Ezezagunari beldur dion gizartean

Iñigo Terradillos 2015ko mar. 20a, 09:59

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko arrazoiak badirela gogoratzeko eguna da martxoaren 21a. 

laka herritar kalera atera ziren bizi zuten apartheid eta arrazakeria egoera bortitza salatzeko. Protesta baketsua era bortitzean sakabanatu zuten poliziek, 69 pertsona hil eta 186 zauritu eraginez. Mende erdi baino gehiago igaro da gertaera haietatik, baina, gaur egun, oraindik ere, sarraski hura gogoratu eta pertsona orori dagozkion giza eskubideak aldarrikatzeko arrazoiak ez dira falta. Helburu horrekin izendatu zen martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

Egia da egoera bestelakoa dela egun, eta elkarbizitza, tolerantzia eta berdintasuna moduko hitzak nahiz horiek irudikatzen dituzten jarrerak direla gizarteak ondo ikusten eta bultzatzen dituenak. Egia da, halaber, mezu hori zabaltzen den bitartean, euren kolore, sinismen, kultura edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak izaten jarraitzen dutela herritar askok. Ameriketako Estatu Batuetatik, esaterako, arrazakeriarekin lotutako erailketen inguruko albisteak maiz iristen dira, eta, gugandik gertuago, liskarrak eta eztabaidak ikusi izan ditugu, eta ikusten ditugu.

Arrazakeria ikusi, nabaritu eta entzun egiten dugu, Gasteizko alkatearen hitzetan, etorkinak diru laguntzen bila datozela dioen bizilagunarengan, afrikarra izate hutsagatik kalean saltzen duen gazteak ebola gaitza duela zabaltzen duen herritarrarengan, beltza izateagatik zerbitzatzen ez dioten tabernan edota «Stop moros» dioen pintaketan. Bai, guztioi egingo zaizkigu, ziurrenik, ezagun horrelakoak. Eta, bai, azkenak Tolosan bertan topa ditzakegu.

Arrazakeria jarrera horiek ez daude nahitaez adinarekin lotuta, hau da, uste denaren aurka, ez dira gehiago ematen jende helduarengan. Hala dio Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio arduradunak. Bere ustez, «gehiago da klaseari edo mailari lotutako zerbait». Eta arrazoiari buruz galdetuta, «ezezagunari diogun beldurra» dago normalean honen guztiaren atzean.

Arrazakeria hitza bera ere ez legoke ongi erabilita, «arraza bakarra baita gizakiarena, antzina esaten zenaren kontra». Azalaren kolorea sartuko litzateke hitzaren esanahiaren barruan, eta zentzu horretan, «badira azalaren koloreagatik gehiago direla uste duten pertsonak». Xenofobiak pertsonen jatorriari egiten dio erreferentzia; atzerritarrei, beste talde etnikoei edota kultura arrotzeko pertsonei mesfidantza, gorrotoa, arbuioa edota fobia eragiten duen aurreiritzia da. «Hemen sartzen dira kulturen arteko konparaketak, bestearena atzerakoia edota txarra dela esatea, esaterako».

Diskurtsoa zalantzan jartzen

Europako beste lurraldeetan hainbat hamarkadatako fenomenoa den bitartean, gurean, azken hamar edo hamabost urteetan gertatu da. Esan daiteke, beraz, berria dela gurean. Jatorri eta nazionalitate ezberdineko herritarrez osaturiko gizartean bizi gara, eta herritarrak euren izateko moduari eta jarrerari begiratuta, hiru zakutan desberdintzen ditu Migrazio saileko arduradunak: «Edozein gairen inguruan ari garela gauza bera gertatzen da; batetik, pertsona toleranteak ditugu, eta neurri berean, anbibalenteak daude; azken hauek sentimendu kontrajarriak adierazi ditzakete, hau da, toleranteak direla esan dezakete, baina, kasu batzuetan kontrakoa azaldu».

Neurri txikiagoan sailkatzen ditu Moralesek hirugarren zakuan leudekeen pertsona ezkorrak eta ez toleranteak, «ezer ere ez jakin nahi dutenak». Urtean zehar antolatzen dituzten sentsibilizazio ekimenak, bereziki, anbibalenteen taldekoei zuzenduak izaten direla azaldu du Kristina Moralesek. «Gure ustez ezagutzea da gakoa, eta horretarako erremintak ematen saiatzen gara; azken batean, helburua diskurtso arrazista zalantzan jartzea da».

50 hizkuntza inguru

Diskurtsoa aldatzeko erremintetako bat jatorri desberdineko herritarrek dituzten ezaugarriak nabarmentzea edo balorean jartzea da, eta horixe du helburu aste honetan bertan Tolosaldean aurkeztu duten Lingolang proiektuak. Gure herrietako hizkuntza aniztasuna erakutsi nahi du, euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten baitira gure ikastetxe, kale eta auzoetan. Aberastasun hori azaltzeko, hizkuntza bakoitzari buruzko informazioarekin batera, oinarrizko hitzak ezagutu eta entzuteko aukera jarri dute, eta hori, herriz herri jaso dute, hainbat ikastetxetako haurren laguntzarekin.

Tolosaldeari begira jarrita, eta bertan erroldatuta dauden herritarrei erreparatuta, 50 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Biztanleen %6,2 dira nazionalitate atzerritarra dutenak, hau da, ia 47.000 pertsonatik, 2.946 pertsona. Joera aztertzen badugu, gorantz jarraitzen duela azpimarratu behar da, «jendeak eskualdera iristen jarraitzen du, baina, kopuru txikiagoan».

Benetako tolerantziara

Azzeddine Yihadid, Hernani Sousa, Iker Jauregi, Iñigo Elordi, Sidi Martinez eta Walad Ahmed belaunaldi berrien adibide dira. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko Galdaragintza eta Informatika graduko ikasleak dira, 16 eta 23 urte bitartekoak, eta hurrengo urtean praktikak egin ostean, ikasten jarraitu edo lan munduan hasteko hautua egingo dute. Euskal Herrian jaiotakoak nahiz oso gaztetxo zirela munduko txoko desberdinetatik bertara etorritakoak daude euren artean. Batzuek zein besteek, oro har, gazteen artean tolerantzia handiagoa dagoela nabari dute, baina, hori bai, benetako tolerantzia egoteko oraindik ere lan handia dagoela egiteko diote.

10 urterekin etorri zen Lizartzara Hernani Portugaldik, eta 11 urterekin Walad Mendebaldeko Saharatik Anoetara. «Integratuta» daudela diote. Waladen kasuan, bera da nazionalitate atzerritarra duen kuadrillako bakarra, eta Hernanik bere lagunartean jatorri desberdinekoak diren gehiago ere badirela azaldu du. Sekula ez dutela arazorik izan euren jatorriagatik diote.

Beraiek bezala, «normaltasunez» bizi dute jatorri aniztasuna Tolosaldean jaiotakoek ere. Hala ere, desberdintasunak nabariak dira Tolosan jaiotako Iñigo Elordiren ustetan: «Ikusi besterik ez dago munduko leku batzuetan nola bizi diren, edota aberatsen eta pobreen artean dagoen aldea». Kultura edo hizkuntza desberdina izateagatik gutxietsia sentitzea zer den badakiela onartzen du: «Euskaraz hitz egiteagatik izan dut arazorik, eta ez da batere atsegina, beraz, ulertzen ditut horrelakoak jasaten dituztenak».

Iñigok dioenez, azalaren koloreak ez du inolako eraginik erlazionatzerako orduan. Anoetan jaiotako Iker Jauregiren ustetan, ordea, «askotan ezetz esaten da, baina, gero, errealitatean, beste jarrera batzuk ere sumatzen dira, eta gizarteak berak erakusten du desberdintasun handiak daudela».

Sidi Martinez sahararra da jaiotzez, eta 7 urte zituela joan zen Ordiziara bizitzera. Bere ustez, jende gaztearen artean ez dago inolako arazorik erlazionatzeko. Azzedine Yihadid, berriz, aljeriarra da jaiotzez, eta lau urte zituenetik bizi da Donostian. Berak ere gazteengan baino, helduengan nabaritu ditu arrazakeria jarrera gehiago: «Esaterako, autobusez edo trenez aldamenean pertsona beltz bat egokituz gero urduri jartzen direnak daude, sekula beltz bat ikusi ez balute bezala; nire kasuan, azaleko koloreagatik ez baino, lagunarekin hitz egiten entzuten nautenean gertatu izan zait, arraro edo arpegi txarrarekin begiratzea».

Azzdinek argi du ezjakintasuna dela jarrera hauen guztien arrazoi nagusia: «Jende ezjakin asko dago. Euskaldunekin ere gertatzen da, asko orokortzen dela bertako jendeari buruzko izaera edo jarreratan Euskal Herritik kanpo». Era berean, ezagutzen den gutxi hori negatiboa izaten dela askotan nabarmendu du Sidik: «Jendeak oro har, gutxi daki, eta dakien hori gainera, txarra da, delinkuentzia, esaterako. Askotan gertatzen baita, telebistan ikusitako albisteekin kanpotarrak eta delinkuentzia lotzea, eta jende asko horrekin geratzen da, eta interesa ere ez du gehiago jakiteko».

Gizarte honi eta beste askori, asko falta zaiela uste du Azzddinek benetako tolerantziara iristeko. «Itxuraz gaizki ikusia daude arrazakeria jarrerak, baina, gero, eguneroko bizitzan, behin eta berriro errepikatzen dira. Lan munduan, esaterako, bertan jaiotako bat eta ni postu bererako hautagaiak bagara, ziurrenik bertakoa lehenago hartuko dute, nik bere ezaugarri berberak edo hobeak izan arren; eta hori, ni atzerrian jaio arren, bertakoa bezala naizela kontuan hartuta, hemen jaiotako askok baino urte gehiago baitaramatzat hemen».

Denborarekin tolerantzian irabaziko duela gure gizarteak uste dute guztiek, beste lurraldeetako adibideak jarriz. Horretarako, baina, guztien artean, eta norberak beretik ere egin beharko du, ezjakintasunetik sortzen diren izuak uxatuz, bizilagunak ezagutzetik esaterako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!