Molde zurrunenen zirrikituak, arnas

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 8a, 09:00

Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna egungo gizartearen kezka nagusienetakoa da, erakunde nahiz herritarrei dagokienez; eskubide berdintasun hori lortzeko, ordea, hamaika modutara lan egin daiteke, baita norbere egunerokotik ere.

Hogeita batgarren mendean gehien indartu den aldarrietako bat izango da feminismoarena. Eta, feminismoa aipatuta, ezin esan gabe utzi, hitz horren benetako esanahia: «Feminismoa emakumeen esperientzian oinarritutako teoria sozial eta praktika politikoen multzo bat da, iraganeko eta gaur egungo erlazio sozialak kritikatzen dituena. Gehienbat, feminismoak gizonen eta emakumeen arteko eskubide desberdintasuna kritikatzen du eta, era berean, emakumeen eskubideen sustapena aldarrikatu».

Beraz, emakume eta gizonen eskubideak parekatzea, maila berean jartzea bultzatzen du feminismoak; eta ez emakumeak gizonen gainetik jartzea, hainbat herritarren ustearen aurka, eta interneteko milaka informazio jariok gaitzesten dutenaren aurka.

Sexuak baldintzatutako eskubide desberdintasuna errealitate gordina da, oraindik ere, Euskal Herrian, Espainian, Europan, munduan; aldarri biziek ez baitute gizartearen norabidea bat-batean aldatzen. Horrela, indarkeria matxista da jendartearen gaixotasun honek azaleratzen duen ondorio larriena. Eraso eta jazarpen matxisten oinarri-oinarrian, ordea, badira herritarrek, herriek, gizarteak onartzen dituen idatzi gabeko lege txikiak: estereotipoak.

Gizon-emakumeei de facto esleitu izan dizkie, historiak, hainbat gaitasun, izaera eta jokamolde. Legeak, baina, apurtzeko omen daude zenbaiten ustez, eta Alaitz Gorostegi, Txus Ortiz eta Marta Basagoitia eredu dira molde horietatik ihes egin, eta beren bizimodua eraikitze horretan.

Autobus gidaria da Alaitz Gorostegi (Andoain, 32 urte), pasa den urriaz geroztik: «Ile-apaintzailea nintzen lehen, baina lan-erritmoa asko jaitsi zen, eta gidatzea betidanik oso gustuko izan dudanez, autobuseko gidabaimena ateratzea erabaki nuen. Horrela, autoeskolara joan, gidabaimena atera, eta lanpostu bat sortu zen Tolosaldea enpresan».

Amasan bizi da eta Tolosako hiribusean dihardu, herri barruko ibilbidea ordu erdiro eginez, eta aitortzen du ezustekoa izan zela gidari lanetan hastea: «Gidatzea-eta gustuko izanda, inoiz pentsatzen duzu horrelako lanposturen batean aritzea, baina ez benetan, ez dakit. Egia esan, ezustekoa izan da edo, behinik behin, aurreikuspenetan sartzen ez zitzaidan zerbait. Batzuetan gauzak horrelaxe gertatzen dira, bizitza aldatu egiten da eta kitto».

Bere aldetik, Txus Ortiz tolosarra (53 urte) etxekogizona da, etxea du lantoki, eta haurrez nahiz etxeko lanez arduratzea da bere egunerokoa: «Bikote bizitza egiten hasten zarenean, zenbait erabaki hartzen joan behar izaten da, pixkana. Gure kasuan nahiko garbi izan genuen, hasieratik, haurrek gurekin hazi behar zutela erabat baina, momentu jakin batean, etxetik kanpoko norbait sartzeko beharra iritsi zen. Hirugarren haurra bidean zela laguntza handiagoa behar izango genuela aurreikusi genuen, beraz, biotako batek lana uztea erabaki genuen».

Erabakia hartuta, ordea, lanetik etxerako jauzia nork egin erabakitzea izan zen hurrengo pausoa, eta ekonomiari begiratu zioten Txus Ortizek eta emazteak: «Garbi zegoen emazteak nik baino soldata hobea zuela, biok lan finkoa genuen arren. Horrela, hasiera batean eszedentzia nik hartzea adostu genuen».

Halako erabakiak ez dira egun bakarrean hartzekoak, Ortizek dioenez, eta hausnartze prozesu luze baten fruitua izaki, norbere burua horretarako prestatzen joaten dela dio: «Ez zitzaidan lana uztea kostatu, baina hasierako duda-muda hori izan nuen». Izan ere, gutun-azal eta koadernoak egiterakoan soberan geratzen den paper hori guztia jasotzeko sistemak muntatzea zen, etxegizon izan aurretik, Txus Ortizen lana: «Bai, erabat aldatu zitzaidan bizitza, zerikusirik ez du».

Jendartean, oro har, islatzen diren rolen aurka igerian dabilen beste bat Marta Basagoitia da (Tolosa, 50 urte). Voith enpresak Apattan duen lantegiko finantza zuzendaria da bera, eta «karanbola bati esker» hasi zen enpresa horretan, azaldu duenez: «Ni, berez, gomendioz edo 'entxufatuta' hasi nintzen familiako enpresan. Gero, ordea, Alemaniatik enpresa-erosketa batzuk izan ziren, eta Voith-en amaitu nuen, une hartan nire profila zuen norbait behar baitzuten bertan».

26 urte betetzera doa finantza esparruko arduradun lanetan, eta inguruan duen lantaldeko giroa nabarmendu du: «Zenbait unetan lana ez da erraza, gorabeherak izaten dira, baina oso giro ona daukagu».

Gutxiengoaren ale handiak

Alaitz, Txus eta Martaren errealitateak gutxiengoa dira, beren sexuari begiratuz gero, behintzat. Tolosaldea autobus enpresan, adibidez, lau emakume aritzen dira, gaur egun, gidari lanetan; gizonezkoak, berriz, zortzi inguru dira.

Etxekogizonen kasuan, proportzioak nabarmenagoak dira, ezohikoagoa baita, oraindik ere, emakumeak kanpoan lan egiten duen bitartean, gizonezkoa etxean geratzea: «Egia esan, nire erabaki bera hartu duen pertsona bakarra ezagutzen dut. Eszedentzia hartu zuen hiru urtez, nik hasieran egin nuen bezala, eta lanera itzuli zen gero».

Eta, zer esanik ez enpresa munduko maila gorenetan. Basagoitiak ez du zalantzarik erantzuna ematerakoan, eta enpresa mundua, oraindik, gizonen mundua dela ikusten du: «Finantza arloan, hala ere, emakume gehixeago aritzen gara; kudeatzaile lanetan, adibidez, emakumezko bat ikustea askoz ere zailagoa da. Gertatzen dena da, hemen eta kanpoan, emakumeak ardura maila jakin batera iristen direla, oro har, eta hortik gora igotzea zaila dela; zenbat eta gorago igo, orduan eta emakume gutxiago».

Lehen lanpostua eskuratu aurreko gunera begira ere jarri da Basagoitia, unibertsitatera begira: «Ingeniaritza ikasketetan, adibidez, oraindik ere emakumeak gutxiago dira; pentsa dezagun %25 edo %30 direla. Kontua da, %25 hori ez dela ingeniaritza lana duten enpresetan inola ere islatzen, non daude emakume horiek? Bada, askotan, beste lanposturen batean, atzealdean edo».

Gurasotasuna-lana binomioa, erronka

Joera orokorretatik zertxobait aldentzen diren bizimoduak izanda ere, egunerokoa antolatzeko hartutako erabakiak gurasotasunarekin uztartzen asmatu dute Ortizek eta Basagoitiak. Eta, gainera, familia eta lana bateragarri egiteko ikuspuntuak ere partekatzen dituzte: «Gizartearen bideak beste bat izan beharko luke, emakumeak beste modu batera integratu behar du gizartean. Eskubide gehiago lortu beharko lirateke emakumeentzat, eta ez bakarrik eszedentziak, baizik eta gizartean sendotutako malgutasunak, esaterako, Finlandian edo Suedian bezalaxe», dio Txus Ortizek.

Horren harira, familiak lantalde bat izan behar du, Marta Basagoitiaren ustez: «Zenbait tokitan emakumeek aukeratu egin behar dute lanaren edo familiaren artean, eta horrek ez luke horrela izan behar. Nik uste dut merezi duela lan egitea eta familia bat heztea, baina, noski, laguntza behar da biak uztartzeko. Gizarteak lagundu behar du horretan, baina gu gara gizartea, eta gizonezkoek ere lagundu egin behar dute, lantalde bat osatuz. Izan ere, jendeak ontzat ematen du emakumeok lan jakin batzuk egin behar izatea, eta horrek ez luke hala izan behar».

Eskubideak eskubide, Txus Ortizek beste errealitate bat ere hizpide du, hunkituta. Bere arabera, emakumeak gauza asko galtzen ari dira, gaur egun: «Borrokatu egin behar dute, lan munduan sartzea lortu badute ere, familia-afektibitatea galtzen ari direlako. Lan mundua hain da gogorra eta zorrotza... Ulertzen dut emakumeen jarrera, guztia lortzeko gogoz joan behar baitute. Horrek, ordea, gizonentzako soilik antolaturiko mundu batean sartu behar izatea dakar, eta, beraz, haurrekin oso gutxi egotea».

Bide horretan, adimen emozionalari begira jarri da Ortiz, haurren heziketaz ari dela. Lanaldiak murrizteko aukera du aldarri, soldata jasota ere, bizimodu lasai bat izate bidean: «Horrek haurren lehen urteak bizitzeko aukera ematen du, urterik politenak, 8-12 urtera artekoak. Denbora hori guztia haur batekin bizitzea izugarria da, eta haurrentzako ere urterik garrantzitsuenak dira, epealdi horretan finkatzen baitira beren baloreak, izateko moduak. Dena den, horrek ez du esan nahi gurasoekin denbora gutxiago pasatzen duten haurrak haur onak izaten ez direnik, noski».

Lanak eta gurasotasunak osaturiko binomio perfekturik izango bada, hori ondo antolaturiko bikote edo lantalde batek lortuko luke, Basagoitiaren ustez: «Babes handia izan dut senarraren aldetik, eta etxeko jarduna beti bion artean eraman izan dugu aurrera. Era berean, senarraren gurasoek eta nire gurasoek ere beti eskaini izan digute babesa; ez zituzten nire alabak egunero zaintzen, baina laguntza izan dugu».

Rolik gabeko mundua eraikitzen

«Bai, noski, eta asko ditugu». Horixe erantzun dute erreportajeko hiru protagonistek, estereotipoek bizirik jarraitzen ote duten galdetutakoan. Beren testigantzek baikortasunerako hamaika motibo eskaintzen dituzte, baina, gauza jakina da duten bizimodu-antolaketagatik jendearen esanak entzun behar izan dituztela.

«Egia esan, bizi izan ditut egoera deseroso samarrak, galdera zoroak egin izan dizkidatelako: 'Eta nolatan zaude, bada, lanean, emakumea izanda? Ez nuke nire seme-alabak hirugarren pertsona batek hezterik nahi', adibidez». Horrelaxe kontatzen du Marta Basagoitiak, lan-bilkura batean entzundakoa.

Txus Ortizek ere aurpegiera arraroak ikusi behar izan ditu, sarri, bere lanari buruz aritzerakoan: «Gaia ateratzen denean, jendea harritu egiten dela somatzen duzu, oraindik ere; beharbada ez dute esaten, baina nabaritu egiten da».

Gauzak aldatzen ari direnaren seinale, hala ere, Alaitz Gorostegik desagertzetik gertu ikusten ditu estereotipoak, bere lanbideari dagokionez: «Egia da duela hamar urte autobus gidari bat emakumezkoa izatea oso arraroa zela, baina, gaur egun ez. Emakume asko ari gara autobus gidari lanetan, eta beste zenbait esparrutan ere aldaketa hori gertatzea espero dut, pixkana».

Inurrien lana altxorra da

Hiru herritar hauen iritzia eskualdeko beste milaka gizon-emakumeren ahotan ere jar liteke, ziur. Egungo gizarte-sistemak, ordea, ahalbidetzen al du bizimodu orekatu hori izatea? Etxeko lanak ongi banatuta daudenean, seme-alaben zaintza igotzen da balantzan gora, eta, haurrei arreta handiagoa eskaintzeko, berriz, gurasoetako batek lana uzteak dirudi bide bakarra, oraingoz.

Hori gutxi balitz, etxean geratzeko hautua egiten duenak bere independentzia ekonomikoa uzten duela ere ohartarazi du Ortizek: «Sarri esan izan didate lanik egin gabe ederki bizi naizela, baina, finean, ekonomikoki emaztearen menpe bizi naiz, garai batean emakume guztiak bizi ziren bezala. Hori onartu eta oso garbi izan behar du bakoitzak eta, beharbada, auzi honen gakoetako bat da».

Independentzia ekonomikoak erosotasun gehiagorekin bizitzea dakar eta, Marta Basagoitiaren iritziz gizonezkoen erosotasuna ere estereotipoen bizirautea ulertzeko gakoetako bat da: «Gaur egungo errealitatearekin gizonak, oro har, erosoago bizi dira, ezer aldatu gabe». Horregatik, «planteamendu asko daude aldatzeko» Basagoitiaren arabera, zenbait gaztek dituzten ereduek asko harritzen baitute. Gainera, emakumeak askotan beren buruaren aurka aritzen direla uste du finantza zuzendariak: «Gizarteak ontzat ematen du emakumeak lan jakin batzuk egin behar dituela eta, adibidez, inauterietarako ikastolako mozorroa astebetean amak egin behar duela. Horrela, askotan elkarri kritikak egiten dizkiogu emakumeok eta, hori ez denean, superwoman izan behar dugula proposatzen diogu geure buruari. Batzuetan lasai egoteko denbora hartu behar dugu guretzat».

Horretarako, belaunaldi berriei hezkidetza etxetik eta txikitatik helaraztea ezinbestekotzat dute hirurek, gauza txikiekin, pixkana: «Garrantzitsua da mutikoak rol maskulino tipikotik aldentzea». Halaber, norbere esparruan inurri lana eta isilekoa egitearen aldekoa da Basagoitia, fruituak ematen dituelakoan baitago: «Iraultza isileko lanetik egin behar dugu emakumeok, eguneroko lanarekin. Eta zenbait esparrutan ahalmen jakin bat dugun emakumeok, gainera, enpresan sartzera doazen emakumeei laguntza eskaini beharko genieke».

Badirudi idatzi gabeko molde horiek iraungo dutela, oraindik ere, jende artean zenbait gauza aldatzen ez badira. Eta, egiteko dagoen bidea luzea izan arren, hiru herritar hauen eta beste askoren lanak lagunduko du, ziur, gizartea iraultzen, estereotipoak lurperatu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!