Kanpoan hotz, baina eztarria bero

Imanol Garcia Landa 2015ko ots. 3a, 20:24

Bidania-Goiatzen, 2012ko Santa Ageda bezperan atera zen taldea.

Santa Ageda bezpera da bihar, eta hainbat herritan elkartuko dira kantuan aritzeko. Ikusi egitaraua albistean sartuta, eta entzun Pili Lazkano ikaztegietarrari eta Arkaitz Zelaia bidaniar-goiaztarrari egindako elkarrizketak.

 

 

Eskualdean hotz egingo duela iragarrita dago biharko, eta horrek hainbat aldaketa eragin dezake Santa Ageda bezperako ekitaldietan. Halere, herri gehienetan tradizioari eusten diote eta bihar ere aterako dira santa eskean.

Kultur taldeak edota herriko abesbatzak dira Santa Ageda bezperan eskean eta kantuan aritzeko bultzatzaile nagusiak. Askotan, gainera, bertsolariek laguntzen dute, eta giro berezia sortzen du ohiko doinu ezagunen ondoan bat-batekotasunak ematen duen txinparta.

Bidania-Goiatzen, esaterako, orain gutxi berreskuratu dute santa eskean aritzeko ohitura. Kukuri kultur elkarteak bultzatuta, hainbat herritar elkartuko dira eta kamioia erabiliz batetik bestera ibiliko dira, ahal den herriko txoko guztietara kantuaren berotasuna eramateko. Bidelagun izango dira herriko Arkaitz Zelaia eta Beñat Lizaso azpeitiarra bertsotan. «Hiru orduz aritzen gara», dio Zelaiak. «Kamioian lasto fardoak jartzen dira eta hor joaten gara batera eta bestera».

Goiaztik hasten dira eta pixkana Bidania aldera jaisten dira, gero afaria egiteko elkartean. «Bosgarren urtea da ateratzen garela, eta jendea zain egoten da. Orain dela urte asko ateratzen ziren santa eskean, baina nik neuk ez dut ezagutu, eta orain berreskuratu dela, jendea zain egoten da». Zelaiarentzat berezia izaten da, etxez etxe bertsotan ez baita egunero egiten. «Ez dugu asko lantzen eta urtean behingo pasadizoa egiteko moldatzen gara».

Emakumeek osatutako taldea
Ikaztegietan aurten hamalaugarrenez aterako da emakume talde bat santa eskean. «Hasieran lau herritar hasi ziren erdi broman aterako zirela esanez. Azkenean saski bat eta oilasko pare bat hartu eta hasi ziren tabernatik taberna kantari. Urtero joan gara jendea gehitzen, eta gaurko egunean 12-14 emakume biltzen gara», azaldu du Pili Lazkanok.

Ez dituzte Santa Ageda bezperako ohiko koplak bakarrik abesten. «Baditugu taldean bi ahizpa, Lurdes eta Jone Larrea, artistak direnak eta koplak idazten dituzte. Hasieran ere Joxepi Etxeberria aritzen zen horretan», ekarri du gogora Lazkanok. «Baserri bakoitzari koplak jartzen dizkiogu eta urtero joaten gara osatzen. Oso gustura ibiltzen gara, hamalau urte egingo ditugu eta jarraitzeko asmoa dugu».

Ibilbidea eskolatik hasten dute, eta beraiei ere kopla bereziak eskaintzen dizkiete. 14:30ak aldera elkartzen dira prestaketa lanak egiteko eta gero eskolan 15:45ak aldera abesten diete haurrei. Gero herritik berezita dauden etxeetara joan eta handik baserrietatik buelta egiten dute. 18:30ak aldera herrira jaisten dira, auzoz auzo kantari aritzeko.

Egitaraua

Albiztur
09:30. Eguraldia oso txarra ez bada, irakasleak, haurrak eta gurasoak kantuan aterako dira herrian zehar. Eskuratutako dirua guraso elkartearentzat izango da.
Alegia
19:00. Larraitz auzoko plazatik abiatuta, Txintxarri abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean Bertso Taldea santa eskean kalean kantari ibiliko dira. Herritar guztiei dei egiten diete eurekin batera ateratzera.
Altzo
17:30. Altzoko korua plazatik aterako da herrian zehar santa eskean aritzeko.
Asteasu
16:00. Usarrabi kantu jira taldekoak plazan elkartuko dira. Beraiekin izango dira Agustin Aizpurua bertsolaria eta Aitzol Txapartegi trikitilaria. Baserriz baserri ariko dira santa eskean.
18:45. Aurreko taldea Elizmendiko plazan elkartuko dira, Trikitixa eta Pandero Eskolako kideekin eta Aritz Mujika bertsolariarekin. Elizmendi ariko dira kantari eta gero herrira jaitsiko dira. 22:00ak bitarte ariko dira santa eskean, eta gero afaria egingo dute Aitzondo elkartean.
Amasa-Villabona
11:00. Zubimusu Ikastolako LH6 eta DBHko ikasleak aterako dira Zentrotik herrian zehar kantuan aritzeko.
18:30. Eresargi abesbatzakoak eta nahi duten herritar oro elkartuko dira Santio egoitzan, eta hortik abiatuta herrian zehar ariko dira santa eskean. Beraiekin batera izango da Unai Mendizabal bertsolaria. Sagardotegi batean afalduz emango diote egunari amaiera.
Anoeta
16:30. Kuku elkartean bilduko dira santa eskean aritu nahi duten herritarrak. Eguraldiaren arabera baserriz baserri egingo duten ibilbidea luzeagoa edo laburrago izango da. Horren ondoren, herrian ariko dira kantari.
Berastegi
Arratsaldean. Herriko neska-mutilek osatutako bi futbol taldeetako partaideak santa eskean aterako dira. Lortutako dirua udaberrian jokatzen den Costa Dourada Cup torneoan parte hartzeko bideratuko dute.
Bidania-Goiatz
18:00. Kukuri kultur taldeak antolatuta, herritarrak Bidaniako frontoian elkartuko dira. Gero ibilbidea Goiaztik hasiko dira. Arkaitz Zelaia eta Beñat Lizaso bertsolariak ariko dira kopletan. Goiatzen eta Bidanian santa eskean aritu ondoren, afaria egingo dute 21:00ak aldera Muxarra elkartean.
Ibarra
19:00.  Hauspoa kultur elkarteak antolatuta, urtero legez, Izaskunen Santa Ageda eskea egingo dute. Izaskungo aparkalekuan elkartuko dira eta santa eskean aritzeko bertsolariak eta trikitilariak izango dituzte lagun.
Ikaztegieta
15:45. Azken urteetan bezala, emakumeez osatutako talde bat ariko da santa eskean. Eskolan hasiko dute ibilbidea.
Tolosa
17:30. Udal musika eskolako ikasleen koroa eta eskusoinuko ikasleak aterako dira santa eskean.
18:00. Lizardi elkartekoak askaria egiteko bilduko dira elkartean bertan. 18:30ak aldera aterako dira santa eskean aritzeko.
19:00. Amarozko auzo etxetik aterako dira eta auzoan ariko dira santa eskean.
Zizurkil
15:00. Otaño ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak aterako dira ikastetxetik, eta bueltatxo bat emango dute ikastetxearen atzealdeko etxeetatik, Aurrera plaza aldera ere joango dira, eta osteratxo bat egingo dute Elbarrenan zehar. Azkenik 16:20 aldera ikastetxera itzuliko dira, eta txikiekin abestuko dute bertan.
17:00. San Millan ikastetxekoak Iruñea baserriaren aldera joko dute, handik kanposantura, Agerre baserri aldera, eta 20:00ak aldera Zizurkil Goiko plazara itzuliko dira. Ondoren, bokata jaten geratuko dira gurasoak eta umeak Iriarte jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!