Zubi lanak, euskararenak

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko api. 11a, 10:00

Lan merkatuari begira euskarazko komunikazio gaitasunak hobetzeko egitasmoa da Euskara plus, eta Banaiz Bagara elkartea eta Lanbide lankidetzan ari dira proiektuan.

Komunikazioa, lana, gizarteratzea. Gaur egungo gizartearen kezka nagusietako zenbait dira hiru horiek, tresna batekin zein bestearekin osa eta bidera daitezkeenak. Denak bide bakarrean lerratu, eta helburuetara iristeko lanean dihardute Euskara plus egitasmoaren bidez, euskarazko komunikazio gaitasunak lan merkatuari begira hobetuz.

Banaiz Bagara elkartearen proiektua da, eta Jaurlaritzako Lanbide zerbitzuak zein Gipuzkoako Aldundiak jarri dute beren alea. Horrela, Euskara plus-ek ekin dio bideari Hernanin eta Errenterian, eta Tolosaldeko Lehiberri zentroa proba baten aterpe izan da hiru hilabeteotan.

"Euskara ikasi berri dutenentzat nahiz ikasten ari direnentzat egitasmo egokia da, bertakoa izan edo etorkina izan", azaldu du Banaiz Bagara elkarteko arduradun Petra Elserrek. "Euskara erabiltzea eta lanerako etekina ateratzea da jomuga".

Eta horretan ari dira, hain zuzen, Madiagne Diagme, Abdelillah Kroutt, Adama Diarra-Ndiaye eta Bhabendra Bhandari. Lau istorioren izen-abizenak dira horiek, baina, bide batetik zein bestetik, guztiek topo egin dute euskararekin.

Kroutt marokoarra da, eta badira jada lau urte inguru Tolosan bizi dela: "Hizkuntzak gustuko ditut, eta euskara oso polita iruditzen zait, gainera". Banaiz Bagara elkartearen bitartez hasi zen oinarrizkoa ikasten, eta Aitzol udal euskaltegian matrikulatzea erabaki zuen ondoren. Gaur egun, hirugarren mailako eskoletan ari da: "Euskarak lanerako balio du, aukera gehiago eskaintzen dituelako. Gainera, hemen bizi garenez, ezinbestekoa da euskara jakitea".

Senegaldarra izanda ere, euskara bere gisara ikasten hasi zen zen Diagme. Gaur egun euskaltegian ari da, oinarrizko maila hori hobetzen eta, era berean, Banaiz Bagara elkarteko kudeatze lanetan ere aritzen da.

Diagmek herrikidea du Diarra-Ndiaye. Beasainen bizi da, eta ez da sekula aritu euskaltegian; Banaiz Bagara elkarteko taldetxoetan barneratu du euskaraz komunikatzeko duen gaitasuna: "Nire ustez oso-oso garrantzitsua da euskara ikastea eta euskara baliatzea eta, are gehiago, Euskal Herrian bizi eta bertan lan egin nahi izanez gero. Egia esan, zail samarra iruditzen zait, baina hizkuntza guztiek dituzte zailtasunak. Borondatea eta gogoa jarrita, gauza asko ulertu eta zenbait gauza esatera iritsi naiz, eta oso pozik nago". Azkenik, euskarara hurbildu eta hizkuntza erabiltze horretan lehen pausoetan da Bhandari nepaldarra: "Donostian bizi naiz, eta horregatik ari naiz ni ere euskara ikasten".

Askori eredugarri izango zaio etorkin horien guztien jarrera; lanerako tresnatzat daukate euskara, baina elkarbizitzarako ere ezinbesteko dutelako hurbildu dira euskararen unibertsora.

Izaskun Iturbe Lehiberriko enplegu zentroko arduraduna da, eta argi dio euskal herritar askok ez dutela ikuspegi bera euskararen inguruan: "Gaztelera hutsean bizitzera ohitu da jende asko, eta ez dute ikusten, lan eskaintza baten aurrean, horrek aukerak murrizten dizkiela. Dena den, ezin da orokortuko; izan ere, etorkinak bezalaxe, hemen ere bada gogoa eta borondatea duen jendea".

Lanerako gogoa eta umorea

Hizkuntza berri bat ikasteak segurtasun falta sor lezake hastapenetan, eta, zer esanik ez, lan elkarrizketa batean. Oztopo txiki baina esanguratsu horiei aurre egiteko trebakuntza ere eskaintzen die parte hartzaileei Euskara plus programak. "Lehenbizi, norbere prestakuntza eta lan esperientzia azalduz hasi ginen, eta jakintza horiei etekina ateratzeko bideak jorratu genituen ondoren: zer lehenetsi, zeri eman balio handiagoa... Ondoren, curriculum egokiak sortu genituen, euskaraz, eta Lansarean-en ere izena eman dute guztiek. Azkenik, komunikazio gaitasun horiek jorratu eta norbere burua kontrolatzeko, zenbait egoera antzezten aritu gara egunotan, lan elkarrizketetako hiztegia erabiliz eta rolak definituz", dio Elserrek.

Gomendio eta lanketa horren gainetik, ordea, euskararekin gora egite horretan, bada laurei indarra ematen dien zerbait: norbere akatsak umorez hartzea. Ahaleginari irribarrez ekiten diote, eta, beraz, itxaropentsu daude beren lan etorkizunari dagokionez ere.

Kalez kale salmentan aritzen dira batzuk; Banaiz Bagararekin, baina, soldatzaile izateko edo eraikuntzaren esparruan igeltsero lanetan aritzeko prestakuntza dute. Bide horretan, Iturbek helburuak zehazteari berebiziko garrantzia eman dio: "Epe motzeko eta epe luzeko helburuak jarri diezazkiokegu geure buruari, eta benetan lortu nahi dugun lan hori iritsi bitartean sor litezkeen eskaintzei erantzun".

Euskara plus ari da lehen fruituak ematen, eta Lehiberriko taldeko emakume batek ezin izan du elkarrizketan parte hartu, lana lortu baitu jada, euskaraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!