Zartagin hotsa inauteri doinuen iragarle

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2015ko ots. 6a, 11:01

Hungariar kaldereroak inauteriak baino astebete lehenago iritsiko dira eskualdera urtero bezala.

Hungariako kaldereroak gara etorririk Tolosaldera. Laster Momok argituko digu nahiz eguna nahiz eta gaua. Inauteri alaiaren iragarle gu gara, Bai! atsegina eta algara. Ez da ez algara eta festarik faltako eskualdean. Inauteri gogoak deituta edo, aurten ere bueltan dira kaldereroak eta eskualdeko hainbat herritan egingo dute geldialdia. Anoetan, Ibarran, Iruran, Tolosan eta Zizurkilen etxeko trapu zaharrak hartu eta kalera irtengo dira herritarrak musikariekin batera.

Duela gutxi entzun ahal izan dira Raimundo Sarriegiren doinuak Azpeitiko eta Donostiako danborren burrunbaz lagunduta eta kaldereroekin batera, konpositore donostiarraren kalderero doinuek hartuko dituzte kaleak berriro ere. Danbor eta kupel hotsak, ordea, ez die protagonismorik kenduko oraingoan Sarriegiren lanei eta zartagin eta mailu kolpeek egingo dute kalderero kantuen perkusio laguntzaile lana. Kalejira, balts, mazurka eta antzeko erritmoetan ezinbesteko tresna bilakatu dira kaldereroen zartaginak. Doinu alai eta biziekin inauterietako habanerei paso emango diete, honela, hungariar kaldereroek.

Loatzo musika eskolakoak Anoetako, Irurako eta Ibarrako kalejiraren antolakuntzan ibiltzen dira. Hamarkada bat baino gehiago daramate inauteri aurretiko ohitura honi beraien tartea eskaintzen eta aurten ere musika ikasleak instrumentuak kalera aterako dituzte zartaginen kolpeak akordeen bidez gidatzeko. Anoetan ekin zioten Loatzokoek kaldereroen festari eta urteen poderioz, Ibarrara eta Irurara ere zabaldu dute ospakizuna.

Loatzo Musika Eskolako ikasleak herrien arabera banatzen dira kaldereroen desfileetarako eta hainbat kolaboratzaile ere izaten dituzte egun honetarako. Herrietako musikariak, ikasleen gurasoak, musika irakasleak... hauek guztiak gehitzen zaizkie Loatzoko ikasleei zartagin hotsei kontra egiteko. Banda formatuan ibili beharrean, ordea, txaranga moduan ateratzen dira egun honetan loatzotarrak. Urtean zehar Loatzo txarangak egiten dituen emanaldietako bat da kaldereroetakoa, Irura eta Anoetako danborradak bezalaxe.

Honenbestez, prest dituzte Sarriegiren kantuak musika ikasleek eta herritarrentzat horren ezagunak diren doinuei zartagin kolpeak gehitzen ibiliko dira herritarrak eskolako ikasleekin batera. Herritarrek asko estimatzen duten festa izan ohi da kaldereroena eta mozorrotzeko grinarekin batera, handitzen doa urtetik urtera parte hartzea.

Zizurkilen Pedro Mari Otaño eskolakoak arduratzen dira kaldereroen ohituraz. Goiztiarrenak izaten dira eskualdean eta ostiraleko 15:15ean abiatzen dira ikastetxearen paretik. Desfilea amaitutakoan, 16:30ak aldera, Elbarrenako plazan merienda egiten dute ikasleek.

Urdiña Txikikoen oihartzuna

Duela 33 urte hasi zen Tolosako Urdiña Txiki elkartea kaldereroen kalejira antolatzen. Ordutik hona parte hartzaile asko gehitu dira festara eta gaur egun jende ugari mozorrotzen da Tolosako Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibiltzeko.

Desfilea irekitze ekitaldirako flauta, biolin eta akordeoi-jotzaileez bereziki osatutako taldea joaten da. Kalderero doinuak jotzen dituzte eta beraiekin batera izaten dira ere koroa eta dantzariak. Hauei jarraiki, nahikoa lan izaten duen domatzailea joaten da hartzarekin. Karroza mugitzen da hauen atzetik, erreginarekin eta bandaren zuzendariarekin. Banda zuzendariari kasu eginez joaten den bitartean, zartagin-joleak jarraitzen diete musikariei eta desfilea ixten, txistorra ogitartekoak banatzen dituen gurdia izaten da.

50 musikaritik gora elkartzen dira Tolosako kaldereroen kalejiran. Hasierako taldeko musikariez gain, kaldereroen banda herrikoia dago. Bertan, Tolosako Musika Bandako kideak, Udal Musika Eskolako bandako ikasleak eta herriko beste musikariak nahasten dira, guztien artean maisuki interpretatuz kaldereroen kalejira ezaguna.

Inauteriak iristear daude eta herritarrak festarako prest daude jadanik. Etxeko trapuak, alkandorak, kateak eta zartagin zaharrak hartu eta kaleak algaraz beteko dituzte hungariar kaldereroek aurten ere, beraien urteroko geldialdia eginez, inauteriak bertan direla iragarriz.

KALDEREROETAKO EGITARAUAK

OTSAILAK 6, OSTIRALA

Anoeta. Herriko plazatik abiatuko dira 18:30ean. Euria eginez gero frontoian izango da. Ondoren, txorizo pintxoak Ateaga elkartearen eskutik, Loatzo txarangak alaituta.

Ibarra. 18:15ean ijitoz jantzita eta zartaginarekin San Bartolome plazan elkartuko dira parte hartzaileak festa giroan Kaldereroak ospatzeko. Eguraldi txarra egingo balu, festa Emeterio Arrese parkeko pilotalekuan gauzatuko da.

Irura. Kulturunetik abiatuko da kalejira 18:30ean. Ondoren merienda izango da parte hartzaile guztientzat.

Tolosa. Udal musika eskolako kaldereroetako kontzertua. 19:30etan, musika eskolako aretoan.

Zizurkil. Pedro Mari Otaño eskolakoak 14:50ean abiatuko dira ikastetxearen paretik, inguruko kaleetan kalejira egingo dute Joxe Agirre plazaraino.

OTSAILAK 7, LARUNBATA

Tolosa.

11:00. Tolosako erraldoi eta buruhandiak, Tolosako Dultzaineroez lagundurik. Irteera Plaza Zaharretik.

15:00. Haurren Txantxo Lehiaketa Zentro Sozio-Kulturalean.

16:00. Aiz-Orratz elkarteko txaranga Txirri. Mirri eta Txiribiton pailazoekin batera Triangulotik irtengo da.

19:00. Urdiña Txiki Elkarteak antolatuta, Kalde, Kaldereroen Konpartsa aterako da Plaza Zaharretik.

22:30. Incansables txaranga kalez kale.

OTSAILAK 8, IGANDEA

Tolosa.

12:15. Iñauterietako kontzertua, Tolosako Musika Banda eta Udal Txistulari Banda, Berdura plazan.

Erlazionatuak

Iritsi dira lehen kaldereroak

Ataria 2015 ots 06

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!