Anoeta eta Tolosa arteko bidegorria eraikitzen hasiko da aldundia

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko apirilaren 16a

Oposizioak proiektua onartu ez badu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste partida batzuetatik dirua bideratu du bidegorrira, "egitasmo garrantzitsutzat" baitute; 2016ko urtarrilerako prest izango da.

Tolosa eta Anoeta elkartzen dituen errepidean bidegorria eraikitzen hasiko dira, azkenean, maiatzean bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontuko egitasmoetako bat zen, baina aurrekontua ez zuten onartu eta, beraz, partida bereziak sortu zituzten, proiektu estrategikoak aurrera eraman ahal izateko: Inbertsioetarako Kreditu Gehigarrien Foru Araua. Oposizioak ezezkoa eman zion arau horri eta, eta bidegorriaren proiektua finantziaziorik gabe geratu zen, Tolosako nahiz Anoetako udaletan desadostasuna sortuz.

BBNNetako tira-biren ondoren, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak "esfortzu berezi bat" egin nahi izan du, beste zenbait partidetatik dirua azpiegitura horietara bideratuz.

Maiatzean bertan ekingo diete lanei, eta obra Urbycolan enpresari esleitu diote, 845.890 euroren truke. Enpresa horrek zortzi hilabeteko epean amaitu beharko ditu Belate auzoa eta Anoeta batzen dituen bidegorriko lanak eta, horrela, 2016ko urte hasierarako erabilgarri izango da azpiegitura.

2.460 metroko bidea

Bidegorri berria Tolosako Belate auzoko bidegorria amaitzen den puntuan hasiko da, eta 2.460 metro izango ditu, guztia. Aipatzekoa da, lehen 480 metroetan behin-behineko egokitzapena egingo diotela bideari, izan ere, lehendik aurreikusita dago tarte horretan Larramendi eta Belate lotuko dituen zubia egitea; zubiaren azpiegitura osatzerakoan biribilduko dute, beraz, zati hori, behin betiko bidegorria eraikiz.

Hasierako zati horren ondoren, berriz, errepideko erraiak estutu egingo dituzte bidegorria eraiki ahal izateko; 3 metroko zabalera izango duen bidea egokituko dute, oinezko-txirrindulari erabilera partekatuz.

Azkenik, behin Hernialdeko bidegurutzera iritsita, bidegorriak 4 metroko zabalera hartuko du, eta oinezkoek eta bizikletek bina metro izango dituzte zabalean, Anoetara bitarte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!