Gose garaiko greba ezezagunak jaso dituzte dokumental batean

Imanol Garcia Landa 2015ko mar. 12a, 11:34

'Zerrauts ogia, gose garaiko grebak' lana emango dute, gaur, zineman. Patxi Egilaz txaramatarra da zuzendaria.

Patxi Egilaz txaramatarrak zuzendutako Zerrauts ogia, gose garaiko grebak dokumentala emango dute, gaur, 19:30ean, Alegiako zinema areto eraberrituan. Egilazek azaldu duenez, lanaren helburua «gerra ostean, gose garaian, gerra bukatzetik 1952 arte izandako hainbat greba eta borroka azaleratzea, eta horien barne ere emakumeen papera borroka horietan erakustea, protagonismo handia izan baitzuten». Garai horretan gosea izan zela gizarteak barneratuta duela esan du Egilazaek, baina ez horren inguruko borrokak: «Garai ilun horietan beste erantzun hauek ere izan ziren, ezezagunagoa dena, horregatik egin nahi izan dugu dokumental hau».

Elkarlan batetik dator proiektua. Geronimo de Ustariz Institutuak, Memoriaren Bideak elkartea eta Eguzki Bideoak dira dokumentalaren bultzatzaileak. Egilaz Eguzki Bideoak kolektiboaren partaidea da: «Gai sozialen inguruko bideo eta dokumentalak jorratzen saiatzen gara».

Dokumentalerako Euskal Herria eta Katalunia jorratu dituzte. «Hasierako asmoa bazen estatu mailan egitekoa, baina aztertzen hasi ondoren, ikusi genuen benetan mugimendu indartsuenak, orokorrak izan zirenak edo bolumen handikoak, bakarrik Euskal Herrian eta Katalunian izan zirela», zehaztu du Egilazek. Testigantzari dagokionez, Manresatik eta Bartzelonatik bildu dituzte Kataluniatik, eta Euskal Herritik Aretxabaletako langile batena, Santurtziko arrantzale bat, eta Iruñeko langile bat. Testigantza horiek josten dituzte historialarien hitzekin, dokumentala osatzeko.

Dokumentalean, hasiera batean kontatzen da merkatu eta okindegi aurreetan izaten ziren protesta espontaneoak. «Ilaran denbora luzez egon ondoren, gero ezer ez zegoen, edo oso kalitate txarrekoak. Eta bat-batean protestaka hasten ziren. Horrelakoak asko izan ziren, baina ez dira inon bildu. Gauza txikiak ziren, baina aldi berean handiak, zegoen erregimenarekin eta errepresioarekin bazuen bere meritua».

Grebei dagokionez, besteak beste, 1947ko maiatzaren 1ean izan zenari buruz hitz egiten du dokumentalak. Greba horrek eragina izan zuen ere Tolosaldean, eta Egilazek jakin izan du, adibidez, Labaien eta Laborde fabrikan lan egin zuen eta egun bizirik dagoen emakume bat ibili zela panfletoak zabaltzen.

Gaur Alegiako zinema aretoan egingo den emanaldiaren ondoren, solasaldia izango da. Egilazek azaldu duenez, «seguru ez dakigu, baina espero dugu garai horiek bizi izan zituen norbait ere bertan izatea. Gonbidapena egin diegu eta ea azaltzen diren. Ederki egongo zen eta asko aberastuko lukete solasaldia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!