«Dinamika honen indarra herrietan dago, herritarrak dira motorra»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 3a, 17:21

Hitzaldi zikloko lehen hitzorduan Katalunia izan zuten hizpide

Amasa-Villabonako Gure Esku Dagok antolatutako hitzaldi zikloaren baitan, ‘Herri borondateak gauzatzen’ zegoen aurreikusita gaurko. Elurraren ondorioz protagonistek ezin izango dute gerturatu eta atzeratu egin dute.

Gure Esku Dago ekimenak erronka handia du aurtengoan ere. Iazko giza katea atzean utzita, orain josteko garaia da. Herritarrak ehuntzen jarri nahi dituzte dinamikako arduradunek, ekainaren 20an Euskal Herriko hainbat futbol zelaitan jarriko dituzten hautetsontziak oihalez jantzi behar baitira.

Hitzordu nagusia ekainaren 20a bada ere, orain egitasmoa herriz herri harilkatzeko garaia da, eta Amasa-Villabonako Gure Esku Dago ekimeneko arduradunak horretan ari dira buru-belarri. «Apirilaren 25a Ehuntze Eguna izango da, herriz herri joango gara hautetsontzi erraldoietako oihalak prestatzen. Hori egiteko lanketa bat egin behar da, izan ere, oihal bakoitzean 20 pertsonek atxikimendua eman ahalko dute eta hori bideratu egin behar da aurrez», azaldu du Villabonako ekimeneko Uxoa Elustondo kideak. Hori baino lehen giroa «berotzen» joan behar da, paperean egindako patroia errealitatera eraman behar da, eta bide hori egiteko hitzaldi ziklo bat antolatu dute.

Lehen hitzordua pasa den astean izan zen, aretoa bete zen Kataluniako errealitatea ezagutu eta Euskal Herrikoaz aritzeko, eta bigarrena bihar izango da. Biharkoan Herri borondateak gauzatzen izenpean herri galdeketak izango dituzte hizpide, eta horretarako hiru izango dira gonbidatuak: Etxarri Aranatzeko A13 herri galdeketako ordezkariak, Arrankudiaga-Zalloko Ados plataformakoak eta Gure Esku Dago ekimeneko Karmele Olabarrieta.

2012ko aurrekaria
Gure Esku Dago ekimenak azken urtean hartu du indarra, baina Etxarri-Aranatzen 2012an hasi ziren erabakitzeko eskubidearen inguruko lanketa egiten. Zer izan nahi dugu? galderari erantzuna eman nahi izan zioten. «Herri mailan zer ginen, zer garen, eta zer izan nahi dugun lantzen hasi ginen, eta hortik etorri zen galdeketarena. 2012an Nafarroan eta bereziki gure herrian emandako zenbait gertaeren inguruan sortu zen guztia. 2012an 500 urte bete ziren nafarrak konkistatuak izan ginenetik, eta 700 urte Etxarri herri bezala sortu zela. Aitzakia horiek hartu genituen 2012tik aurrera erabakitzeko eskubidea eta memoria historikoa lantzeko. Galdeketa horren emaitza izan zen», gogoratu du Manu Gomezek. «Gure Esku Dago ekimenean gaude sartuta 2012tik. Orduan lelo bat besterik ez zen, orain ekimen bihurtu den lelo bat. Elkarlanean ari gara etengabe, gu honen parte gara. Gerorako herri guztiek Gure Esku Dago izena hartu dute, eta aurretik bakoitzak berea genuen», azaldu du Etxarri-Aranatzeko ordezkariak.

2014ko apirilaren 13an egin zuten azkenik, galdeketa, eta herritarrek oso ondo hartu zutela dio Gomezek, «bereziki iritzi ezberdinak errespetatzen dituen prozesua delako eta mundu guztia ikusten zelako parte izateko aukerarekin». Behin galdeketa eginda A13 herri galdeketako ordezkariek euren esperientzia partekatzeko eta laguntzeko prest azaldu ziren, eta horretan dabiltza orduz geroztik.
Euren laguntza jaso duen herrietako bat Arrakundiaga-Zallo izan zen. Horiek ere herri galdeketa egin zuten; «Arrankudiagakoek deitu ziguten, eta lan bilerak egin ditugu. Galdeketaren egunean ere hara joateko autobusa antolatu genuen. Harreman estua izan dugu».

Arrankudiaga-Zalloko Ados plataformako Joseba Martinek esperientzia «izugarri polita» izan zela gogoratzen du. «Eguna hunkigarria izan zen, baina gauza asko egin genituen aurretik ere. Oso interesgarria izan zen. Jendearekin harreman zuzena edukitzeko aukera izan genuen hainbat ekitaldiren bidez. Jende askok hartu zuen parte. Herri txikia gara, eta dena bere mailan jarri behar da, baina orokorrean oso ondo aritu ginen». Prozesua Eskozian eta Katalunian gertatzen ari zena ikusita hasi zuten, eta baita Etxarri-Aranatzeko eta Gure Esku Dagoen giza kateko esperientziak bultzatuta ere. «Honelako prozesuek ematen dute ematen duten emaitza, baina garrantzitsuena egitea da. Aurretik egin behar den lana, eta jendearekin sortzen den harremana mantentzea oso garrantzitsuak dira», esan du Martinek.

Herri galdeketen protokoloa Gaurko hitzaldian egongo den beste gonbidatuetako bat da Karmele Olabarrieta. Gure Esku Dagoko kidea da eta ekimenean orain herri galdeketen protokolo esparrua lantzen ari direla esan du. «Protokolo horren hitzaurrea azalduko dut Villabonan eta guk zabaldu nahi dugun filosofiaren inguruan ariko naiz. Protokolo hori herrietako batzordeetan ere emango dugu ezagutzera, hala ere, horrela herritar guztien ekarpenak jasotzeko». Izan ere, helburua da erabakitzeko eskubidea gizarteratzea, eta horretarako herri askotan ari dira lanean. «Dinamika honen indarra herrietan dago, eta herritarrak dira motorra», esan du Gure Esku Dago ekimeneko ordezkariak. 

Gure Esku Dagoko datozen hitzorduak

 

  • Bihar, otsailak 4. Herri borondateak gauzatzen, 19:30etik aurrera, Villabonako Subijana etxean. Hizlariak: Arrankudiaga-Zalloko eta Etxarri-Aranatzeko herri kontsultetako kideak eta Karmele Olabarrieta Gure Esku Dagoko kidea. Moderatzailea Zizurkilgo Igotz Alkorta Euskadi Irratiko kazetaria.
  • Otsailak 6. Jostunak dokumentala Amezketako kultur etxean, 19:00etatik aurrera.
  • Otsailak 10. Kirolean ere Gure Esku Dago, 19:30ean Villabonako Gurea zineman. Hizlariak: Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzailea, Mikel Labaka futbolari ohia, Xabier Usabiaga txirrindulari ohia eta EITBko kazetaria, Iñaki Artola pilotaria, Aitziber Ibarbia mendi lasterkaria, eta Mikel Astarloza txirrindulari ohia. Moderatzailea Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetaria.
  • Otsailak 20. Jostunak dokumentala, 19:30ean, Villabonako Gurea
    zineman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!