Kalteen zerrenda luzea

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 29a, 12:00

AHTaren ibilbidea hartzen duten udalerrietako udalek, obrek eragindako kalteak bildu dituzte, zerrenda luze bat osatuz. Kexu dira udalerri horietako ordezkariak proiektuaren bultzatzaileek erakutsitako jarrerarekin.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrek hartzen dituzten udalerrien alkateen ordezkaritza bat izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, obra horiek udalerrietan eragindako eta eragiten ari diren kalteen berri emateko. Igaro Balda Hernialdeko alkatea eta Unai Iraola Alegiako alkatea izan ziren bertan. «EH Bilduk gonbidatu gintuen Batzar Nagusietara eta haien babesa nabarmena izan zen. Gainontzeko alderdien erantzuna obra hori babesten zutela izan zen, eta justifikatu egiten zutela, obra behar zela esanez», esan du Baldak. «Guk informazioa eman genuen. Zenbaitek aintzat hartuko dute eta lan egingo dute informazio horrekin. Beste batzuentzako informazio hutsa izango da eta agerraldia bere horretan geratuko da».

Josu Amilibia Adunako alkateak dioenez, «gure posizioa udaletik beti izan da proiektuaren kontrakoa. Gure ahalmenetik kanpo dagoenez hori gelditzea, saiatu gara obraren eraginak ahal den txikienak izaten». Horren adibide jarri du Adunan eta Zizurkilen aurreikusita zeuden betelan batzuk lekuz aldatzea. «Nekazaritza lurretan betelanak egitea aurreikusten zen. Batere zentzurik ez zuen: mapa hartu eta zuloa non ikusi eta hara botatzea erabaki zuten. Lortu genuen betelan horiek saihestea eta Miravalleseko meategira bideratzea».

Kalte horri beste irtenbide bat bilatzea lortu zen, baina orokorrean udaletatik «babesgabetasuna eta ezintasuna» sentitu dutela dio Amilibiak: «Azkenean makroproiektu bat da, onaren eta gaizkiaren gainetik dagoena, eta udalek egia esan ahalmen gutxi daukagu ezer egiteko. Sortzen diren kalteen inguruan beraiekin hitz egin eta horiek konpontzen saiatu. Baina beti gaude beraien nahiaren menpe». Unai Iraolak gaineratu duenez, «kontua ez da bakarrik kalteak izan direla, txarrena da gero horren ardura ez dutela hartu. Adibidez, hasieran esan zitzaigun jatorrizko egoerara itzuliko zirela mendiko bide eta pistak, eta ez dugu hori egiterik lortu».

 


«Informazio falta»

Jasotako kalteen zerrenda luzea da: eraikinetan, bideetan, ur geruzen lehortzeak, ubideetan arazoak, desjabetzeak, zaratak, errekan amuarrainak hilik, baimenik gabeko zundaketak eta aktibitateak, lur-sailetan zuloak… «Obra oso handia da eta geologikoki sekulako eragina du honelako ingurune aldapatsu eta euritsu batean», esan du Iraolak. «Espero gabeko lur mugimendu asko izan dituzte eta gero horiek konpontzeko obrak denboran luzatzea ekarri dute».

Kalteak ahal diren gutxien izateko lan horretan bitartekaritza «oso zaila» egiten zaiela azaldu du Iraolak: «Beraiek ardurak diluitu egiten dituzte: batzuetan Eusko Jaurlaritza da, besteetan ETS, besteetan azpikontratatutako enpresa, besteetan azpikontratatuak azpikontratatu duen enpresa,... Azkenean atzetik ibili behar gara eta lan asko egin behar da emaitza positibo gutxi jasotzeko». Bestalde, udalak eta herritarrak «beste errespetu batekin» tratatu behar dituztela gaineratu du Iraolak: «Badakigu herri txikiak garela, eta ez dugula indar handirik beraiei baldintzatzeko, baina erakunde artean beraiek esaten duten bezainbesteko errespetua badute, garrantzitsua litzateke formak mantentzea».

«Informazio falta eta komunikazio eza handia» dagoela salatu du Baldak: «Proiektu bat bidaltzen dizute, baina inork ez dizu esaten ez horrek zer eragin dituen, ez zer datorren, ez horren alde edo kontra udalak zer egin dezakeen... Azkenean inpotentzia sentitzen duzu, zure gainetik dagoen obra bat delako, eta zure hitzak ez duelako balio zu hitz egiteko prest egon arren. Udal bezala herriaren alde zuk egiteko duzu lan hori egitea oso zaila da». Obrarengatik kaltetuak diren herritarrak udalera jotzen dutenean ere laguntza handirik ez zaiola eman dio Baldak: «Udalera norbait etorri denean kaltetua edo desjabetze akta bat sinatu behar delako, edo zundaketa bat egin behar delako, guk ez dugu aukerarik izan herritar horri informazio zehatz bat emateko, udalak izan ez duelako».

Informazio falta horren beste adibide bat Hernialden sortutako zulo erraldoiaren inguruan gertatukoa dela dio Baldak: «Zuloa betetzen aritu dira hormigoiz, baina beste bat atera da. Lanean jarraitzen dute azpitik, baina erori egiten zaie, eta ez dakit zer irtenbide emango zaion, baina guri ez digute horren berririk eman. Eta orain asmoa omen da hormigoiez betetako zulo horiek lurrez estaltzekoa. Baina hori egiteko pistak ez dakigu nondik joango diren, zer eragin izango duten eta lur-jabeari nola eragingo dion. Informazio falta horrek jarraitzen du».

Hernialden obraren hasieran daudela eta beste herrietan gertatutako hainbat kalte ez dituztela dio Baldak, baina kezkak mahai gainean daudela gaineratu du, «beste udalerrietan eta tarteetan zer gertatu den ikusita».

Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundea da AHTaren obren ardura duena eta bere ustez egoera oso bestelakoa da: «Udal guztiekin harreman egokia eta arina dugu, kontrakoa pentsatzen duten pertsona edo elkarteak egon daitezkeen arren». Udal guztiei proiektuaren kopia bat eman zitzaiela esan du, eta «bilera bat edo informazioa eskatu diguten bakoitzean artatu ditugu».

Bestalde, ETSk ez du bat egiten alkateek errespetuzko harreman bat ez dagoela diotenean: «Tolosa-Hernialde zatiaren kasuan bi udalekin harreman ona izan da obra zuzendaritzaren bitartez. Horrez gain, erakunde mailan, udalen batek bilera edo informazioa eskatu duenean, modu egokian artatu zaio».

«Ez gaituzte entzun»

Tolosako Aldaba Txiki auzoan dago Bidaurreta baserria. «Goiz batean esnatu eta konturatu ginen urik ez genuela», azaldu du Bidaurretako Marian Angeles Alustizak. «Ur emari handia izan dugu betidanik Beheko iturrian eta inoiz ez zaigu falta izan». Tolosa-Hernialde zatiaren ardura zuena azaldu zen goiz horretan eta ez zekiela ezer esan zien, eta Alustizak erantzun: «Nik banekiela esan nion, iturburu horrek jaiotzen ikusi ninduela, eta behin ere ez dela gelditu». Obra hasi aurretik Eusko Jaurlaritzako Lurranek bulegoarekin kontaktuan jarri zirela dio Iosu Eguren Zabalak, Alustizaren senarrak: «Gure kezka azaldu genuen, nola plataforma eta iturria maila berdinean zeuden. Iritsi zen garaia, eta desjabetzeak egin ziren, eta guk iturburua salbatzearren kontratu bat onartu genuen». Iturburuarekin arazorik ez izateko, «lur zati handi bat utzi genien kontratu baten bitartez, non agintzen ziguten oso ondo eta gustura geldituko ginela lur zatia nola utziko ziguten ikusita», gaineratu du Alustizak. Iturria salbatzearren, «baso eder bat» utzi zuten, «baina gaur egun gaude ez baso eta ez ur». Urik gabe egun batetik bestera geratu ziren. «Ez genuen ikusi borondaterik iturria salbatzeko», dio Egurenek. «Abisatu genuen borondatearekin, eta inoiz ez dugu jaso guri entzuteko borondaterik».

Zundaketak egiten ari dira, ura nondik egongo den ikusteko, eta hor ere esandakoa gauza bat dela eta beste bat egiten ari direna dio Alustizak: «Kontraesanak ikusten ditut. Lehen zundaketak ez zituzten egiten, ur gutxiena zegoen garaian, abuztuan, egiteko, ura emango zuen putzua topatzeko. Eta orain, eurite handienak izan diren garaian egiten ari dira zundaketak». Ur biltegian hodi bat jarrita dute obrakoek, baina Bidaurretakoek ez dakite zein putzutatik ari diren betetzen. «Iturburua falta zaigunetik ez gara ausartzen ur biltegiko ura edaten».

Kamioi batek eraman die ur biltegira ura hiru urtetan zehar. «Askotan izan naiz ura gastatzeko beldurrez. Nahiz eta abisatu ura ekartzeko, kamiolariak ere beste lanak ditu eta berari ondo harrapatu arte estuasun dezente pasa ditugu». Bi astez behin deitu egin behar izaten zutela, eta uraren eskaera eta kudeaketa hori beti bere aldetik izan dela gaineratu du Egurenek: «Kamiolariaren eta obra arduradunaren atzetik ibili behar, ea telefonoa hartzen duten... Hori guztia pasatzea hiru urtetan zehar... Kudeaketa negargarria izan da».

Ez dute espero iturburua lehen bezala berreskuratzea. «Tunela enkofratu zuten, urak beste aldera bideratu zituzten, eta pasa dira guregandik lasai arren», dio Alustizak. «Guk pena handia dugu: kopuruan eta kalitatean oso konforme geunden, eta ez dugu espero parekorik».

Kontratuaren gaia auzitara eraman dute. Egun Espainiako Auzitegi Gorenean dago auzia, kasazioko helegite bat egin ondoren. «Kontratuan agintzen ziguten jasoko genuela gure lur saila hobetuta. Une honetan eskatzen dugu behintzat lehen zegoen bezala berreskuratzea», esan du Egurenek. «Gehienbat ekonomikoki aurrezteagatik, leku batean egin behar zuten larrialdiko tunel bat pasa dute beste leku batera guri desjabetze bat eginez, justu kontratua amaitzean. Aprobetxatu egin dira gugandik: bete behar zuten kontratu bat eta kontratu horrek hartzen zituen lur-sailak desjabetu dituzte, justu epaiketa egin zen egunaren inguruan. Ardura dutenak, ETSko obra zuzendariak-eta, informazio guztia dute eta zer erabilpen egiten duten ikusita, ni behintzat kaltetua sentitzen naiz, ez naiz entzuna sentitzen».

Alustizak minduta hitz egiten du: «Gainetik etorri dira. Ez gara errespetatuak izan, ezta gutxienekoan ere. Oso tristea da. Lapurreta garbi bat da. Desjabetzea egin eta hortik denbora batera deitu zutenean diru kontuekin, haizea hartzera bidali nituen. Niri ez didate diruarekin pena kenduko». Bere sentipena galdera batean laburbildu du Egurenek: «Zer egin dio Bidaurreta baserriak gizarteari? Hainbat obra sufritu ditu historian zehar. Horixe izango da errua, gaizki kokatuta izatea Oria bailaran, Tolosaren sarreran. 2015ean, hainbesteko komunikazio bide eta teknologia daudenean, ez gaituzte entzun, eta hori ezin dut ulertu».

Adunako Zabale baserritik 100 metrotara eta lur zorutik 30 metro inguruko sakoneran AHTaren tunela doa. «Tunela egin bitartean gau eta egunez zarata izan dugu. Gauetan eraginkorragoa da eta askotan lo egiteko aukerarik gabe izan gara», azaldu du Zabaleko Patxi Ormaetxeak. «Zulagailu moduko bat entzuten zen ia etengabe, ematen duenez lehergailuak jartzeko, eta gero leherketekin zarata eta dardarizoa ere, nahiko errespetua sartzen zuena». Hori pare bat hilabete inguruan sufritu zutela dio Ormaetxeak. «Orain daukagun gehiena da gauetan betelanak egiten dituztela Miravallesen; hegoaldetik dago, eta kamioiak husterakoan, eta haizeak hegotik jotzean, pixka bat molestatu egiten du, baina ez da lehen bezainbestekoa». Landetxea dute Zabalen, eta arduratuta izan dira batez ere tunela egiterakoan eragindako zaratekin. «Bezeroak ulerkorrak izan dira; ikusten zuten gure esku ez zegoela hori ez gertatzea».

Hasiera batean, tunela egiteko ateratzen zen materiala botatzeko betelanak, besteak beste baserriko lurrak diren sakonera batzuetan egitea aurreikusten zuten AHTko obren arduradunek, eta desjabetze prozesua martxan jarri zuten. Azkenean, lortu zen hori bertan behera uztea eta betelanak Miravalles meategira bideratzea. «Lur-sailak gure eskuetara itzultzea erreklamatzen dugu, baina ez dakigu noiz izango den hori», esan du Ormaetxeak.

Obraren aurrean, kaltetu bezala, batetik ikusi du Ormaetxeak betelanen gaian hitz egin ahal izan dela eraikitzaileekin eta beste irtenbide bat eman zaiola. Bestetik, zaraten inguruan, «inpotentzia» hitza ateratzen zaio: «Legearen barruan aritzen direla diote, baina sentsazioa duzu legeak bere neurrira egiten dituztela, eta horren aurrean ezer gutxi egin dezakegula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!