Ehuntze Eguna eta ekainaren 21eko hitzordua, jomugan

Ataria 2015ko mar. 12a, 11:02

Ibarrako bileraren irudia

Ibarrako Gure Esku Dagok datozen hitzorduen berri eman die herritarrei

Ibarrako Gure Esku Dago dinamikak datozen hilabeteetan emango dituzten urratsen berri eman die herritarrei. Izan ere, Gure Esku Dago dinamika bat izatetik, jarrera bat izatera pasa dela esan zuten atzo egindako bilkuran, eta iaz sarea josi bazen, aurten horretan sakondu beharra dagoela nabarmendu zuten.

Ibarratik 400 bat pertsonek egin zuten bat Giza Katean, eta aurten erronka kopurua handitzea da.
Datozen hitzorduak Ehuntzen Kanpainaren barruan kokatu dituzte, eta bi dira zita nagusiak: apirilaren 25eko Ehuntze Eguna, eta ekainaren 21a. Azken egun honetan, Euskal Herriko hiriburuetako estadioetan hautestsontzi erraldoiak jarriko dituzte, eta hautestsontzi horiek oihalekin bilduta egongo dira. Oihal horiek datozen hilabeteetan prestatu behar dira, eta azken eguna Ehuntze Eguna izango da.

Lan hori lotzen aritu ziren, hain justu, atzo. Hau da, herriko hainbat elkartetako kideak bildu ziren eta tutore lana egiteko prest azaldu ziren. Tutore hauen lana euren inguruan 20 pertsona biltzea da, eta horretarako datu batzuk hartu beharko dizkiete eta euro bat ordaindu beharko du bakoitzak.
20 pertsonek osatutako talde horietako bakoitzak oihal bat izango du, eta oihal horretan mezuak, marrazkiak edo bakoitzak nahi duena jarri ahal izango du.  Apirilaren 25ean bertan ere egongo da aukera oihal zatietan mezuak uzteko.

 

Erronka berrien aurkezpena

 

 

Amasa-Villabonako Gure Esku Dagok ere egin du esku artean dituzten erronken aurkezpena. Aljibean 50 pertsona inguru bildu ziren, eta helburua Amasa-Villabonan 600 saretu egitea dela esan zuten. Villabonan ere tutore izateko txartelak nola bete eta oihalak nola apaindu azaldu zuten. «Saretzea esan nahi du, erabakitzeko eskubidearen alde zaudela esatea», esan dute. atariA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!