Evaren madarikazioa: lana, industria eta emakumearen rol aldaketak

Asier Artola 2015ko mar. 27a, 09:00

«Zentzu komun» delako horretan nahiko finkaturik dagoen Mendebalde modernoko mito baten arabera, ez da denbora asko emakumeek lan domestikoa etxez kanpoko lanagatik aldatu zutenetik.

Etxearen pribatutasunera mugaturiko lana (askotan lan gisa ere ikusi izan ez dena, baizik eta familia-erlazio «natural» batzuen barnean kokatutako funtzio arrunt gisa baizik, beti ere bere sexuari «dagokiona») Lehen eta Bigarren Mundu Gerrek, besteak beste, Europa mailan, eta 50-60. hamarkadetako garapenaren «urrezko aroak» eraldatuko zuten. Hala, gerraren abangoardian zeuden gizonak ordezkatzera joango ziren emakumeak lantegietara, edota XX. mende erdialdeko eraldaketa ekonomikoak eta bere beharrek, demografiaren joera berriek edota erreprodukzio biologikoaren gaineko kontrolak, langile potentzial bilakatuko zuen emakumea. Eta ez hori bakarrik. Arrazoibidearekin jarraituz, soldatak independentzia ekarriko zion emakumeari, eta independentziarekin bat garatuko ziren emakumearen emantzipazio borrokak eta mugimendu feministak. Hala izanik, zaila egiten da iraganak utzi dizkigun aztarnak koadro esplikatibo horretan kokatzea. Iturriek bestelakoak kontatzen dizkigute.

Ez dira asko izango emakumea bere etxeko lanetara esklusiboki loturik ezagutu duten garai historikoak. Are gutxiago gurea bezalako eskualde batean, zeinetan bigarren sektoreetako lanak, artisautzari eta industriari lotuak, hain presente egon diren aspaldidanik. Besteak beste aipa genezake, XIX. mendearen lehen urteak kontuan hartzen baditugu esate baterako, garai haietan baserria ez zela «hain baserritarra», ez hiria ere «hain hiritarra». Egun ditugun baserri eta hiri munduaren ideiak oso berriak ditugu, ziurrenik XIX. mendearen bigarren erdialdean finkaturikoak, zeinetan «kaletarren» eta «baserritarren» diferentziazio handienetariko bat eman zen. Hala, XIX. mendearen erdian, Tolosako hiribilduaren erdigunea behiez eta zerriz josia zegoen. San Frantzisko pasealekua eta Laskoraingo zabalgunea eraikinez bete aurretik, baratz eta soroak nagusi ziren Gaztelako atetik metro gutxitara eta, paradoxikoki, hainbat baserritar kaleko etxeetan bizi ziren. Baserri munduan berriz, burdinolak oraindik ez zeuden erabateko gainbeheran mendearen hastapenetan. Meatze txikien ustiapenak zeuden han-hemenka, eta bide eta trenbideen eraiketa garaietan, baserriko lanak eraikuntza materialen garraio lanekin uztartzen zituzten nekazariek, edota jornalari gisa obra horietan aritu. Ez ziren, beraz, bi mundu hain berezi.

Baina bada industria bat hain ezaguna egin ez dena. Emakumeek egina zelako, akaso, edota Europa osoko fenomeno bat izanik, burdinola monumentalek ez bezala, «euskaltasunaren» tinbrean ipinia izateko balore gutxi duelako. Hala ikusi ahal izan dugu Probintziatik egiten ziren industriaren ebaluazioetan. Baserrietako emakumeak ehungintzan aritzen ziren, baina ez etxeko kontsumo hutserako. Emakume hauek eginiko oihalak Ameriketara esportatu ziren XVIII. mendearen amaiera arte, eta gerora trafiko koloniala moztu bazen ere, 1860 aldera oraindik ere, nahiz eta gutxiago, asko ziren langintza hauetan aritzen zirenak. Ez da arraroa garaiko eskualdearen deskribapenetan soroak lihoz beterik zeudela aipatzea. Badirudi baserritar ekonomiaren osagarri interesgarria izan zela, nahiz eta ez ditugun zehazki ezagutzen bere komertzializazioak hartzen zituen bide eta formak.

Etxeko industriak etxeko izaten jarraitzen duela argudiatu daiteke. Alabaina, faktoriei eta lantegi industrial modernoei begiratzen badiegu, kontrakoa pentsa baliteke ere, irudia ez da aldatzen. Emakumeek, bai 1820ko hamarkadan Tolosa inguruan sortu ziren fabrikatxoetan, eta baita 1840tik aurrerako paper fabrika modernoetan ere, presentzia izugarria izan zuten. Izatez, lehen paper fabriketako langileen gehiengoa emakumeek osatzen zuten eta Tolosaldean, 1936ko gerra zibila bitarte, fabriketako emakumeen portzentajea izugarrizkoa izan zen. Gipuzkoa mailarako emakume langileen presentzia %20 inguruan kokatu bada ere, esan behar da, tamaina handiko fabrikak bakarrik hartuko bagenitu (ez tailer txiki eta fabrikatxoak), emakumeen portzentajea ia erdiraino iristen da Tolosa inguruetan. Emakumeen lantzat hartzen ziren haietan berriz, (ehungintza, esaterako) gehiengoa osatzen zuten, Elosegiren boina fabrikan bezala. Paper fabriketan «trapera» deitzen zitzaien oraindik ere papera egur orearekin egiten ez zen garaietan, eta lixiba eta bestelako produktu kimikoetan ehunezko trapuak paper bilakatzeko prestatzen zituzten. Euren soldatak beti ziren gizonezkoenak baino txikiagoak. Askotan alargunak edota paperolako lana behin behineko lantzat kontsideratzen zuten emakumeak izaten ziren. Beste askotan, Goñiren poxpolo fabrikan esaterako, kartoiarekin poxpolo kaxak egiten zituzten, haurren laguntzarekin.


Langile gisa antolatzen ez ziren atzera geratu. Fabriketan emakumeen erresistentzia kutxak egin zituzten. Oro har, nagusiaren gidapean sortutako taldeak izaten ziren, diru kantitate bat eman ohi zien nagusiak kutxarako, edota data seinalatuetan mezetara joaten utzi. Baina talde horiek berak izan ziren askotan kontrako mugimenduak bildu zituztenak, eta greba mugimenduetan ez ziren atzera geratu. Greba estatistiken arabera (1917-1920), lantegietako gizonen %85ak grebetan parte hartu zuen bitartean, emakumeen portzentajea %99koa izan zen. Gogoratu behar dugu ez garela erakunde sozialista edota anarkistei buruz bakarrik ari. Emakumeen zati handiena sindikalismo katolikoari loturik egon zen. Erlijioak berebiziko garrantzia zuen sistema kultural baten barnean, emakumeari zegozkion familiako funtzio erlijiosoak pulpitutik predikatu eta liburuetan argitaratzen ziren garai haietan, edota etxekoandreak bere familiaren ongizate eta bizi-iraupenaren gainean zituen ardurak oso gutxik zalantzan jartzen zituzten urte haietan, greba, paradoxikoki (gure begiradatik paradoxikoki), soldatapekoak bere interesak defendatzeko zuen bide izateaz gain, emakumeen «emazte» eta «amatasun» rolak erreproduzitzeko beste modu bat izan zen kasu asko eta askotan. Horrela, iraganeko matxinadetan bezala, emakumea presente zegoen eta askotan lehen lerroan, taldeari babesa emate alde. 1917ko greba garaietan Zezen plaza kantina publiko gisa antolatu zenean, emakumeak izan ziren bere defendatzaile nagusienak, eta greba amaitu ostean kantina hura funtzionamenduan jarraitu behar zuela argudiatu zuten. Arrakastarik gabe.

Industriako emakume langile antolatu haien aroa gerra zibilarekin eten zen. Bigarren Errepublikan areagotu ziren sindikatu eta alderdi militantzia prozesuak inoiz gertatu izan ez balira bezala desagerrarazi nahi izan zituzten mapatik, eta aktibitate horien praktikanteak estigmatizatu (rizinoa, ile ebaketa publikoak...). Errepublikanoengana hedatu zen errepresio honekin batera, emakumeak familian zituen eginkizunari buruzko ideiak areagotu ziren eta emakumeak etxeko lanetan besterik ez zutela aritu behar argudiatu (Tolosan argitaratu zen Izaskun aldizkaria dugu adibide garbia). Hala, hain tradizionala eta naturala dirudien familia nuklearra, bere praktika, oro har, iragan garaietan baino gehiago hedatu zen. Alderdi eskuindarretan, edota besterik gabe, erakunde sindikal katoliko libreetan aritu ziren emakume langile haiek ere, euren rol soziala etxera mugatu beharra ikusi zuten, eta hala, mutatis mutandis, salbuespen izan den hura, «betiereko» bilakatu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!