Artola eta Albisuk aukeratu dituzte pilotak Astelenitarako

Ataria 2015eko otsailaren 12a

Beotibar pilotalekuan bete dute pilota aukeratzeko ohiko protokoloa. Astelenita arratsaldean jokatuko dute Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaletaren aurkako partida. Garrantzi berezia duen partida da hau bi bikoteentzat, finalerdietarako lehian bete-betean sartuta daude eta.

Artola eta Albisurekin hitz egin dugu aukeraketaren inguruan eta baita Bengoetxearekin ere.

 

Juaristik jarritako loteetatik desberdintasun nabarmena dutenak aukeratu dituzte. Bengoetxeak eta Aretxabaletak frontisean irteera gutxiagoko eta lurrean azpitik ibiltzen diren pilotak aukeratu dituzte (104,4/104,1 eta 104,8 pisatu dute). Iñaki Artola alegitarrak eta Jon Ander Albisuk bote luzeagoko eta karga gehiagoko pilotak aukeratu dituzte; ez dira biziegiak hala ere, bere ezaugarriak ondo baliatzeko aproposak baizik (105,6 / 106,5  eta 105,4 pisatu dute).

Aukeraketa berean Asteartitako partidako pilotak ere aukeratu dituzte. Xala eta Merino II.ak frontisetik gertu aritzeko pilotak hautatu dituzte, eta Rezustak (bakarrik etorri da) atzeko jokoa egitekoak. Pisuak: lehenek 105,2 / 104 eta 104,4 eta bigarrenek 105,8 / 105,3 eta 106,2.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!