Tolosaldeko alkategai gehiago ezagutarazi ditu EAJk

Ataria 2015ko api. 13a, 15:53

Asteasun Luke Uribe-Etxebarria izango da zerrendaburua, eta Ikaztegietan, berriz, Patxi Uranga.

Atzo Tolosan egin zuten agerraldian Tolosaldeko hautagai gehiago aurkeztu zituen EAJk. Jakinak ziren dagoeneko Olatz Peon (Tolosa), Marian Lazkano (Zizurkil), Kepa de la Iglesia (Anoeta), Ana Leunda (Irura), eta Itziar Jauregiren (Ibarra) hautagaitzak, eta atzo beste bi aurkeztu zituzten jeltzaleek: Luke Uribe-Etxebarriarena Asteasun, eta Patxi Urangarena Ikaztegietan.

Ekitaldi horretan bertan Joseba Egibar eta Markel Olano ere izan ziren. Gipuzkoarako ahaldungaiak azaldu zuen "industria sarea babesteko konpromisoa" duela, "gazteen etorkizuna zuzenean lotuta dagoelako lan egonkorra bermatzearekin". Zentzu horretan, krisiaren eraginez Tolosaldeko enpresak "egoera larrian" daudela esan du Olanok, baina "itxaropen zantzuak" egon badaudela.

Horretarako "administrazioak enpresen ondoan egotea eta babesa ematea" ezinbestekotzat jo du EAJk, eta bide horretan ezker abertzaleak izan duen "utzikeria jarrera" salatu dute. “Enpresak indartsuak badira, aberastasuna sortzen dute eta kalitatezko gizarte politikak bermatzen dira” esan du Olanok.

Bestalde, GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, ziurtatu du “Gipuzkoak norabide aldaketa behar duela herritarrek ez dutelako bat egiten ezker abertzalearen proiektu politikoarekin ez eta bere gobernatzeko moduekin”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!