Baratze parkeetan aholkularitza eskaintzeko Furgobaratza

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 22a, 10:04

Anoeta, Tolosa eta Alegiako baratze parkeetara bisita egingo du hilean behin ekimen ibiltariak

Duela lau urte inguru Kutxa Ekoguneak elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzearen alde egin eta Baratze Parkea Sarea egitasmoa jarri zuen martxan Gipuzkoako hainbat udalerritan. Alegian, Anoetan eta Tolosan dauden parkeak sarean txertatuta daude. Hemendik aurrera zerbitzu berri bat jasoko dute bertan: Furgobaratza.

Ezaguna da herri baratza hauen funtzionamendua: Udalek sustatuta herritarrek lur sail bat alokatzeko aukera izaten dute, bertan barazki ekologikoak landu ditzaten. Autokontsumorako izaten dira bertatik jasotako barazkiak. Amalia Virto, Kutxa Ekoguneko teknikariak azaldu bezala, «baserri munduarekin lotura gutxi duten herritarrak, kaletarrak, izaten dira normalean, eta askotan baratzearekin nondik hasi ez dute jakiten». Behar horretaz jabetuta hasi ziren hasieratik aholkularitza eta ikuskaritza lanak egiten.

Baratze Parkearen ekimena zabaltzen joan den heinean beharrak biderkatu egin dira. «Gaur egun, Gipuzkoako 10 udalerritako baratzak daude sarean sartuta eta denetara iristeko asmoz jarri dugu martxan Furgobaratza».

Erakargarria eta identifikatzen erraza izango den tresna bat baliatu nahi zuten Kutxa Ekogunetik. Kimu Bat enpresarekin egiten dute lan eta elkarlanean prestatu dute furgotena ibiltaria. Hilean bisita bat egingo du baratza bakoitzera eta urtean bederatzi izango dira guztira. Baratze parke bakoitzeko ohar taulan iragarriko dute bisita.

«Interesa duten herritarren partzeletara gerturatuko da Furgobaratzako teknikaria eta zalantzak argitzeaz gain, arazoei konponbidea ere proposatuko die». Orain arte, Gipuzkoan mintegi bakarrak eskaini ditu hazi ekologikoak eta horiek lortzeko zailtasunak izan dituzte baratzazainek. Ekogunetik irtenbidea ematen ari zaio kontu honi eta landare ekologikoak herritarren eskura jartzen ditu Furgobaratzak. «Beste zerbitzu batzuk kontratatzeko aukera ere ematen zaie, hala nola, lurra prestatzeko edo hondakin begetalak birrintzeko. Inguruko landaretza garbitzeko laguntza beharrez gero ere, ekimen berriak ematen du horretarako aukera», dio Virtok.

Apirilean hasi du bere martxa Furgobaratzak eta dagoeneko egin ditu lehen bisitak Anoetara, Tolosara eta Alegiara. Maiatzaren 2an berriz ere itzuliko da Tolosako Baratze Parkera eta teknikariak bertan egongo dira, goizez 11:00etatik 13:20etara. Alegiako Baratze Parkera berriz, maiatzaren 15ean egingo du bisita arratsaldez, 18:00etatik 19:40etara. Anoetan martxan jarri berri dute baratze parkea eta Furgobaratza bertan izango da maiatzaren 21ean.

Sareko kide izatearen abantailak

Baratze Parke sareak urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditu, dinamizazio tailerrak, ikastaroak eta tailerrak egiten dira maiz. Anoeta, Tolosa eta Alegiako parkeetan baratza duten herritarrek bertan parte hartu ahal izango dute. Aldiro-aldiro antolatutako ekimenen inguruko informazioa ekarriko du Furgobaratzak. Beste funtzio bat ere izango du ekimen ibiltariak: ikuskaritzarena. Baratze Parkeko egoera egokia bermatzeko helburuarekin baratzaz baratza arazoak identifikatu eta gerta daitezkeen arazoentzat konponbideak proposatuko ditu eta txostena helaraziko die udal arduradunei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!