Armando Roca Europako txapeldunorde gelditu da

Asier Imaz 2015ko mar. 31a, 15:52

Maria Lasa Euskadiko selekzioarekin, Espainiako Kros Txapelketan.

Armando Roca Tolosa Atletismoa Taldeko kidea Europako txapeldunorde gelditu da 80 metrotan, beteranoen mailan. Tolosarra Polonian izan da, hain zuzen ere, Torun hirian. Finalaurrekoetan denbora hobena egitea lortu zuen Rocak, 9,69. Finalean 9,70 behar izan zituen 80 metroak egiteko, eta bigarren postua eskuratu zuen.


Urteak joan urteak etorri hor jarraitzen du Armando atleta beteranoak, gaztetxo baten ilusio eta kemena erakutsiz. Bere atleta ibilbidea luzea eta benetan ikusgarria da: Espainiako txapeldun hainbat aldiz, 100 eta 200 metrotan; 100 eta 4x100ko Espainiako errekorrak izan ditu; Espainiako selekzioarekin aritua; beteranoetan igarotako kategoria guztietan Espainiako txapeldun eta txapelketa internazionaletan dominak lortua. Laburbilduz, atletismoa bere osotasunean ezagutu duen atleta eta oraindik gerra ematen dabilena eta jarraituko duena. Zorionak Armando eta jarraitu horrela!

Bestalde, Maria Lasa asteburuan Guadalajaran izan da Euskadiko selekzioarekin, Espainiako Kros Txapelketan. Hemezortzigarren postuan amaitu zuen lasterketa Lasak. Kadete mailan, Euskadiko lehena izan zen. 3.000 metroko ibilbidea egiteko 11 minutu eta 39 segundo behar izan zituen Tolosa Atletismoa Taldeko kideak.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Eneida Saldiasen lorpena. Guadalajara ordezko bezala joan zen Saldias. Inor lesionatu ez zenez, ez zuen Espainiako Kros Txapelketan parte hartu. Baina bidaia aprobetxatuz, Madrileko Maratoi Erdian parte hartu zuen. Hain zuzen ere, Madrid Asics Maratoi Erdian, kadete mailan. 5 kilometroko lasterketa zen, eta Saldiasek bigarren amaitu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!