LABek Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egin du

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 22a, 17:50

Sindikatuko ordezkariz inguratuta eskaini dute gaur, prentsaurrekoa

Sindikatuak manifestazioa egingo du Langileen Egunean, Tolosan, 12:00etatik aurrera.

Maiatzaren Lehena izango da datorren astean eta LAB sindikatuak Tolosan, 12:00etan Trianguloatik abiatuta, deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu du langileria. Langileen Nazioarteko Egunari begira, urtero bezala, Euskal Herri osoko eskualdeetan deituko ditu  mobilizazioak, 20 mobilizaziotik gora, hori baita sindikatuaren «militantzia aktibatzeko eta motibatzeko modua», sindikatuko Laida Zubillagak esan duenez.

Tolosaldean Tolosan egingo dute manifestazioa eta langileak parte hartzera deitu dituzte, izan ere «milaka langile LABek esateko duena entzutera etorri baino askoz ere emankorragoa da langileak eta langileon aldarrikapenak plazara ateratzea».

Sindikatuko Tolosaldeko arduradunak, Oihana Lopetegik, bere aldetik Maiatzaren Lehena ez dela ospakizun egun bat esan du: «Ez dugu ezer ospatzeko, baina badugu zertaz harro egon, baditugu harro egoteko arrazoiak».

«Harro gaude langileak garelako. Gu gara Euskal Herria aurrera ateratzen dugunak, izan ere, langilerik gabe ezinezkoa da herri bat aurrera ateratzea», azaldu du. Gobernuak, ordea, langileria «mespretxatzea eta inolako mugarik gabe zapaltzea erabaki du, gutxi batzuen mesedetan herria pobretuz», gaineratu du Lopetegik.

Harro egoteko beste arrazoi bat eman du Lopetegik: «Borrokatzen dugun langileak gara». «Hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean hamaika lanpostu suntsitu dituzten agintari politikoen ahotik enplegua sortuko dutela eta lanaren defentsa egingo dutela entzuten dugu. Orain arte ordea, langileak bakar bakarrik aritu gara lanpostuak defendatzen, aipatu politikoek sinatzen zituzten lan-erregulazio txostenen kontra borrokan, onartzen zituzten erreformen aurka borrokan, eta zerbitzu publikoen kalitatea ziurtatzeko borrokan».

LABek 40 urte
LAB sindikatukoak izateagatik ere harro daudela esan du Lopetegik eta gainera, aurten, badutela berezitasunik, sindikatuak 40 urte betetzen baititu. «Ez dugu ezkutatuko harro gaude lau hamarkada hauetan LABek Euskal Herrian egin duen borrokagatik, askapena ekarriko digun bidean egin duen ekarpenengatik, eta milaka eta milaka langilek LABen ikusi dutelako zapalkuntzaren kontra borrokatzeko tresna egokia», esan du.
Datua ere eman du: sindikatuak 2010ean Tolosaldean %40,9ko ordezkaritza zuen, eta 2014an %43,6ra igo zen. Eskualdeko lehen indarra da beraz.


Eredu berria
Laida Zubillagak 40 urte hauetako eskarmentua dutela ere esan du, baina ez dela nahikoa: «Indarra behar dugu, garaipenak lortzeko bide egokiak bilatzen jakin beharra daukagu, erasoen aurrean benetako harresiak eraikitzeko eraginkorrak izaten jakin beharra dugu». Hori dela eta, sindikalgintza eraberritzeko asmoa dutela azaldu du.

Urteurren honetan hortaz, sindikalgintza egiteko eredu berri baten inguruko eztabaida egiten ari dira sindikatu abertzalean, «orain hasi eta hurrengo biltzarrean itxiko dugun eztabaida». «40 urte hauek heldutasuna eman digute, aurrera begiratzeko oinarri sendoa. Guk handitzen eta indartzen jarraitu nahi dugunez sindikatua eta sindikalgintza eraberritu behar dugula uste dugu. Langileei borrokarako eskaintza eraginkorrak emateko sindikalgintza egiteko eta ulertzeko modu berria behar dugu eta hori da LABek eskaintzen duena», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!