Tolosaldean Guardia Zibilarik ez duela nahi esateko lantaldea, lanean

Ataria 2015eko otsailaren 24a

‘Alde Hemendik!’ dinamika sortu dute eskualdean; konponbide garaia dela aldarrikatu dute

«Polizia indar espainiarrak euskal lurraldeetatik ateratzeko bideak eta erabakiak lantzea eta denon artean adosteko» helburuz sortu dute eskualdean Alde Hemendik! dinamikarako lantaldea.

«Gure lanaren oinarria herritarrekin, eragile sozialekin eta instituzioekin elkarlana» izango dela esan dute. Dinamikako arduradunek gogoratu dute Alde Hemendik! Euskal Herriaren historian presente egon den herri aldarrikapena dela, «izan ere, historikoki Espainiako indar armatuek Euskal Herrian egoteko helburu bakarra izan dute: euskaldunoi arrotza zaigun sistema politikoa eta legala indarrez ezarri eta beldurraren beldurrez saihets ezina dela erakustea». Horretarako guardia zibilek «torturak, erailketak eta errepresio mota guztiak» erabili dituztela diote. Era berean, «bakea, demokrazia eta normalizazio politikoarena» izan beharko lukeen garai honetan, indarrean dagoen biolentzia bakarra Espainiako Estatuarena dela esan dute.

«Euskal herritarrak bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea inoiz baino bizkorrago eskatzen ari diren honetan, Guardia Zibilak indarkeria erabiltzen jarraitzen du. Euskal herritarrok errepresio poliziala urteko 365 egunetan jasaten jarraitzen dugu», gaineratu dute. Hau guztia dela eta sortu dute Tolosaldean Alde Hemendik! dinamika pizteko lantaldea, eta aurkezpena inauterietan egin zuten eta mozorroturik, «momentuz aldarri honi ez diogulako aurpegirik jarri nahi, herritarra behar duelako izan, anitza eta zabala, eta horretara goaz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!