Eskualdeko 10 bertsolari ariko dira Gipuzkoako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 8a, 13:53

Tolosaldeko Harituz bertsozale taldean aritzen diren 9 lagunek eman dute izena Gipuzkoako Txapelketarako: Mikel Artolak, Imanol Irazustabarrenak, Beñat Iguaranek, Oihana Iguaranek, Txomin Azpirozek, Haritz Mujikak, Unai Mendizabalek, Adur Gorostidik eta Iñigo Gorostarzuk. Udazkenean sartuko da txapelketara Jexux Mari Irazu.

Orixe sariketaren finala jokatu zen martxoaren 24an Añorgan. Hamabi bertsolarirekin abiatu zen sariketa eta bi kanporaketen ondoren, seikoteak kantatu zuen finalean. Tartean zen, Mikel Artola alegiarra. Azkenean, ordea, Arkaitz Oiartzabal Xamoa geratu zen txapeldun eta Nahikari Gabilondok egin zuen bigarren.

Bestalde, datorren larunbatean jokatuko da Osinalde sariketaren finala izen bereko Gabiriako elkartean. Hiru kanporaketa jokatu dira eta saio bakoitzeko bina bertsolari sailkatu dira finalera. Ordizian jokatutakoan lehen tokian sailkatu zen Oihana Iguaran amasarra. Berarekin batera larunbateko finalean Xabi Igoa, Eneritz Artetxe, Gemma Urteaga, Jon Gurrutxaga eta Eñaut Martikorena ariko dira.

Sariketa hauek guztiek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa prestatzeko balioko die bertsolari gazteei. Sailkapen fasea maiatzean hasiko da. 80 lagunek eman dute izena eta horietatik bederatzi Tolosaldeko Harituz bertsozale taldean aritzen dira.

Alegiatik Mikel Artolak eta Imanol Irazustabarrenak izena eman dute txapelketan; Amasatik beste bi ordezkari, Beñat Iguaran eta Oihana Iguaran. Txomin Azpiroz anoetarrak, Haritz Mujika asteasuarrak, Unai Mendizabal zizurkildarrak, Adur Gorostidi abaltzisketarrak eta Iñigo Gorostarzu Etxeorde berastegiarrak ere eman dute izena.

Sailkapen fasetik gutxi batzuk baino ez dute aurrera egingo, udazkenean jokatuko den txapelketara. Irailetik aurrera, eskualdeko beste ordezkari bat izango da txapelketan: Jexux Mari Irazu larrauldarra.

'Adio, Tolosa' saioa Andoainen

Andoainek burujabetza lortu zuela 400 urte betetzen direla-eta Adio, Tolosa saioa antolatu dute apirilaren 18an. Andoaingo Bastero kulturgunean izango da eta Jon Eskudero eta Ion Beloki andoaindarrekin batera, Zizurkildik Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi eta Amasatik, Oihana Iguaran eta Beñat Iguaran joango dira bertsotara.

Sarrerak 20 eurotan salgai dira ondorengo bi tokietan: Zizurkilen Iriarte jatetxean eta Amasa-Villabonan Amasa kafetegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!