Erreformen aurka berretsi dira ikasleak, euripean ere

Eguerdian Trianguloan egin dute mosaikoa, ikasleek

Ikasle Abertzaleak-ek deituta greba eguna dute gaur, ikasleek. Goizean elkarretaratzea egin dute Trianguloan, eta iluntzerako manifestazioa deituta bazen ere, euriagatik Trianguloa plazan bertan geratu dira, elkarretaratzea osatuz. Atariak IAko Iñigo Aranbururekin hitz egin du: 

Gaurkoa protesta eguna izaten ari da ikasleentzat eta Ikasle Abertzaleakek deituta mobilizazioak izaten ari dira Tolosaldean. 09:00etan Tolosako Orixe institutuan elkartu dira eta ikastetxez ikastetxe protesta zaratatsua egin dute. Ondoren, eguerdian, Trianguloan Euskal Herrirako hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute mosaiko bat osatuz. Eguna amaitzeko, berriz, Trianguloa plazan egin dute bilkura, 19:30ean; manifestazioa aurreikusita bazegoen ere, eguraldia dela eta, plazan bertan geratu dira, elkarretaratzea osatuz, Erreformei planto, eraikuntzara salto leloa defendatuz.

Ikasle Abertzaleakeko Iñigo Aranburuk azaldu duenez, «erreformei planto» egiteko deitu dute gaurko protesta eguna. «Madrildik inposatu nahi dizkiguten erreformak alde batera utzi nahi ditugu, eta horrez gain Euskal Herrian gure hezkuntza nahi dugula nabarmendu nahi dugu, euskalduna eta herritik herriarentzat egina izango dena».

Era berean, ezarri nahi dituzten erreforma guztiek «pixkanaka hezkuntza sistema pribatizatzea» dutela helburu esan du: «Enpresarien esku hartzea bultzatu eta beraiek ezarri nahi dituzten baloreak sartu nahi dizkigute txiki txikitatik. Unibertsitatean egin nahi duten erreforma horrek ere hori du helburu nagusi; graduen urteak hiru urteetara jaitsi nahi dituzte eta masterrak bi urteetara igo, eta kontuan hartu behar da masterrak %80 garestiagoak direla eta honek suposatzen duena da gutxi batzuk bakarrik ikasi ahalko dutela, dirua dutenek, eta ez dutenek uko egin beharko diotela ikasteari».

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!