Hastear dira aldundiak sustatutako partaidetzako aurrekontuen tailerrak

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 9a, 10:55
2014ean egindako parte-hartze aurrekontuen Tolosaldeko azken saioa urrian egin zuten. ITZEA URKIZU

Aurrekontutik bi milioi euro datozen lau urteetan zertan erabili erabaki ahalko dute herritarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzako aurrekontuak jarriko ditu martxan aurten ere. Aldundiaren aurrekontu osoaren zati bat herritarren esku utziko da, beraiek erabaki dezaten zein diren garatu beharreko proiektuak. Eskualde bakoitzak bi milioi euro jasoko ditu datozen lau urteetan inbertitzeko. Tolosaldeari dagokionean, Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean partekatzen dute proiektuaren gidaritza, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz. Egitasmoaren lehen urratsa herriz herri egingo diren tailerrak izango dira, eta eskualdean datorren astean hasiko dira.

Tailer horien garapena ondorengoa izango da: lehenik egitasmoaren aurkezpena egingo da, ondoren herritar bakoitzak Tolosalderako duen proposamen nagusia egiteko aukera izango du, proposamen horiek taldean aztertu eta landuko dira eta azkenik, Eskualdeko Talde Eragilerako boluntarioak eskatuko dira. Eskualdeko udalek dei egiten die herritarrei bilera horietan parte hartu dezaten, eskualdearen etorkizuna bideratzeko aukera eskaintzen duelako egitasmo horrek. Astelehenean hasiko dira tailerrak eta azkena maiatzaren 7an izango da. Eskualdeko herri guztietan egingo dira tailerrak (Leaburuko eta Gazteluko herritarrek batera egingo dute tailerra Leaburun).

Parte hartzeko beste aukera bat esku-orriak bete eta herriko bilketa guneetan uztea da edo www.aurrekontuahobetzen.eus webgunean sartuta. Ekarpenak egiteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

 

Tailerrak

Datorren astean eskualdean egingo diren tailerren zerrenda.

Apirilak 13, astelehena

Orexa. Udaletxeko ganbaran, 19:00etan.

Zizurkil. Atxulondo kultur etxean, 19:00etan.

Apirilak 14, asteartea

Alegia. Kultur etxean, 19:00etan.

Hernialde. Liburutegian, 19:00etan.

Apirilak 15, asteazkena

Anoeta. Udaletxean, 19:00etan.

Apirilak 16, osteguna

Ibarra. Kultur etxean, 19:00etan.

Leaburu eta Gaztelu. Leaburuko udaletxean, 19:00etan.

Apirilak 17, ostirala

Albiztur. Udaletxean, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!