Oinezkoen zubiko zoruko arazoak konpontzen ari dira

Ataria 2015eko otsailaren 14a

Villabona eta Zizurkilgo udalek behin behineko neurriak hartu dituzte 

Zizurkil eta Villabonako udalek bi udalerriak lotzen dituen oinezkoen zubian beharrezkoak diren neurriak hartzeko elkarlanean ari direla esan dute. Izan ere, orain gutxi Zizurkilgo EAJko alkategaiak, Marian Lazkanok, Zizurkilgo Udalari bertako zorua konpontzeko neurriak hartzeko eskatu zion, hau labainkorra zelako. «Behin behineko konponbidea eman zaio zoru irristakorrari», esan dute. «Prentsara jo zuenerako eginda zegoen lana, baina bistan da ez dela zubitik aspaldi igaro. Nola ez da ohartu hainbeste kezkatzen duen zubi horren aldaketaz? Bertan bizi ez delako, agian?», gaineratu dute Zizurkil eta Villabonako udalek.

Hauteskundeak
Lazkanok zubiak akatsak dituela salatu zuen, eta horri ere erantzun nahi izan diote udalek: «Ikusgarria da bere legealdian hartutako erabakiak nola leporatzen dizkigun oraingo ordezkarioi. Garai ezberdinak dira, bai... eta eskerrak!».

Era berean, zubiaren zorua hauteskunde aurretik konpontzea borondate kontua dela zioen Lazkanok, eta udalek diote kontua borondatea zein den jakitea dela. «Irudia garbitzea edo zubi on bat uztea. Zizurkilgo eta Villabonako udalak zubi horri konponbidea jartzeko lanean ari dira eta momentuko irtenbideaz gain, zorua betiko egonkortuko lukeen ere aztertu dugu, aurrekontuak prestatuz. Uda garaian egin beharreko lanak dira, ordea, emaitza ona lortu nahi bada. Eta gure lehentasuna, batzuena ez bezala, ez da prentsan titular bat lortzea; aurrera begira herritarrei mesede egingo dien zorua lortzea baizik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!