Liburuaren Eguna ospatzeko ekitaldiak egingo dira gaur

Ataria 2015ko api. 23a, 08:00

Gaur ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta hainbat ekitaldi antolatu dira Tolosaldean.

Datorren urtean, gaurko egunez, 400 urte beteko dira, William Shakespeare eta Miguel de Cervantes hil zirela. Hain juxtu, data hori, apirilaren 23a hartzen da oinarritzat Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko.
Tolosako Udal liburutegian gaur, BookCrossing gunean liburuak askatuko ditzute. Liburu bat istorio bat ekimenean parte hartzen dutenek ere sorpresatxoa jasoko dute Liburuaren Nazioarteko Egunean. Bestalde, apirilean zehar maileguan liburuak hartu dituztenen artean  sortak zozketatuko dituzte.
Haur liburutegian, berriz, piruletak banatuko dituzte zerbait mailegatzen dutenen artean eta ostiralean Miriam Mendozaren eskutik ipuin kontaketa saioa izango da, 18:00etan, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat.
Eskualdeko beste hainbat herritan ere egin dituzte ipuin kontaketa saioak egunotan eta gaur Irurako liburutegian 4 eta 7 urte arteko umeentzat Bapatean Zirkok Ipuin lotsatiak emankizuna eskainiko du, 17:30etan hasita.
Irakurketa sistema ez dute bakarrik liburutegiek osatzen, sortzaileek, editoreek, saltzaileek ere badute zer esana gaurko egunaren inguruan. Maitane Legarretak Tolosako Elkar liburudendan egiten du lan: «Egia da krisiaren eraginez salmentak behera egin dutela. Hala ere, euskarazko liburuen salmentak mantendu direla esango nuke. Gaur, %10eko beherapena egingo dugu liburu guztietan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!