Artola, Urruzola, Jaka eta Tolosa, finalerdietan

Asier Imaz 2015ko mar. 24a, 11:02

Binakako txapelketa finalerdietan da. Ligaxka asteburu honetan hasiko da, eta bertan, eskualdeko ordezkari guztiak egongo dira, bai lehen mailan nahiz promozio txapelketan. 

Artola-Albisuk bigarren amaitu dute hasierako fasea. Asteburuan Artolak atseden hartu zuen, eta bere ordez, Elezkanok jokatu zuen Albisurekin. Xala-Merino II.a 16an utzi zituzten.


Finalerdietako ligaxkako lehen partida igandean jokatuko dute Artola-Albisuk, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 17:00etan, Ezkurdia-Zabaletaren aurka.


Promozio txapelketari dagokionez, Jakak, Tolosak eta Urruzolak aurrera egin dute. Lehen biek bikotea osatzen dute, eta asteasuarrak Mendizabal III.arekin jokatzen du. Finalerdietako partidak oraindik zehaztu gabe daude. Hauek ere ligaxka jokatu beharko dute, lau bikote onenen artean.


Esku pilotarekin jarraituz, ostiralean, Alegian Udaberri Txapelketako nagusien hirugarren mailako finala jokatu zen. Bertan, Intxurreko bikotea nagusitu zen: Amaiur Alberdi berrobitarra eta Eñaut Larrea ikaztegietarra.


Patxi Zeberio ere finalerdietan
Sagardoaren Txapelketa jokatzen ari dira erremontean, eta Elduaingo pilotariak Endikarekin osatzen du bikotea. Txapelketa partida galduz hasi zuten arren, bigarren partida irabazi eta finalerdietarako txartela lortu zuten Zeberio II-Endikak.  


Partida gogorra izan zen, eta Etxeberria anaiak indartsu hasi ziren. 28na berdindu zutenean, ordea, fisikoki behera egin zuten, eta irabazleak errenkan tantoak egiten hasi ziren. Endikak zato horretan min handia egin zuen sakearekin, eta Patxi Zeberiok ez zuen barkatu, aukerako pilota hartu eta tanto ederrak eginez.


Amaieran, markagailuak 40-32 erakusten zuen. Gorriek aurrera jarraitzeko irabazi beharra zuten, eta baita helburua lortu ere.

BINAKA: LEHEN MAILA

SAILKAPENA
1. Berasaluze-Zubieta                10-4
2. Artola-Albisu                           9-5
3. Ezkurdia-Zabaleta                   9-5
4. Bengoetxea VI-Aretxabaleta    7-7

BINAKA: PROMOZIOA
Mendizabal III-Urruzola                 22
Tainta-Apraiz                                21
Gorka-Irusta                                 22
Jaka-Tolosa                                   9

SAILKAPENA
1. Victor-Iturriaga                        7-3
2. Mendizabal III-Urruzola            6-4
3. Rico IV-Larunbe                       5-5
4. Jaka-Tolosa                             5-5

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!