Otsailean ia bikoiztu egin du bere irismena ataria.info-k

Ataria 2015ko mar. 2a, 15:42

65.862 bisita eta 30.369 bisitari jaso ditu TOLOSALDEKO ATARIA-ren webguneak otsailean zehar; inoiz izan dituen daturik onenak dira.

Aurtengo urtarrilean 40.000 bisita gainditzea lortu zuen lehen aldiz ataria.info-k. Zehatzagoak izateko, 41.750 izan ziren urtarrileko 31 egunetan pilatutako bisitak, eta 18.400, berriz, bisitariak. Horiexek ziren orain arte TOLOSALDEKO ATARIA-k hilabeteko epean izan dituen daturik altuenak.

Otsailean, aldiz, datuak guztiz irauli eta orain arteko irismen hori ia bikoiztea lortu du: 65.862 bisita eta 30.369 bisitari jaso ditu ataria.info-k 28 egunetan. Pozgarria da, gainera, orain arteko bataz bestekoari eutsiz, bisitarien gehiengoa, %64a hain zuzen, berriro ere webgunera itzuli dela.

Tolosako Inauteriak, ardatz
Tolosako Inauterien baitan sortutako edukiak (bisiten ia erdia), Urtzi Gurrutxagari egindako omenaldiak, Iruran garabiak autobidea moztu zuenekoa edo pasa den ostiralean luizi batek Santa Luzia auzoko gasolindegia suntsitu zueneko albisteek izan dute jarraipen gehien.

Era berean, aipamen berezia merezi du Ostegun Gizenean lehen aldiz 28 Kanalarekin elkarlanean egindako zuzeneko emisioak: 900 pertsona baino gehiagok jarraitu zuen streaming bidez saioa ataria.info, berria.eus eta 28kanala.eus bidez.

Eskertuta
TOLOSALDEKO ATARIA osatzen dugunon partetik, eskerrak ematea besterik ez daukagu, euskaratik eta euskaraz komunikatzea helburu duen proiektu hau indartzen laguntzen duzuelako guztion artean.

Dena den, gogoratu eskualdeko informazioa interneten doan ikus daitekeela, baina webgunea elikatzeak ere baduela kostua, eta are indartsuagoak izateko ezinbestekoa dugula harpidedunak pilatzea. Harpidetzarekin soilik ez da trukean egunkari bat jasotzen etxean, ataria.info eta Ataria Irratia indartzen ere laguntzen da. Urtarrileko bertso saioan bertsolariek ere hori jorratu zuten:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!