Boga-Bogak ateak itxiko ditu

Maier Ugartemendia 2015ko api. 11a, 12:00

Goenkale azken hogeita bat urte hauetan euskaldun askoren etxeetan sartu da egunero hasieran eta astean behin azken aldian. Tolosaldean ere presentzia handia izan du telesailak, arlo ezberdinei lotuta; bertan parte hartu duten eskualdeko hiru herritarrek bertan bizitako esperientziari eta telesailaren amaierari buruz hitz egin digute.

Nork ez ditu izan inoiz bere etxeko telebistaren beste aldean Maria Luixa eta Kaxkurrio? Txapas eta Sara? Edo Kandido eta Alizia? Goenkale telesaila euskal herritar askoren bizitzako parte da. Zenbaitek ez dute euren bizitza ezagutzen Goenkalerik gabe. Izan ere, ez dira alperrik pasa 21 urte. 1994. urriaren 3a zen, begiak eta belarriak adi-adi genituela Kattalin amonaren pauso tristeak Arraldeko kaleetan barrena ikusi genituela. Ordutik 3.707 atal eta 1.854 emisio ordu igaro dira, baina 21 urteren ondoren, urte honen amaieran zikloa amaituko du ETB1eko telesailak; otsailean grabatu zuten azken kapitulua. Boga Boga mitikoak ateak itxiko ditu.

Zalantzarik gabe, Tolosaldean ere presentzia handia izan du 21 urte hauetan Goenkalek. Batetik, ikusle kopururik handiena gipuzkoarra zelako, eta horien artean kokatzen zirelako Tolosaldeko herritar asko. Bestalde, eskualdeko aktore eta profesional ugari izan direlako urte hauetan telesailean lanean; batzuk kamera aurrean eta besteak atzean. Eta gainera, hasiera batean, telesaila Euskal Telebistaren Miramongo estudioetan soilik grabatzen bazen ere, kaleko irudiak sartzen hasi zirenean, Tolosa izan zelako irudi horiek grabatzeko agertoki azken urteetan.

Hortaz, Goenkaleren eta Tolosaldearen arteko lotura egiten duten hainbat kontu daude. Tolosaldeko aktore mordoa aritu dira Goenkalen lanean, baina produkzio lanetan, edo kameralari, gidoilari, soinu teknikari asko ere Tolosaldekoak izan dira.

Profesionalen zerrenda luzea izan bada ere, Tolosaldeko Atariak arlo ezberdinetan lan egin izan duten hiru profesional bildu ditu. Izan ere, telesailean urte askotan parte hartu duten Joseba Usabiaga, Olatz Etxeberria eta Kepa Errastirekin hitz egin dugu. Eurek Goenkalen esperientzia ugari bizi izan dituzte, eta sortze prozesuko arlo ezberdinetan egin dute lan. Edonola ere Goenkale profesional askorentzat «eskola» izan dela argi dute hirurek.

Lehen pausoak Goenkalen

Eskola garrantzitsua izan da pertsona askorentzat Goenkale. Lehen pausoak bertan eman dituzte, egun bestelako proiektu handietan parte hartzen duten aktore askok ere. Usabiaga, Etxeberria eta Errastiren kasuan ere, Goenkale ikasgela moduko bat izan da.

Joseba Usabiaga tolosarra 2001. urtean iritsi zen Goenkalera. Askok oraindik bere pertsonaiaren ezizena zen Tximista deiturarekin identifikatzen dutela onartzen du. Iker Galartza aktoreak eman zion castingaren berri: «Ibarrako festak ziren, goizeko 03:00ak ziren, hurrengo egunean 10:00etan castinga zegoela esan zidanean. Hurrengo egunean, 09:00etan etxera deitu zidan eta joatea erabaki genuen». Biharamunak on egingo zion agian, edonola ere castingean aurrera egin zuen. Ordutik aurrera, hamaika denboralditan Tximistaren paperean sartuta ibili zen Usabiaga: «Hasieran nire pertsonaia trapitxero bat zen, eta janzkera ere horrelakoa zen. Kartzelan sartu zuten, bertan birgizarteratu eta hortik aurrera pertsonaia aldatu egin zen». Usabaiagaren ustez berea ez zen «joko handiko» pertsonaia, baina «lagunen laguna» zen eta tabernari lanetan ere aritu zen. Beraz, «tabernariek izaten dituzten elkarrizketak» izaten zituen.

Olatz Etxeberria berastegiarra, berriz, 2006an iritsi zen Goenkalera. Andoainen ikus entzunezko produkzio ikasketak egin zituen, eta praktikak egiten ari zela Goenkaleko denboraldia amaitu zen, Balbemendi izeneko telesail berrian egin zituen ondoren praktikak, eta Goenkaleren denboraldi berria hasterakoan bertara itzuli, eta bertan egin ditu bederatzi urte. Goenkaleren azken urteak gertu-gertutik jarraitu ditu Etxeberriak. Azken hilabeteetan amatasun baja dela eta, hilabete batzuetan ez da bertan izan, baina azken kapituluak grabatzerako lanera itzulita zegoen, eta hortaz, amaiera bertatik bertara jarraitu du. Hasierako urteetan kanpo grabaketetako arduradun modura aritu zen Etxeberria: «Baimenak eskatu, filmazioan arazoren bat bazegoen kontrolatu, aktoreei lana planifikatu…». Azken hiru urteetan, platoko arduradun aritu da. Lan horren barruan egiteko asko kokatzen dira, eta horregatik arlo ezberdinak gertutik ezagutzea eragin dio horrek Etxeberriari.

Kepa Errasti Aretxabaletakoa da izatez, baina hamar urte daramatza Tolosan. Ia Goenkalen egin zituen adina urte. Izan ere, bertan eman zituen bederatzi urte; aktore bezala lehenik eta gidoilari moduan ondoren. 2003an eta 2004an pasarteren bat edo beste grabatzen izan bazen ere, 2005ean hasi zen Alex pertsonaia interpretatzen, bizitzako momentu berezi batean iritsi zitzaion aukera: «Pausokarekin interpretazio ikastaro bat egin nuen 2001-2002an. Ikastaroaren amaiera casting bat litzatekeena grabatu genuen. 2005ean casting ofiziala egiteko deitu zidaten, orduan Madrilen nengoen, bertan ikasketak egitea erabaki nuelako. Casting horretarako ikastarorako grabatutako materiala erabili zuten. Bi egunetara aukeratua izan nintzela esateko deitu zidaten. Dena bat-batean izan zen». Aipatu bezala, lehenik aktore lanetan aritu zen, hiru urte jarraian egin ondoren, kanpoan hilabete batzuk egin eta itzultzean elkarrizketa batzuk idazten hasi zen. Orduan ere, kasualitate kontuak izan ziren tartean. Izan ere, kazetaritza ikasi zuen eta aktore zebilela, gidoilari ikastaro bat egin zuen. Bertan film labur baterako gidoia prestatu zuen, Goenkaleko euskara zuzentzaileari errepaso bat emateko eskatu zion. «Kasualitatez» dialogoak egiten zituen pertsona bat gutxiagorekin geratu ziren, berriro ere froga egin, eta horretan hasi zen. Lehenago aktore lanetan aritu izanak elkarrizketetako «kodigoa edo hitz egiteko modua errazago menderatzen» lagundu zion. Lan egiteko modua ere oso desberdina zen, izan ere, elkarrizketak idazten aritzen zenean etxetik egiten zuen lan, eta «hilabete eta erdiko» aurrerapenarekin idazten zituen: «Bakoitzak bi kapitulu, hau da, hogeita hamalau sekuentzia sei egunetan idatzi behar zituen». Lotura eta jarraipen estuena euskara zuzentzaileena eta gidoi koordinatzailearena izaten zuten. Hala ere, Errastik argi du bera «aktore» dela, eta gidoilari lanetan «pila bat» ikasi bazuen ere, «askoz gehiago disfrutatzen» du aktore bezala.

Goenkalen barneratuta ibili dira hirurak, eta urte mordoa egin dituzte bertan. Hala ere, hirurak lehenago ere Goenkaleren jarraitzaile izandakoak direla onartzen dute, «batez ere hasieran» diote. Hasierako fenomeno hura hirurek bizi izan zuten, nahiz eta gero hain gertutik ez jarraitu. Edonola ere, hiruren bizitzan eragin nabarmena izan du Goenkalek, bai maila profesionalean eta baita maila pertsonalean ere. Etxeberriak dio Goenkalen «familia handia» osatua zutela, «oso gustura» sentitzen zen egiten zuen lanarekin eta izugarri gustatzen zitzaion, baina pertsonalki ere asko eman dio telesailak «lagun asko» egin baititu bertan: «Etxekoak bezala ginen». Horregatik, Goenkaleren amaierak denei eragin die: «Nik ez nuen espero horrenbeste eragingo zidanik amaierak, eta lankideekin hitz egin eta berdina gertatu zitzaiela esango nuke». Errastik ere argi du Goenkalek «kristoren» eragina izan duela bere bizitzan. Alde batetik, beste lan batzuk egiteko «tranpolina» izan delako, eta bestetik «horrelako abiaduran eta martxa horretan lan egiten» ikasi zuelako. «Oso esperientzia polita» izan zela dio Errastik. Gainera, bera hastean dozena bat aktore berri sartu ziren telesailan, eta denak «bertigoarekin» sartu zirenez, elkarri «babes handia» eman ziotela gogoratzen du; ondorioz, «harreman handia» sortu zuten. Usabiaga 18 urte zituela iritsi zen Goenkalera eta bera orduan «oso itxia eta lotsatia» zela gogoan du, horregatik hasieran jendea berari begira sumatzen zuenean ez zitzaiola «gustatzen» dio. Bera lehenago Poxpolo eta konpainiarekin lanean aritua zen, baina bat-batean 200.000 ikusle zituen telesail batean parte hartzeak zalantzarik gabe zuzenean eragin zuen hain lotsatia zen Usabiaga gaztearen bizitzan. Hala ere, «ilusio handia» egin zion Goenkalen parte hartzeak, eta horrelako proiektu batean parte hartzeak «aktore batek eduki dezakeen ametsa» dela dio.

Talde handiaren lana atzetik

Goenkalen bizitzako une asko dituzte gogoan Joseba Usabiagak, Olatz Etxeberriak eta Kepa Errastik. Une gaziagoak eta gozoagoak bizi izango zituzten, edonola ere guztiak euren oroitzapenen kaxan gordeta dituzte. Hainbat kontu eta abentura. Askotan esaten da zenbait ikuslek Goenkaleko pertsonaiak herriko bizilagun moduan hartzen dituztela, eta zenbaitetan bertan geratutakoa errealitatean gertatutakoarekin nahasten dutela. Usabiagak ere badu horrekin lotuta anekdota bat. Telesailean hasi eta laster, espetxean sartu zuten Tximista, bere pertsonaia, eta bere amonak gurasoen etxera deitu omen zuen «erdi negarrez» eta kezkatuta, eta aitak gainera baieztatu egin omen zion. Hurrengo astean, Usabiaga amonarekin elkartzean «errieta» egin omen zion, egindakoagatik. Halaber, gogoan du behin hiru minutuko eszena bat «guztiz inprobisatu» zutenekoa, edo baita tolosarra izanik inauteri batzuetan «gaupasaz», parrandatik zuzen-zuzenean grabatzera joandakoa ere. Etxeberriak ere grabaketekin lotutako abenturak ditu gogoan anekdotei buruz hitz egiterakoan. Hain zuzen ere, bere zereginen artean zegoen figuranteak lortzea. Zarautzen grabaketa bat egitekoak ziren, eta marokoar baten anaiarena egiteko norbait behar zuten. Etxeberriak aurreko egunean fingurante zerrendako pertsona bat lotu zuen. Egunean bertan, ordea, konturatu zen berak lotutako marokoarra «beltza» zela eta, aldiz, telesailean bere anaia izango zena «kafesne kolorekoa» zela: «Denak urduri jarri ziren, inork ez baitzuen sinistuko anaiak zirela. Orduan kalera joan nintzen, buelta bat eman nuen eta lehenengo ikusi nuen marokoar bati esan nion etortzeko, eta horrela moldatu ginen. Gero parra egiten genuen, baina hasieran tentsio handia izan nuen».

Estudioetatik kanpo egindako grabaketek oroitzapen bikainak utzi izan dizkiete Goenkaleko partaideei, Etxeberriak eta Errastik gogoan dute lantalde osoa Marbellara joan zenekoa. Lehenago Diseyland Parisera edo itsasbidaia bat egitera joanak ziren, baina Etxeberria eta Errastiri Marbellara joatea egokitu zitzaien. Astebete bertan grabaketak egiten eman zuten. Euskal Herrian negua zen, eta han «eguzkitan» ibili ziren; hotel handi batean «ia bakarrik» egon ziren. Gainera, Errasti eta beste aktore bati sekuentzia gutxi grabatzea egokitu zitzaienez, batetik bestera ibiltzeko aukera izan zuten. Edonola ere lantalde osoaren artean sortu zen «giroa» dute biak gogoan.

Aisirako tarteak izan bazituzten ere, Goenkalen lana etengabea izaten zela gogoratzen dute hirurek. Erritmo bizian egiten zen lan, eta Etxeberriak dioenez askotan aktore berriei «kosta egiten zitzaien» erritmoa hartzea. Goizeko 06:45ean eta 07:00etan joaten ziren aktoreak makillajea eta arropa prestatzera. Hamabost minutuko entseguen ondoren, platora joaten ziren grabaketak egitera. Bitartean beste batzuk entseguak egiten zituzten eta gero horiek grabatzen zuten. Sekuentzia bakoitzarekin hogeita bost minutu pasatzen zituzten, eta egunero hamalau sekuentzia grabatzen zituzten. Aktoreek entseguak egiten zituzten unetik errealizadoreak eta zuzendariak adi egoten ziren «aginduak ematen».

Eguneroko gaiak gure etxeetara

Aipatu bezala, Goenkale 21. denboraldia emititzen ari da egun, eta horrek esan nahi du urte guzti hauetan arrakasta izan duen produktua izan dela. Arrakastaren gakoei buruz galdetuta, Usabiagak uste du hasieran jendeari Goenkalen kontatzen ziren «historia arruntak» gustatzen zitzaizkiola: «Taberna giroa, familiako kontuak…». Bera Goenkalen parte hartzen hasi zenean ere oraindik «historia arruntak» kontatzen ziren, eta ikusleen datuak ikusita historia horiek «gustatu» egiten zitzaizkiela ondoriozta zitekeen. Uste du Goenkalen, telebistan oro har gertatzen den moduan, audientziak markatu duela telesailaren jarraipena, eta Goenkalek audientzia «oso onak» izan ditu. Azken urteetan hori aldatzen joan da. Usabiagaren ustez batetik, 2007tik aurrera historiak «aldatu» egin zirelako, nahiz eta eboluzioa «pixkanaka» eman den. Bestetik, telebistan ere eskaintza «zabaldu» egin delako, eta oso serie onak eskaintzen direlako.

Errastik uste du Goenkale hasi zenean, telesaila «aitzindari» izan zela, egunero fikzioa egiten zen lehen aldia baitzen. Jendea «engantxatzea» lortu zuen, eta jendea «ohitu» egin zen Goenkale ikustera. Eta zenbaitek «inertziaz» ohitura hori mantendu duela uste du Errastik. Etxeberriaren ustez ere, arrakastaren gakoa «gaur egungo gaiak» kontatzean datza: «Oso herrikoia izan da eta jendeari iritsi zaio». Hala ere, gaiak eta audientzia aldatzen joan dira, eta Etxeberriak dio zergatia argi ez badute ere, aurten audientzia «bereziki» jaitsi dela.

Amaieraren ondoren zer?

Beti esan izan da, gauza guztiek dutela bere hasiera eta amaiera, eta gezurra badirudi ere, Goenkale benetan amaitzekoa da 2015eko abenduan. Hogeita bat urtetan telesaila jarraitu dutenek eta ikusle izan direnek albistea triste jaso dute. Zenbaitek bere haserrea ere adierazi du, eta Goenkale ez ixteko mugimenduak ere izan dira interneten. Goenkalen bertan lan egiten zutenek ere, alde batetik «haserre» eta bestetik «triste» jaso zuten berria. Olatz Etxeberria «amatasun bajan» zegoela, langile guztiak bilera batera deitu zituzten, bera ere bertara joan zen. Bertan eman zieten Goenkaleren amaieraren berri, eta jada zenbait «zurrumurru» entzunak zituzten arren, albistea kolpe gogorra izan zen. Langileek ezin dute ulertu «hainbeste urte daramatzan serie batekin, audientziari begira egotea telebista publikoa». Gainera, «langile asko» kalean geratzea eragin du Goenkaleren itxierak, 80 inguru. Beraz, «haserre» eta aldi berean «triste» sentitzen dira. Errastik ere Goenkalen lan egiten duten pertsonengan pentsatu zuen Goenkaleren amaieraren berri izan zuenean, eta sentimendu «kontrajarriak» ere eragin zizkion. Batetik «pena» eman zion eta «inpresioa» sentitu zuen, hainbeste denboran lanean aritutako telesaila amaituko zela ikustean. Baina, bestetik, «sinistu» nahi du «horrek bultzada emango diola hurrena etorriko denari». Hala ere, audientziak gutxitu zirela eta itxiko zenaren zurrumurruak iaztik entzuten hasiak omen ziren, eta alde horretatik ulertzen du gauzak ez direla «betiko» izaten, eta Goenkaleren unea iritsi dela.

Usabiaga ere ez zen «harritu» Goenkale itxiko zela prentsaren bidez jakin zuenean. «Audientziazalea» dela dio, eta hortaz, Goenkalen jarraitu ez arren beste hainbat programaren artean telesailaren audientzia ere jarraitzen zuen eta «hilero hamarrenak jaisten» ari zela ikusi zuen. Albisteak «pena» eman ziola dio, baina berak ere uste du gauzek bere “ibilera eta bukaera” izaten dutela, eta Goenkaleren amaiera iritsi bada ere aurrera begira beste proiektu batzuk sortuko direla uste du. Hain zuzen ere, badirudi Goenkale ETBrekin egiten zuen Pausoka Produkzioak ekoizpen enpresak «hitzartuta» daukatela beste telesail bat. Usabiagak aktore bezala dio pertsonaiak egiteko «ezinbestekoak» direla telesailak, eta horregatik «gustatuko» litzaioke telesail gehiago izatea. Etxeberriak eta Errastik ere uste du euskarazko telesailak sortzen jarraitu beharko litzatekeela. Errastik argi du «fikziozko gauza berriak» sortuko direla. Baina, hirurek argi dute ez dela Goenkale bezalako produkzio handirik berriro egingo. Orain produkzio «txikiagoen» alde egiten delako, eta produktuak egiteko aurrekontuak «murriztu» egin direlako.

Azken finean, badirudi aurrera begira ere fikzioa sortzen jarraituko dela, eta euskarazko telesailak sortzen jarraituko dutela. Baina, argi eta garbi dago Goenkale bezalako beste telesail bat sortzea oso zaila izango dela. Batetik, Goenkalek gizartean izan duen eragina errepikatzea oso zaila delako, eta bestetik hainbeste urtetan iraungo duen produktu bat sortzeak ia ezinezkoa dirudielako gaur egun.

Edonola ere, abendua iristen denean Goenkalezale guztiak azken aldiz sofan jarriko dira, azken kapitulua, lehen kapitulu hura ikusi zuten emozio berberarekin ikusteko. Horrela, agurtuko dituzte hainbeste urtetan euren etxean izan dituzten aktore eta pertsonaia guzti horiek, eta hain bere sentitzen duten Boga-Boga tabernaren ateak ixtearekin batera, betiko itxiko dute euren bizitzetan horren atal luzea izan duen telesaila.

Euskara, arraldetarren ahoan

 

Goenkaleko historiaren parte izan diren Joseba Usabiagak, Olatz Etxeberriak eta Kepa Errastik bereziki azpimarratu dute telesailak euskarari eman dion lekua eta garrantzia. Usabiagak dio euskarari «jarraipen handia» egiten zitzaiola, eta euskara zuzentzaileei esker «asko zaindu» izan dela. Etxeberriak ere gogoan du zuzentzaileek gidoiak «errepasatzen» zituztela euskara zuzen erabil zedin, eta platoan bertan ere aktoreak grabatzen zuten bitartean beste zuzentzaile bat elkarrizketak entzuten egoten zela dio «zuzenketak» egiteko. Usabiagak, umorez dio Goenkalen egon zen urteetan ez zuela esaldi «bat ere» gaizki esan euskaraz.

Gainera, Goenkale euskaragatik «erreferente» izan dela uste dute. Hizkuntza «formal bat» jendearengana helarazten saiatu direla uste du Errastik. Esate baterako, Usabiagak ETBn hitanoa ez zelako entzun Goenkale erabiltzen hasi zen arte. Usabiagak berak dio hitanoa erabiltzen Goenkalen ikasi zuela, ordura arte entzuna bazuen ere ez baitzuen erabiltzen. Hala ere, nahiko erraz moldatu zela dio, eta egun naturaltasun osoz erabiltzera iritsi da. Errastik berak ere «hitano formala» Goenkalen ikasi zuela dio. Hizkuntzarekin lotuta, badira aktoreak euskararekin arazoak izan dituztenak eta testuak ikasteak zailtasunak eragin dizkienak Etxeberriaren esanetan, baina bestalde ba omen dira aktoreak euskaraz batere ez dakitenak, baina aktore «oso profesionalak» direnez testua «buruz» ikasten dutenak. Horren adibide da, Lupe pertsonaia egiten duen Tania de Roberto aktorea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!