Oria ibaian uholdeak ekiditeko neurriak Villabona eta Zizurkilen

Jon Miranda 2015ko mar. 5a, 14:07

Zubimusu inguruan aktuakzioak egingo dituzte. Lehen fasea hasiko dute uda aurretik eta Villabonari eragingo dio batez ere.

Uholde arriskuarekin bukatu nahi dute, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek. Eusko Jaurlaritzaren URA agentziak eta bi udalek hitzarmena sinatu dute aspaldiko arazoari irtenbidea emateko. Oria ibaiaren emaria hazita datorrenean herritarrek beti agertzen dute kezka eta legealdi hasieran, adibidez, 2011ko azaroan, uholde larriak izan ziren bi herrien artean.

URA agentziak Oria ibaiaren hainbat puntutan presazko neurriak hartu zituen 2011ko uholde horien harira. Hala ere, azkeneko asteotako euriteen ondoren, zenbait puntutan ibaiak gainezka egin du.

Oraingo egingo diren lanekin erabateko soluzioa eman nahi diote arazoari, behintzat Villabonan. "Oriako arroan orain arte egindako lanak osatuko dira modu horretara eta uholde arriskua erabat ekiditeko balioko dute", azpimarratu du Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak.

Hitzarmenaren lehen fase honetan aurreikusitakoaren arabera, Zubimuxu zubia zabalduko da oinezko eta kotxeen pasaera errazagoa izan dadin. Oria ibaiko eskuineko aldean, Villabonako aldean, uholdeen aurkako harri-lubeta bat jarriko da. Azkuek nabarmendu duenez, "orain arte, herriko ur zikinen parte handi bat zuzenean botatzen zen errekara eta aktuazio honekin sistema hori hobetuko da". Bestalde, ibaiaren bazterreko pasealekua, udaletxetik Zubimuxu pareraino datorrena luzatu egingo da, bi puntuak erabat lotuz.

Uholdeen aurkako lan hauek jarraipena izatea espero du Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak. "Proiektu bakarra zen hasiera batean, baina bi fasetan banatu dute. Bigarren faserako ez dugu konpromiso zehatzik baina udala saiatuko da URA agentziarekin hitz egin eta lehen bait lehen konpromiso bat lortzen".

Izan ere, Asteasuko errekak Orian urak isuri bitartean, Zizurkilen egiten duen zatiak sortzen ditu herri horretan arazorik handienak. "Teodosio etxetik papelera arteko bide hori zabaltzea da aurreikusitakoa?. Lan horiek dute gasturik handiena: "10-12 miloi euro erabili beharko errekaren bidea zabaltzeko, badakigu diru asko dela, krisi egoeran gaudela, baina guretzako presazkoa da interbentzio hori egitea uholde arriskua ekidin ahal izateko".

Obren iraupena eta gastua

Hemendik gutxira hasiko den lehen faserako 2,9 miloi erabiliko dituzte. "Obrak jadanik lizitazio fasean daude eta proposamenak jasotzeko epea bukatuta dago. Orain, adjudikazioa egin beharko da eskaintzak aztertuta". URA agentziak udalei aipatu dienez, uda aurretik hasiko dituzte lanak. "Dena ondo dela, zortzi hilabetetan amaituko dute obra eta 2016rako dena prest egotea espero dugu".

Tarte horretan eragozpenak izango dira trafikoarentzat eta oinezkoentzat. Villabona eta Zizurkilgo alkateek nabarmendu dute mereziko duela "urteetan iraun duen arazoa konponbidean jarriko delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!