Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu dute 17 udalerrik

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 16a, 09:19

Euskararen aldeko hautua egitea eskatu dute 2014ko errenta aitorpenaren kanpainan

2014ko errenta aitorpena egiteko epearen barruan, Uemak Ogasunarekiko harremanak euskaraz egiteko deialdia zabaldu du. Deialdiarekin bat egin dute mankomunitateko kide diren Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orexa eta Tolosa herriek eta Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Ibarrako udalek.

Udalerri hauetan errenta aitorpena euskaraz egiteko eskuorria banatu da egunotan. Tramite hauek egiteko aukera bakoitzerako bidea agertzen du idatziak.

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela esanez gero, aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkio herritarrari.

Modu mekanizatuan ere egin daiteke aitorpena. Kasu honetan, hitzordua hartzerakoan Ogasunarekin harremanak euskaraz nahi direla adierazi daiteke. Aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan daitezke, horrela eskatuz gero. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daiteke.

Internetez egiteko bidea da beste aukera. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu beharko da. Aholkularitzaren bat aukeratzen bada, espresuki adierazi beharko da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Badira errenta aitorpena beste modu batera egiteko aukerak. Finantza erakunde batera jotzen dute herritar askok horretarako. Kasu horretan ere, eska daiteke euskaraz egitea.

Egunotan kanpainarekin bat egin duten herrietan banatu dituzten eskuorrietan, errenta aitorpena euskaraz egiteko hiztegitxoa txertatu dute. Besteak beste, atxikipen, hobari, mailegu eta sortzapen hitzen gaztelaniazko ordaina ematen da orrian.

Aurreko urteetako arrakasta
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, UEMAren barnean dauden udalerrietan iaz 19.756 hiritarrek —%24,8ak— egin zuten errenta aitorpena euskaraz, 2013an baino 1.229 gehiagok. Horietako 3.903, Tolosaldeko biztanleak izan ziren. Tolosan, esate baterako, herritarren %20,89ak egin zuten errenta aitorpena euskaraz, 2.000ko muga gaindituz.

Kanpainaren bitartez, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi du Uemak. Bide horretan, «errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea». Udalerri euskaldunetako herritarrak eredu eta aitzindariak izan daitezkeela uste du Uemak.

Gipuzkoako Ogasunak 380.000 aitorpen tramitatzea espero du kanpaina honetan. Aurten, 230.000 autolikidazio proposamen baino gehiago bidali dira eta horiek onartzeko epea ekainaren 25ean bukatzen da. Bestalde, gaurtik ekainaren 5era errenta mekanizatuko txanda hartzeko aukera izango da eta bihartik ekainaren 25era arte mekanizatutako eta Internet bidezko aitorpenak aurkeztu ahal izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!