Gogoangarria!

Jexux Murua 2015ko ots. 16a, 20:28

Beotibar pilotalekua gainezka ikusi ahal izan da

Pilotan, mozorroak kenduta! Hala genion joan den ostiralean. Eta hala izan da. Inauterietako astelenitak aurtengo Pilota Txapelketa Nagusiko partida onenaz gozatu du. Gogoangarria!

Seiehun eta bat pilotakada dituzte joak, azkenekoa Bengoetxea zabalera jotako ñakua: tanto eta 21na. Saskira joan eta pilota aldatu dute. Bengoetxeak, frontoia betetzen duen jendearen txalo zaparrada bultzaka duela, atera du sakea motz, bihurri, ezker horman gaiztotzera. Albisuk altxa du sake zaila eta Bengoetxeak pilotari lurra ukitzen utzi gabe txokoratu du pilota, ezkerrez, goxo-goxo, bere eskumutur harrigarriak duen ukitu bereziarekin. Iñaki Artola eskuinera abiatuta, Albisu urruti ... Tanto izatekoa zen, baina pilota txapan lehertu da eta txapa soinuarekin frontoi osoa. 22 eta 21 urdinak irabazle: Iñaki Artola alegiarra eta Jon Ander Albisu.

Eta bitartean zer? Artola eta Bengoetxearen joko ausarta aurrean: hurrenez hurren, 13 eta 11 tanto egin dituzte jokoan, zein baino zein. Atzean, Albisuren joa eta Aretxabaletaren errepika, beti, beste bat gehiago jotzera behartuz. Partida ikaragarri ikusteko zoria izan dugu bertaratu garen pilotazale guztiok. Horregatik, frontoi osoa zutik dela agurtu dituzte lau pilotariak. Inork galtzea merezi ez zuen egun horietakoa zela esan daiteke, baina hori, pilotan, ezinezkoa da.

Tanto asko izan dira gogoangarriak, bat eta bi baino gehiago jendea aulkietatik altxa arazi dutenak. Partidak hasiera bikaina izan du: Iñaki Artolak txokoan jarraian egindako bi tantoei, ezker gantxoz zabaldutako hirurekin erantzun die Oinatz Bengoetxeak.

Artola eta Albisuren joari bikain eusten zion Aretxabaletak, burutsu, pilota ezker hormara gurutzatuz eta gaiztotuz ahal zuen guztietan. Eta Bengoetxea aukera txikienaren zain bazterrak nahasteko: zenbatetan pasatu da menpean egotetik menderatzera! Baina bikote gipuzkoarrak, gaur, lanerako ez ezik joko aldi bikainean dagoela erakutsi du.

Bi atzelarien artean ez dituzte lau pilota baino galdu, Albisuk gainera, Bengoetxearen pilota bat aurreko koadroetan harrapatu eta zabalera ñakua egiteko talentua izan du. 16 eta 11 ari ziren galtzen une horretan. Iñakiren txanda etorri da orduan: ezker gantxoak zabalera alde egin dio Bengoetxea eta Aretxabaletari 17a emanez, baina ez da kokildu eta jarraian egin ditu hurrengo lauak, 3 ezker gantxoz zabaleko arrastoa bilatuz eta laugarrena bazterrean (17-16). Eta orduan etorri da arratsaldeko tantoetako bat, ze gora beherak, ze atze aurreak, Artola eta Albisu erasoan, besteak eusten, hurrena hauek erasoan eta haiek eusten, azkenean Bengoetxearen ezker gantxo bikaina kanpora: 17-17.

Bengoetxeak egin du halere hemezortzigarrena, ezker gantxo bikainez. Eta orduantxe Oinatzi gaur loa kenduko dion tantoetakoa: sakea pasa egin du! (18-18).

Baina ez da ez kizkurtu, bai zera! Berak egin ditu hurrengo bi tantoak, bata Iñakiren ezker zehar bikain bat harrapatu eta kontrara ñakua eginez bazterrera, oker madarikatu, eta bestea buruz gain sotamanoz.

Eta hementxe azaldu da alegiarraren kemena. Zortzi hilabete eskas dira debutatu zuela, orain gutxi miresten zituenekin ari da, 18-20 galtzen, eta bi ezker gantxo ikaragarri bata bestearen atzetik. Bietan jarri da jendea zutik txaloka (20-20).

Berak egin du hogeita batgarrena ere, Iñakik, Bengoetxea huts egitera behartuz. Orduan etorri da arratsaldeko beste tanto itogarrietako bat, Oinatzek maisuki amaitu duena zabaleko puntara ñakua eginda. 21-21.

Hogeita bana!! Joko ona, emozioa gainezka, pilotariak eta ikusleak sartu-sartuak. Ze eskatu behar dute pilotari eta pilotazalek hori baino! Pilotariek irabazi egin nahi dute. Asmo horrekin aldatu dute pilota Bengoetxea eta Aretxabaletak; asmo horrekin dator Oinatz lasterka bizian sakea ateratzera. Sakea bihurria da, oso zaila, baina ez jira ezina. Eta jiratu du Albisuk. Hor ikusi du Oinatzek partida emango dion tantoa egiteko aukera, eta badoa, jo du ezker eskuarekin bere eskumutur harrigarriak bakarri ematen dion defektua emanez pilotari. Pilota hor doan airean itzuli-mitzuli ... Amerikarrak bagina filme bat egingo genuke sekuentzia honetatik abiatuta. Hau bizitzeko zoria izan dugunak, gure oroimenetan gordeko dugu. Gogoangarria izan delako!

Olaetxea garaile jaialdiko lehen partidan

Lehengo partida, 18-9 irabazi diete Olaetxea lizartzarrak eta Apraizek Saralegi amezketarrari eta Larunberi. Azken honen egun kaxkarrak asko baldintzatu du partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!