Premiarik handienak antzemateko bisita

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 26a, 13:14

Martin Garitanok Lizartzan eta Leaburu-Txaraman emango du eguna

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Lizartzan eta Leaburu-Txaraman emango du eguna, Herritarrekin herrira ekimenaren barruan. «Hilean bizpahiru aldiz joaten gara herrietako errealitateak bertatik bertara ezagutzera lan egin ahal izateko», azaldu du Martin Garitanok. Era berean, gaineratu du Foru Aldundian informazio asko jasotzen dutela, baina «beharrezkoa da argazki osatuago bat edukitzea, momentuko premiarik handienak zeintzuk diren jakiteko», esan du.

Garitanok esan duenez, Foru Aldundiaren nahia erakundea bera herritarrei gerturatzea da, eta gipuzkoarren kezka eta iradokizunak bertatik bertara jasotzea. Hori dela eta, gaurko bisitan ez da bakarrik udal ordezkariekin bilduko, horien laguntzarekin, Lizartza zein Leaburu-Txaramako errealitatera gerturatuko baita.

Bisita Lizartzan hasi du. Udaletxean egin diote harrera eta ondoren, eskola txikira joan da, eta guraso elkarteko kideekin bildu.

 

 

 

 

 

 

Lizartzan hilabeteak daramatzate eskola berria eskatzen. Ikasle kopurua igo egin zaie, gutxi gorabehera 80 dira orain ikasleak. Eraikin nagusia 60ko hamarkadakoa da. Horrez gain aurre-fabrikatutako bi modulu dituzte. Duten azpiegitura zahartuta egoteaz gain, ez da nahikoa eskolak behar bezala emateko. Jaurlaritzak eskola berria egiteko aurreikuspena 2017rako dutela esan zien, baina premia larria dutela esan izan dute eskolako arduradunek. Zentzu horretan Garitanok azaldu du eskumena ez dela Foru Aldundiarena, baina ahal duten neurrian laguntzeko prest daudela: «Eskolan zein behar dituzten ikusi ahal izan dugu eta alkateak ere eman digu arazoaren berri. Eskumena ez da Foru Aldundiarena, baina argi dago Lizartzak behar duela eskola berritu bat behintzat, oso zaharkitua dago, ea nola konpontzen den. Jaurlaritzarengana joan, hitz egin, eta konbentzitzen saiatzea izango da gure lana, baina eskumena ez da gurea».

Lizartzan udal ordezkariekin eta eskola txikiko arduradunekin bitzean gain, erretirodunekin egongo da, izan ere, erretirodunek aisialdia dinamizatzeko pertsona bat eskatzen dute. Baratze komunitarioak eta hondakin organikoa biltzeko gunea ere bisitatuko ditu.

 

 

Leaburu-Lizartza bidegorria
Leaburun berriz, udaletxean izan da udal ordezkariekin, eta Mahala esnekien enpresan ere egon da, eta herritarrek eskatzen duten Leaburu eta Lizartza lotuko dituen bidegorriaz ere ariko da, arratsaldean. «Bidegorria gure eskumena da eta zein epetan egin daitekeen aztertuko dugu, garrantzitsua baita», esan du. Bi herrietako ordezkariek jakinarazi diote herritarrek bidegorria nahi dutela. Herritarren iritziz, bi herri horretako herritarrentzat ez ezik, Tolosa eta Ordizia arteko bidegorria erabiltzen dutenentzat ere alternatiba egokia izan liteke, haien esanetan, bidegorri hori jendez gainezka egoten delako. Bidegorrien plangintzan aurreikusita ez dagoen arren, Partaidetzako Aurrekontuen ekimenaren bidez eska dezaketela gomendatu die Garitanok.

Txaraman, berriz, errepidearen egokitzapena egiten ari dira, eta autobusak gelditzeko guneaz eta abiadura moteltzeko lanez ariko da bertako bizilagunekin.

Eguna amaitzeko herri batzarrak egingo dituzte bi herrietan, 19:00etatik aurrera. Leaburun Agurne Barruso Gabinete burua eta Xabier Olano Ogasun zuzendaria egongo dira, eta Lizartzan Martin Garitano bera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!