Jokin Aranalderen aurkako auzia artxibatu dute

Imanol Garcia 2015ko ots. 13a, 13:54

"Benetan pozik egotekoa da; albiste garrantzitsua da niretzako pertsonalki. Gauza askotatik libratzen zaitu eta etorkizuna beste perspektiba batekin begiratzeko aukera ematen dizu", azaldu du Aranaldek.

Auzia artxibatu arte epailearen aurretik pasa behar izaten zuen astero. Bere aurka zeuden neurriak bertan behera geratu dira, estatu espainiarretik ateratzeko debekua, esaterako, eta, beraz, Frantziako Poitiers-Vivonne espetxean dagoen Maite Aranalde alaba bisitatzeko aukera izango du. "Aurretik bi aldiz eskaera egina nuen, baina atzera bota zidaten. Hurrengo astean ez, baina horren ondorengoan joango naiz bisitatzera. Maiterentzat ere oso garrantzitsua da", esan du Aranaldek. "Oraindik ez du albistearen berri. Bihar goizean du bisita eta hor jasoko du albistea".

Bere aurkako auziaren nondik norakoa azaldu du: "Iheslariek Miarritzen ekitaldi nagusi bat egin genuen eta bertan jaso genuen babes oso zabala, bideorri bat aurkeztu genuen, eta horrek eragin handia izan zuen. Besteak beste, ni seinalatua izan nintzen eta izugarrizko kanpaina hasi zen Espainian nire kontra. Era guztietako kargua botatzen zituzten".

Ekitaldi horren ondoren etorri zen Aranalde atxilotzeko agindua. "Guk urrats bat ematen dugunean herri honetan, errepresioarekin erantzuten dute automatikoki. Muntai bat antolatu zuten eta bide bat ireki, eta Estatu frantsesak ere bide horri jarraitu zion, eta hala euroagindua aplikatu zen", dio Aranaldek. "Baina oinarririk ez duenez, azkenean denbora pasa da, jendeak ahaztu du, eta auzia artxibatu dute. Badakit abokatuaren bitartez, Guardia Zibila ibili dela azkenaldian gauzak bilatzen bere akusazioa indartzeko, baina nonbait fiskalak eta epaileak ez dute kontuan izan, eta auzia artxibatu da".

Aranalderen ustez "elementu oso garrantzitsua" izan da Iparraldean izan den mugimendua: "Hainbat indar politiko eta hainbat pertsonalitatek estatu frantsesarekin eta justiziarekin lan handia egin dute nire defentsan eta ireki den prozesu berri honetan oztopo gehiago ez jartzeko, eta horrek eragin handi bat izan du, eta nik pertsonalki eskertu behar dut".

"Ezpata gainean" sentitu du orain arte: "Nahiz eta zu saiatu bizitza normala egiten, ezpata hor gainean duzu. Une honetan sentitzen duzu libratzen duzula kartzela, baina beste gauza asko ere libratzen dituzu". Bide batez, zoriontzeko deitu dion jende guztiari eskerrak eman dizkio. Bestalde Euskal Herriaren egoera ez dagoela konponduta nabarmendu du.

Azken hilabeteetan Aranalde Tolosaldean bizi da, hainbat urtetan kanpoan izan ondoren. "Egoera honetara erraz egokitzen zara. Poliki-poliki goaz, eta une batzuetan galduta sentitzen zara. 20 urtez gero ez naiz Gaztelun bizi eta gero berriro hona bizitzera etortzean, horrelako gorabeherak izanik, alde batetik pozik, baina batzuetan galduta bezala sentitu izan naiz", esan du Aranaldek. "Jende asko topatzen duzu, ahantziak zenituen aurpegi asko berriro ezagutzen dituzu, besarkada asko, sentimendu asko. Esan daiteke gaur egun pixka bat asentatuta nagoela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!