AHTaren lanen kalteak salatu dituzte Batzar Nagusietan

Ataria 2015ko urt. 28a, 17:12

Obrek eragina sortu eta sortzen ari diren udalerrietako alkateak ordezkatu dituzte Unai Iraolak eta Igaro Baldak agerraldian.


AHTa eraikitzeko lanek eskualdeko hainbat udalerrietan eragin duten kalteak salatu dituzte bertako alkateek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horien ordezkari gisa, Alegiako Unai Iraola alkateak eskualde osoko kalteen zerrenda luzea egin du eta Hernialdeko Igaro Baldak herri horretan sortu den zulo erraldoiaren berri eman du.

EH Bilduko Judit Garcia batzarkideak arazoen eta egoera kezkagarriaren aurrean, Batzar Nagusien laguntzeko borondatea adierazi die, kontuan izanik «obrek izugarrizko aurrekontua baldin badute ere, Eusko Jaurlaritzak erantzun argirik ez duela eman». Garciak salatu du Eusko Jaurlaritzak «herritarrekiko begirunerik» ez duela izan, ez diela ezer galdetu, estudio geoteknikoek «etengabe huts egin» dutela, eta irregulartasunak eta istripuak «ohikoak» izan direla.

 Hernialdeko zuloari buruz, Igaro Balda alkateak azaldu du urriaren hasieran izan zutela haren berri ondoko baserritarraren ahotik. Komunikabideetan atera zen arte ez zutela arduradunarekin harremanik izan gaineratu du Baldak, eta hauek ondorio «normala» zela esan zietela eta estudio geoteknikoak egin behar zituztela. «Aurretik ez al zeuzkaten?», egin du galdera Baldak. Bestetik, azaroan egindako bileran erantzun bat agindu zietela, baina oraindik ez dutela erantzunik, baliabiderik ez dutelako, zehaztu du.

Alkateak azaldu du oraingoz zuloa hormigoiz bete dutela baina udalak «kezkaz beteta» segitzen duela, «kontuan izanik lanak hasi berriak direla, lurra oso ezegonkorra dela, astearte honetan bertan beste zati bat erori dela eta konponbide argirik ez digutela ematen». Istripuaren beste ondorio batzuk ere salatu ditu, besteak beste, Hernialdeko errepideak itxita segitzen duela. «Ezjakintasun eta kezkaz beteta» daudela esan du alkateak eta herritarrei emateko informazio gehiago eskatu.

Unai Iraola eta Igaro Balda alkateek adierazi dute AHTak ez diela «eskualdeko beharrei erantzuten», eta hobe litzatekeela «istripuari erantzuteko erabiltzen ari diren milioi euroak trenbide sare konbentzionala txukuntzeko erabili».

Iraolak esan duenez, «eskualdeko mugikortasun arazo handiei» ez die erantzungo horrelako azpiegiturak, ezta ere hirietara iristeko beharrei: «Egungo trenbide sareak nahiko baliabide behar ditu, eta AHTan gastatzen ari diren milioika eurorekin egungo sarea askoz ere modu eraginkorragoan jartzeko aukera izango litzateke. Abiadura handiko zuloak gogoeta serioa eskatzen du. Akatsa jatorrian dago, Euskal Herriaren beharrei ez die erantzuten, eta beste guztiak ondorioak dira, obrek dirauten bitartean horrelako istripu eta eraginak normalak dira, gaizki planteatutako proiektuek honelako ondorioak dituzte».

Tolosaldean AHTaren obrek eragindako kalteen erradiografia «kezkagarria» egin du Iraolak. Zenbait baserritan denetariko kalteak salatu dituzte jabeek, pareta, teilatu edo tximinietan, eta horietatik %83 konpontzeke daudela esan du. Errepide eta baserrietako bideetan dauden arazoen zerrenda luzea aipatu du Iraolak: «Zenbait bide itxita daude, garrantzitsuena Hernialdeko errepidea, eta beste batzuk egoera kaxkarrean».

Ur geruza, erreka, ubide eta iturriek jasandako kalteak izan dira esanguratsuenak. Beste zenbait kexa ere aipatu ditu: lur sailen jabeen salaketak baimenik gabe euren lurrak erabiltzeagatik edo zundaketak egiteagatik; desjabetzeen zenbait kasutan mugak ez direla errespetatu; betelanetan hitzartutakoa ez dela bete, hau da, gainean lurra bota ordez, harriz beteta utzi dituztela; eta 24 orduz lan egin dutelako sortutako zarata. Gainera kontrolatu gabeko isurketen ondorioz, Anoetako errekan amuarrainak hil direla salatu du. EAJ, PSE eta PPko ordezkariei alkateek erantzun diete ez dutela uste kalteak obrak amaitzean konponduko direnik: «Lanak hein handi batean amaituta daude eta kalteak konpontzeke. Beste kontu bat da, ingurumenean eta iturrietan eragindako kalteak konponezinak direla».

AHT Gelditu Elkarlana! taldeko Mikel Alvarez eta Amagoia Eskudero ere izan dira Batzar Nagusietan eta AHTa eraikitzeak Euskal Herrian dituen «eragin orokor kaltegarrietan» eta obretan gertatu diren istripuetan sakondu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!