Osinalde sariketan parte hartuko dute Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek

Ataria 2015eko martxoaren 20a

Bertsolari gazteentzako txapelketa da Osinalde saria. Hiru kanporaketa saio ospatzen dira Gabiriako finalaren aurretik. Larunbatean ospatuko da Ordiziako Argi Berri elkartean saio horietako bat. Oihana Iguaran amasarrak eta Unai Mendizabal zizurkildarrak parte hartuko dute.

2013an, elkarrekin kantatuta, Plazatik Gaztetxera bertsolari gazteen txapelketako txapela jantzi zuten. Larunbatean, ordea, finalerako txartelaren bila arituko da nor bere aldetik. Oihana Iguaran eta Unai Mendizabalekin batera, Gema Urteaga, Jokin Bergara, Maialen Akizu eta Ortzi Murua arituko dira. 20:30etan hasiko da saioa.

Azken kanporaketa hilaren 28an jokatuko da Gabiriako Aztiri elkartean eta hemezortzi bertsolari gazteen artean sailkatzea lortu duten seiek kantatuko dute 44. Osinalde sariketaren finalean. Apirilaren 11n izango da.

Iazko irabazlea Aitor Irastorza zaldibiarra izan zen. Sariketa hau irabazi izan dute Jon Sarasuak, Xabier Euzkitzek, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak edota Aitor Sarriegik. Eskualdera ere etorri izan da Osinaldeko txapela: 1980an Millan Telleria albizturtarrak, 1995ean Bixente Gorostidi amezketarrak, 1997an  Jexux Mari Irazu larrauldarrak eta 2010ean Mikel Artola alegiarrak jantzi dute.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!