Huts gutxien egin dituen bikotea, irabazle

Jexux Murua 2015ko mar. 30a, 16:55

Artola-Albisuk 22-16 galdu zuten Ezkurdia-Zabaletaren aurka, binakako txapelketaren finalerdietako lehen partida.

Iñaki Artola: 

Tentsio handiko partida izan zen, eta huts gutxien egin zituen bikoteak irabazi zuen azkenean. Biko sendoagoa osatu zuten sakanarrek. Hurrengo partida, Berasaluze-Zubietaren aurkakoa, erabakigarria izango da Artola eta Albisurentzat.

Txapak hala aginduta, elastiko urdina zeraman Iñaki Artola alegiarrak ema zion hasiera partidari. Berak egin zuen lehen tantoa eskuinez, ezker paretara moztutako pilotakada indartsuarekin. Sasoi ikaragarrikoak izanik lau pilotariak, pilota azkar eta frontisetik oso urruti ibili zuten gehienean.

Bi atzelariek, egungo jotzaile handienak direla erakutsi zuten. Nor gehiago izateko ariketa horretan, hiru aldiz lortu zuen Albisuk Zabaletari huts egin araztea erreboteko zuloan; Zabaletak ere jarri zuen ataundarra antzeko trantzetan, behin baino gehiagotan, baina lortu zuen botibolea bidez ataka horietatik ateratzea.

Atzelarien jo horrek ikaragarri zaildu zuen bi aurrelarien lana, baina hala ere tanto sorta dezentea egitea lortu zuten batak zein besteak: 8 tanto egin zituen Iñaki Artolak jokoan, eta 7 Ezkurdiak. Tanto hauetako batzuk ikaragarriak izan ziren. Bat edo beste apartatzekotan, boleaz egindako bi hormakoak, bakoitzak bana. Edo Artolak ezker gantxoarekin egindako hirurak: ikaragarriak!

Tanto gehiago egin zituzten urdinek, Artola eta Albisuk, bien artean hamaika, gorriek zortzi egin zituzten bitartean. Baina galdu ere gehiago egin zituzten, bien artean hamalau, gorriek bost galdu zituzten bitartean. Hor egon zen gakoa: Sakanako bikoa gipukzoarrek osatua baina sendoagoa izan zen. Partida nahikoa aurreratu artean, jo beharraren beharraz, nahi baino gehiago galtzen ari zenean Albisu, Artolak eutsi zion partidari; Albisu zuzendu eta joko bolada oso gozoan sartu zenean, eta aurkariak estutzen hasi, Artolak ez zuen tenpleari eusten asmatu.

Huts asko samar izan zirela esan daiteke, baina abiada horretan jokatze hutsak izugarrizko meritua du eta, tartean-tartean, huts bat edo beste ez da arritzekoa. Espektakulua ematen dute mutil hauek.

Partida bukatuta, "amorrazita eta barrua sutan" zegoela esan zuen Iñaki Artola alegiarrak, partida amaieran behar bezala lagundu ez ziolako Albisuri. Hala da hori, baina ez luke ahaztu behar ordura arte berak eutsi ziola partidari. Astebete dauka, daukate, datorren igandeko partida prestatzeko. Azken egunera aukerekin iritsi nahi badute, partida hori irabazi egin beharra daukate. Biek jokatu beharko dute ondo. Eta aldi berean.

Tanto boladak: 1-1; 2-2; 3-3; 5-5; 6-6; 8-8; 14-8; 14-10; 16-12; 18-12; 18-16; 22-16.

Artola:  Eginak:  8 ;   galduak:5        +3
Albisu:   Eginak:   3  ;  galduak: 9       -6
Ezkurdia: Eginak: 7  ;    galduak 2      +5
Zabaletak: Eginak 1 :  galduak: 3        -2

458 pilotakada.

Mila eta berrehun ikusle bildu ziren Atano III frontoian. Ikusmin handia piztu zuen jaialdiak. Pilotari gehienak, 12tik 8, gipuzkoarrak ziren; horietatik lau Tolosaldekoak. Alegiarrak, amezketarrak, lizartzarrak, anoetarrrak, asteasuarrak … pilotazale asko eta giro bikaina.

Promozio Txapelketa: Jaka-Tolosa 22 Mendizabal-Urruzola 15

Jaka lizartzarrak eta Tolosa anoetarrak hasiera ona eman diote finalaurreko ligaxkari. Lehen partida hau irabazita hurrengoa lasaiago hartzeko moduan daude; Urruzola asteasuarrak eta Mendizabal III.ak nahita ez irabazi beharko dute hurrengoa.

Hasiera kaxkarra izan zuen partidak. Hamika tanto ikusi behar izan genituen egindako lehenengoa ikusterako. Hor egin zuen bere lehena Erik Jaka lizartzarrak. Hortik aurrera, berau izan zen partidako onena. Tanto asko egin zituen jokoan, zortzi, gehienak ezker aidez, jokaldi hau oso ondo menderatzen duela erakutsiz. Erasoan ondo eta defentsan hobeto aritu zen. Tolosa anoetarrak ere partida txukuna egin zuen, eta bost pilota galdu bazituen ere, sendotasuna erakutsi zuen jokoa ondo ikusiz, zuloak ondo betez, eta, aideko jokoan aurrerapenak egin dituela erakutsiz.

Sendotasun edo segida hori falta izan zitzaion Urruzolari; pilotakada handiak jo zituen, baina galdu ere behar baino gehiago. Honen alde esan behar da bere bikote Mendizabalek ez zuela egunik onena izan, tanto gutxi bukatu zituen, eta askotan salduta gelditu zen, eta lanak dezente pilatu zitzaizkion Urruzolari.


Tanto boladak: 2-6; 6-6;  6-9; 7-13; 8-16; 11-16; 13-21; 15-22

Jaka:     Eginak  8;    galduak 5
Tolosa:  Eginak 0;     galduak 5
Mendizabal: Eginak    4;    galduak 6
Urruzola:   Eginak    1;    galduak  8

Altuna III.aren beste garaipen bat

Jokin Altuna amezketarra eta Irustak 22-20 irabazi zieten Iribarria eta Merino I.ri. Partida horrek eman zion hasiera Donostiako jaialdiari.

Sakean koadro erdiko abantaila eman zion enpresak Iribarria profesional berriari; bigarren partida zuen eta 4 koadrotik aritu zen, Jokin Altunak 4 t'erditik ari behar izan zuen bitartean. Ondo baliatu zuten urdinek abantaila hori, hasieran. Irusta botera jarri ezinik hasi zen, erraztasunak eman zituen eta 12-4 jarri ziren Iribarria eta Mikel Merino. Orduan etorri zen Jokinen bolada. Ardura hartu zuen eta klase guztietako tantoak egin zituen, batik bat ezker gantxoarekin, baina baita dejadaz, buruz gain paseaz edo boleaz; ikusgarria hemeretzigarren tantoa, hiru t'erditik, ezker hormaren ondotik eskuin boleaz bi hormetara egin zuena. Azkenean 22 eta 19, eta garaipen bat gehiago amezketarrarentzat.

Tanto boladak:  4-12; 7-12; 13-13; 16-13; 17-17; 18-18; 21-18; 22-20

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!