala izango dute beren botoaren norabidea aukeratzeko, zenbait herritan. Beste askotan, ordea, ideia-aniztasun hori murritza izango da maiatzaren 24an.
Horren adibide dira Altzo, Elduain, Hernialde, Orendain eta Orexa: hautagaitza bakarra izango dute herri horietako herritarrek, botoa emateko.
Albizturren, berriz, ez dute herritarrek osaturiko zerrendarik osatu, eta PSOE-EE eta PP alderdiek osaturiko hautagaitzak soilik izango dira.
Herri-politika egiteko aukeren artean bakar bat ere ezingo dute aukeratu, ordea, Baliarraingo gizon-emakumeek: ez da hautagaitzarik aurkeztu bertan.
Zerrendak herriz herri