Euskal presoen senideak deklaratzera deitu dituzte

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 16a, 08:41

Kapitalen zuritze delitu batengatik deitu ditu Guardia Zibilak; Tolosaldean 16 euskal preso daude

Azken egunotan Guardia Zibila dozenaka euskal presoren senideei  deitzen ari da Donostiako Intxaurrondoko koartelean deklaratzeko. Tolosaldean 16 euskal preso daude eta oraindik datu zehatza ezagutzen ez bada ere, Atariak jakin duenez senide bat baino gehiagori iritsi zaio deklaratzera joateko hitzordua. Batzuei eskuz entregatu diete eta beste batzuei telefonoz jakinarazi. Etxeratek datozen egunetan emango ditu datu gehiago.

Lekuko modura
Guardia zibilek kapitalen zuritze delitu batekin lotutako auzi baten harira deklaratu behar dutela esan diete euskal presoen senideei. Abokatuen ustez, urtarrilaren 12an abokatuen aurka egindako Mate izeneko operazioarekin izan lezake lotura neurriak. Operazio hartan Ibarrako Jon Mintegiaga Minde atxilotu zuten. Eloy Velasco epaileak bidali zuen espetxera, 2013an Velascok berak ezarritako baldintzak ez betetzea egotzita. Soto del Real espetxean dago orain.

Mate operazioan guztira 16 pertsona atxilotu zituzten: EPPK-ko presoen defentsa lanetan aritzen ziren hamabi abokatu eta Herrira-rekin lotu zituen beste lau pertsona; guztiak kapitalak zuritzea egotzita inputatu zituzten.

Itxura guztien arabera, auzi horretan presoen senideek azalpenak lekuko modura ematea nahi dute orain guardia zibilek.

Atxiloketak martxoan
Gogoratu behar da era berean, pasa den martxoan euskal presoen senideen Etxerat elkartearen eta presoen osasuna zaintzen lan egiten duten profesionalen Jaiki Hadi elkartearen hainbat kide atxilotu zituela Guardia Zibilak.

Jon Ijurko Etxerateko kideak esan zuenez, kasik zain zeuden: «Urtarrileko abokatuen kontrako polizia operazioaren ondotik, Jaiki Hadi eta Etxerat jarri zituzten jomugan eta bagenekien hau posible zela». Orduan ez zuten eskualdeko inor atxilotu.

Euskal presoen babeserako elkarteen kontrako laugarren polizia operazioa izan zen martxokoa eta polizia iturriek Pastor izenez bataiatu zuten operazioa. Urtarrilean atxilotu zituzten euskal presoen abokatuen kontrako polizia operazioaren jarraipena litzateke, eta hari, berriz, urtebete lehenago eginiko beste batek eman zion bide.

2014. urteko urtarrilean Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak atxilotu zituzten, besteak beste. Presoen kolektiboak izendatu zuen Mintzaidetza Lanetarako Taldeko kideak ziren. Hilabete batzuk lehenago, Herrira mugimenduaren kontra jo zuen Espainiako Gobernuak.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, «ETAren kartzeletako frontearen kontrako» operazioa da gaurkoa. Haren arabera, presoen inguruan lan egiten duten erakunde «desberdinen» koordinazio gunean parte hartzen zuten. Ez zuten zehazten erakunde horiek zeintzuk diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!