Txotxongilo ikastaroa eta hainbat emanaldi, gazteenentzat

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 7a, 16:50

Aste Santua pasata, Pazko Astearen txanda heldu da, eta heldu askok egitekoak izango badituzte ere, gazteenek jai eguna dituzte oraindik. Egun hauetarako Belauntzan ludoteka jarri dute, eta Ibarran eta Tolosan emanaldiak eta ikastaro bat antolatu dituzte.

Belauntzan ludoteka zerbitzua jarri dute apirilaren 10a arte. Herriko 3 eta 12 urte arteko gazteek goizak eman ahal izango dituzte bertan.

Ibarran, aldiz, egitaraua prestatu dute ostirala bitarte. Gaur hasi dituzte emanaldiak Kiliklon taldearen Kortxea doktorearen abenturak antzezlanarekin. Bihar aldiz, bertsolaritzan murgiltzeko aukera izango dute gazteek. Hiru, bi, zast... egizu jolas emanaldia ikusi ahal izango dute 2 eta 12 urte arteko haurrek. Bertsoa, koplak, txotxongiloak eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia da, Hitzen Lapurra bertsotxongiloen jarraipena da, hain zuzen. Lankuren emanaldia eta helburua da haurrek hitzekin jolastera animatzea «koplak asmatuz, hitzak bilatuz eta irudimena landuz».

Etzi Madiber magoaren txanda izango da, eta ostiralean Kiki eta Koko pailazoek Irriparra barra-barra emanaldia eskainiko dute.

Tolosan, aldiz, txotxongiloak dira protagonista Topic zentroari esker. Ostirala bitarte txotxongiloen animazio ikastaroa egingo dute 09:00etatik 13:00etara, batetik, eta bestetik, aldizkako erakusketa berria ikusi daiteke. Hari guztiak eskuan erakusketa urria bitarte ikusi ahal izango da, eta bertan Asiako txotxongiloak ikusi daitezke, tradizioari lotura dutenetatik, garaikideagoak direnera arte. Txotxongiloak Damiët Van Dalsum konpainiarenak dira.
Bestalde, Tolosako Gaztetopaguneak antolatuta break dance ikastaroa, paintballera irteera eta zinema saioa izango dituzte aukeran gazteenek.

Egitarauak

Belauntza

  • Ludoteka. Hilaren 10a bitarte, 10:00etatik 13:00etara, ludoteka 3 urtetik 12 urte arteko haurrentzat. Aurrez izena eman dutenek bakarrik parte hartu ahal izango dute ludotekan.

Ibarra

  • Antzezlana, gaur. Kiliklon taldearen Kortxea doktorearen abenturak, 17:00etan, kultur etxean. 10 urterainoko haurrentzako ikuskizuna da.
  • Bertso jolasa, bihar. Hiru, bi, zast... egizu jolas! bertso emanaldia Lankuren eskutik, 17:00etan, kultur etxean, 2 eta 12 urte arteko haurrentzat.
  • Mago emanaldia, etzi. Madiber magoaren emanaldia, 17:00etan, kultur etxean.
  • Pailazo emanaldia, etzidamu. Irriparra barra-barra Kiki eta Kolko pailazoen emanaldia, 17:00etatik aurrera, kultur etxean.

Tolosa

  • Txotxongiloen animazio ikastaroa. Hilaren 10a arte Topic zentroan, 09:00etatik 13:00etara.
  • Hari guztiak eskuan, txotxongilo erakusketa. Topic zentroan adizkako erakusketa berria ireki du jada; Hari guztiak eskuan. Damiët Van Dalsum konpainiaren lanak urria bitarte ikusi ahal izango dira. Topic-eko arduradunek azaldu duenez, ikusleak Asiako txotxongilo tradizio garbitik garaikidetasun amorratuenera salto egiteko aukera izango du.
  • Break dance tailerra. Topaguneak antolatuta break dance ikastaroa, etzi, hilaren 10ean, ostirala, 17:30ean, doan.
  • Paintballera irteera. Topaguneak antolatuta paintballera irteera, hilaren 11n, larunbata. 10 euro ordaindu behar dira.
  • Zinema. Topaguneak antolatuta Capitán Harlock filma ikusi ahal izango da igandean, hilak 12, Leidorren, 17:00etatik aurrera, 2,5 euro ordainduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!