Senideei zitazioak ematea salatu du Etxeratek

Imanol Garcia Landa 2015eko apirilaren 17a

Jon Mintegiaga ibartarra urtarrileko operazioan atxilotu zuen Guardia Zibilak. M. IRAOLA

Presoen defentsa juridikoaren aurka egiten dela dio presoen senideen eta lagunen elkarteak.

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, «70 preso politikoren senide baino gehiago deituak izan dira deklaratzera Guardia Zibilaren Intxaurrondoko eta La Salveko polizia etxeetara, urtarrilean emandako abokatuen aurkako eta defentsa juridikoaren aurkako operatiboarekin lotuta». Tartean dira ere Tolosaldeko presoen senideak. Horren harira, Etxeratek defentsa juridikoaren eskubidearen aurkako kanpaina «ozen» salatu du: «Senideak maniobra horren aurrean kokatu nahi ditu».
Elkartetik  senide horiei guztiei, bere «babes eta elkartasun guztia» helarazi diete, «Guardia Zibilaren presentziak beraiengan sortu dezakeen kezka eta larritasunaren kontziente izanik». Aldi berean, beraiei laguntzeko prestutasuna agertu du Etxeratek.
Hiritarrez jantzitako guardia zibilek eman dizkiote senideei zitazioak, beraien etxeetan zuzenean aurkezten, zenbait kasutan gaua zenean ere, Etxeratetik jakinarazi dutenez. Senideek zitazioak jasotzen jarraitzen dutela diote, eta, beraz, zehaztutako senide kopuru hori handituko dela aurreikusten dute elkartetik.
Tolosaldeko 16 preso daude Espainiako eta Frantziako estatuko kartzeletan, gehienak Espainiako Estatuan. Hain justu, azken hauen senideei ematen ari zaizkie zitazioak.  
Etxeratek gaineratu duenez, aurrerago gai horretaz guztiaz «sakonago mintzatu eta informazio osatuagoarekin balorazioa» egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!