Berastegin, Orendainen eta Leaburun San Sebastian eguna ospatu dute

Maier Ugartemendia 2015ko urt. 20a, 18:50

San Sebastian eguna eskualdean ere ospatzen da; horren erakusle, Berastegin, Orendainen eta Leaburun tradizioari jarraituz egun honetarako ekitaldi desberdinak prestatu dituzte

San Sebastian eguna fresko esnatu da aurtengoan. Mendi tontorrak zuri zeuden goizean, eta hori tenperaturan antzematen zen. Hala ere, Berastegin, Orendainen eta Leaburu-Txaraman hotzak ez du jendea izutu eta urteroko ohiturari jarraituz, ekitaldi ugari izan dira hiru herrietan.

Berastegin izan dira goiztiarrenak. San Sebastian ermitan bildu dira 10:00etarako eta mezaren ostean, guztiek elkarrekin, ermitaren babesean hamaiketako egin dute.

Eltxoek egun pasa

Orendainen ere goizetik hasi dute festa. 11:15ean tradizioa den moduan, herriko plazatik abiatu dira herritarrak kalejiran, txistularien laguntzarekin, San Sebastian ermitaraino. Bertan meza entzun dute.
Ondoren, eraikin berriko goxotasunean bildu dira, hamaiketakoarekin gorputza berotzeko. Eta bazkaltzeko ordua bitarteko tartetxoan, Pakita Ormaetxea herritarrak Orendaingo baserriak liburua aurkeztu du. Ormaetxeak arbasoen bizimodua ezagutu nahi izan du liburu horren bitartez: «Baserritarren bizimodua nolakoa zen, non bizi ziren, zer-nolako lana egiten zuten...».

Gero, guztiak Eltxo elkartera joan dira bazkaltzera; guztira 50 pertsona bildu dira, giro bikainean. Bazkal ondoren, bertan bildutako guztiek bazkalosteko tertuliaz eta jai giroaz gozatzeko aukera paregabea izan dute.

Ermitaren inguruko festa

Leaburun, San Sebastian eguneko festa izen bereko ermitaren inguruan hasten dute. Arratsaldetik aurrera eguraldiak txarrera egin badu ere, 17:00etan meza entzutera gerturatu dira herritarrak, eta amaitu bezain laster eta eguna iluntzen ari zela, herriko dantzarien emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute.

Ermitatik plazara jo dute leaburuarrek, Zazpi Bide elkartean prest baitzuten afari-merienda goxoa, egunari amaiera ona emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!