Eskualdeko 13 herriren laugarren mendeurrena, gaur

Ataria 2015ko urt. 26a, 13:02

Duela 400 urte, urtarrilaren 26 batez, banandu ziren Tolosatik eskualdeko 13 herri. Gaztelako Felipe III.a erregeari erosi zioten hiribildu titulua.

XIV. mende bukaeratik Tolosari atxikita zeuden Abaltzisketa, Albiztur, Alegia, Altzo, Amasa, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Ikaztegieta, Orendain eta Zizurkil, baita Andoain ere. Tolosa lau mende lehenago eraikia zen, eta harresiz inguratuta zen. Erregeak emandako foruen babesa, eta pribilegio ekonomiko, komertzial eta fiskalak ere bazituen.

Inguruko herrixketan jende gutxi bizi zen, eta gehienak mendi eta baserrietan bizi ziren. Nekazari eta abeltzain bizimodua zuten, Tolosan harresien barruan zegoen bizimoduaren oso desberdina. Baina Tolosak ez zituen lurrak, eta hori atxikita zituen herrixkei esker lortzen zituen. Herrixka horiek lur asko zituzten, hiribilduak baino askoz zabalagoak zirelako. Herri txiki horiek, ordea, foruen pribilegioaz gozatzeko modu bakarra Tolosari atxikituta izatea zuten.

Antzeko egoera zuten baita Ordizian (zortzi herri zeuzkan, tartean Ataun, Beasain eta Zaldibia) eta Seguran (Idiazabal, Ormaiztegi eta Zegama bere gain zituen). Hiribildu horiei zegokien herrixketan zergak biltzea, konponketak egitea eta bertako beharrei erantzutea.

Dena den, hiribilduen eta atxikitako herrien arteko harremanak ez ziren errazak izaten. Martin Garzia eta Marta Truchuelo historialariek Gipuzkoako Hitzan adierazi zuten moduan, herrixkak Batzar Nagusietan kexaka hasi ziren, "beren interesak ez zituztelako modu egokian defendatzen".

Felipe II.a hil berria zen eta Borboiek egoera ekonomiko oso larrian utzi zuen estatua. Dirua behar zuten, eta hiribilduak erosteko aukera zabaldu zuten, familiako 25 dukat-eko salneurrian. Diru asko zen garai hartan, baina lurren bidez lortu zuten ordainketak egitea.

Horrela lortu zuten Tolosatik banantzea eskualdeko 13 herriek eta Andoainek. Une horretan hasi zuten gaur egun direna bilakatzeko bidea. Tolosak, berriz, pisu ekonomikoa eta politikoa galdu zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!