Aiztondo Klasika: Larrauldik Alkizara

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 6a, 13:29

165 txirrindulari afizionatuk hartuko dute parte proban, eta ehun bat lagun ariko dira boluntario bezala lanean.

XII. aldiz antolatu dute aurten ere Aitzondo Elkarteko kideek urteroko txirrindulari proba. Larraulen abiatuko da igandean goizeko 10:00etan eta 14:00ak aldera amaituko da Alkizako plazan.

147 kilometroko karrera da prestatu dutena eta lehen partean Goierri aldera egingo du. Berriz ere Aiztondora itzulita bederatzi portu zeharkatu beharko dituzte txirrindulariek. Mendikoez gain, Asteasutik eta Villabonatik pasatzen diren bakoitzero hamabi tarteko helmuga zeharkatu beharko dituzte. 126. kilometroan, gainera, Anoetatik Sarasola sagardotegira igoko dira. Joxe Ramon Aiertza, Aiztondo Klasika Batzordeko kideak aipatu duenez, «inoiz pasa izan da bertatik lasterketa, baina aurtengo edizioan berreskuratu nahi izan dugu».

165 txirrindulari inguruk hartuko dute parte igandeko lasterketan. 28 talde izango dira guztira. Batzuk Espainiako Kopan aritzen direlako etorriko dira eta besteak berriz, antolatzaileek gonbidatuta.

Iazko edizioan Antton Ibarguren izan zen garailea. Aurten, Antonio Angulok eramango du maillot horia, Espainiako Kopan sailkapenaren buruan kokatuta dagoelako.

Talde zabala igandean laguntzen

Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteak, Zizurkilgo Urkamendik, Villabonako Irrintzik eta Adunako Txulobi elkarteak antolatzen dute lasterketa. «10 laguneko taldea aritzen gara lanean urtean zehar baina iganderako 100 bat boluntario beharko ditugu», adierazi du Aiertzak. Lagundu nahi duenak antolatzaileekin harremanetan jarri besterik ez du.

Aiztondo Klasika neurri batean udalek egindako ekarpenari esker antolatzen da: «Sei urtetarako hitzarmena dugu sinatuta eta lasterketaren %75 inguru finantzatzen da ekarpen horrekin». Gainerako partea batzordeak lortzen du bere aldetik, nahiz eta Aiertzak esan bezala «geroz eta zailagoa den dirua biltzea».

Aurten bukatzen da udalekin sinatutako hitzarmena. «Udal talde berriek erabaki beharko dute zein konpromiso hartu nahi duten Klasikak jarrai dezan».

LASTERKETAREN DATUAK

10:00. Larraulgo plazan abiatuko da lasterketa.

· Seina aldiz pasako dira Asteasu eta Villabonatik.

· Sei aldiz egingo dute Adunako gaina eta bi aldiz Alkizakoa.

· Sarasola sagardotegiko bidea hartuko dute 128. kilometroan.

13:45. Alkizako plazan amaituko da aurten Aiztondo Klasika.

Oharra: Trafikoan aldaketak izango dira ibilbidean zehar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!