Berdintasun Astea antolatu dute Saiaz mankomunitateko hiru udalek

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 25a, 13:11

Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilen egingo dira ekimenak datorren astean zehar. Lehena Irati Arrillaga psikologoaren hitzaldi bat izango da.

Azken bi urteetan Berdintasun Eguna antolatu ondoren, Saiaz Mankomunitateko hiru udalek beste pauso bat eman dute eta aurten Berdintasun Astea antolatu dute. Elena Rikondo gizarte langileak azaldu duenez, «herri bakoitzak bere egitaraua ateratzea ez zela bideragarria eta hasi behar ginela elkarlanean lantzen». Horrela, Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo udalen artean antolatu dute Berdintasun Astea. 2011n hasi ziren Saiaz Mankomunitatean Berdintasun Plana martxan jartzen eta herri bakoitzean ekimenak antolatzerakoan ikusi dute taldeak osatzea zailagoa dela. «Horrez gain, indar gehiago ematen zaio, udalerriek bide bera hartzen dutelako berdintasunaren inguruan», azaldu du Rikondok.

Guztien artean antolatu dute, baina ekitaldiak herrien artean banatu dituzte. Albizturren hitzaldi sorta bat hasiko dute martxoaren 3an, eta izena emateko azken eguna bihar bertan bukatuko da. Parte hartzeko interesa duenak 943 68 11 28 zenbakira deitu behar du. «Lanketa egingo da emakume helduekin. Seme-alabak zaintzetik, gurasoak zaintzera eta gero bilobak zaintzera pasa direnen inguruan hitz egingo da», zehaztu du Rikondok.

Beste ekimen batean, martxoaren 6an Goiatzen egingo dena, haurrak izango dira protagonista. Kartelak egiten ari dira hiru udalerrietako Lehen Hezkuntzako ikasleak berdintasunaren inguruan. «Haurrak kartelak egiten ari dira egunotan. Berez, lanketa azken urteetan egiten ari gara haur, irakasle eta gurasoekin berdintasunaren inguruan», zehaztu du Rikondok. Egun horretan ere Albizturren afaria egingo da, eta martxoaren 4a da azken eguna izena emateko, udaletxean bertan.

Gazteek eskatutakoa

Beste ekimena Errezilen egingo da, martxoaren 7an, eskolako gimnasioan, eta gazteengandik sortutakoa izan da. Autodefentsa ikastaroa izango da, 14 eta 20 urte bitartekoei zuzenduta. «Ez genuen horrelako ikastarorik antolatu aurretik, eta bazegoen gazteen partetik eskaera», esan du Rikondok. «Gu deseatzen gaude herritarrek ekimenak proposatzeko, hori da gure helburuetako bat, jendearen parte hartzea sustatzea. Hiru herrietako gazteak elkartu nahi ditugu ikastaro horretan». Izena emateko 943 68 11 28 zenbakira deitu behar da, martxoaren 2tik 4ra bitartean.

Martxoaren 8an bertan ere egingo da ekitaldia, hori ere Errezilen, Borondegi ostatuan. Hezkuntza, kirola, bertsolaritza eta baserri eremuko emakume errezildarrek parte hartuko dute. Ondoren, bertso poteoa egingo dute eta bukatzeko Letea jatetxean afaria antolatu dute. Hain justu, jatetxera bertara deitu behar da, 943 81 28 87telefono zenbakira, martxoak 6 baino lehen, izena emateko. «Hiru herrietako bizilagunei irekita dago afaria, eta ea jendea animatzen den bertara joaten», azaldu du Rikondok.

Egitaraua

Martxoak 3, 10, 17 eta 24, astearteak

15:00-17:00. Ama, amona... noiz arte zaintzen? hitzaldi monografikoak Irati Arrillaga psikologoarekin, Albizturko udaletxean.

Martxoak 6, ostirala

19:00. Kartel lehiaketaren sari banatzea. Ondoren, bideo emanaldia eta pintxo eta edariak. Goiazko frontoian.

21:00. Afaria Albizturko ostatuan.

Martxoak 7, larunbata

16:00-19:00. Autodefentsa ikastaroa Errezilgo eskolako gimnasioan.

Martxoak 8, igandea

17:00-18:30. Mahai ingurua arlo ezberdinetako emakumeen parte-hartzearekin. Ondoren bertso poteoa eta amaitzeko afaria Letea jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!