Bederatzi domina, Alpino Uzturreko eskiatzaileentzat

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 26a, 16:51

Fondoko Espainiako Txapelketak jokatu dira asteburu honetan Linzan, eta bederatzi domina lortu dituzte guztira.

Imanol Rojok parte hartu zuen proba guztietan irabazi egin zuen maila absolutuan. Banaka, 15km. klasiko eta 15km. skating probetan lortu zuen urrezko domina; errelebo proban, berriz, Irungo Maialen Lopez eta Txiki Plazas taldekidearekin batera lortu zuen garaipena. Azken lasterketa hau, gainera, oso ikusgarria eta lehiakorra izan zen, Aragoiko hirukoteari bi segundoko aldea besterik ez baitzieten atera.

Modu honetara, zaila izan den denboraldia emaitza onekin amaitu du Rojok, izan ere, hasieratik arnasketa arazoak izan ditu, eta lehiaketaren baitan sendatzeko arazo ugarirekin ibili da.

Txiki Plazasek, berriz, absolutu mailan erreleboka lortutakoaz gain, beste urrezko domina bat lortu zuen beteranoen mailan, klasikoko proban. Skating lasterketan ere zilarrezkoa eskuratu zuen.

Gaztetxoek ere emaitza onak lortu dituzte: Irati Izagirrek, Junior I mailan zilarrezko (skating proban) eta brontzezko (klasikoan) domina bana eskuratu zituen; Mikel Plazasek, berriz, brontzezkoa lortu zuen kadete mailako errelebo proban.

Alpino Uzturre Elkarteko kideek, Linzan izan zen antolaketa "bikaina" txalotu nahi izan dute.

Irudian, Mikel Plazas

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!