Eneko Agirre Espainiako txapeldun, ikurrinarekin

Asier Imaz 2015eko martxoaren 10a

Larraitz Sorron bigarren gelditu da Mushin txapelketan, skijoring modalitatean.

Baqueira Bereten ere Espainiako Mushin Txapelketak jokatu ziren asteburuan. Skijoring modalitatean, eskualdeko bi ordezkari izan ziren. Larraitz Sorron alegiarrak sprint distantzian parte hartu zuen, 11 kilometroko ibilbidean; txapelketa bi etapatan lehiatu zen. Eneko Agirre zizurkildarra ere bi egunetan aritu zen borrokan, baina 26 kilometroko distantzia ertainean.

Emaitza oso onak lortu zituzten eskualdeko ordezkariek, eta baita euren taldekide Jon Gonzalezek ere.
Larraitz Sorron Ardatz txakurrarekin atera zen, eta bigarren postuan amaitu zuen txapelketa. Jon Gonzalez lazkaotarra zazpigarren geratu zen elur gaineko txakur krosean, Enuk txakurrarekin. Eta Eneko Agirre zizurkildarra, podium-eko lehen koskara igo zen. Bi txakurrekin atera zen lehiara Agirre, hau da, Lenny eta Algun-ekin. Lehen etapan sufritzea tokatu zitzaion Donostian jaio eta Zizurkilen bizi den eskiatzaileari. «Bigarrena 30 segundora izan nuen probaren zatirik gehienean. Hori bai, azken sei kilometroak goraka ziren, eta hor bost minutuko aldea atera nion». Bigarren etaparako aldea oso ongi etorri zitzaion txapeldunari. Aurkarien aurretik alde horrekin hartu zuen irteera, eta «lasterketan zehar gozatzeko» aukera izan zuen esan zuen Eneko Agirrek.

Otsailaren amaieran, Alemanian egon zen zizurkildarra, Munduko Txapelketan, eta bertan, bai berak eta baita txakurrek ere prestakuntzan gora egin zutela zioen Agirrek.

Espainiako txapeldun geratzean, Europako Txapelketarako txartela irabazi du Eneko Agirrek. Hurrengo urtean Norvegian jokatuko da lehia hori. Hasiera batean, bidaia egitea zaila izango zela zioen, eta ez joateko aukera handiak zirela. Orain ordea, zaila izan arren, joaten saiatuko dela onartu du Agirrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!