Negozio aukerak aztertzeko tresnak eskura, Ekinn proiektuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 20a, 11:21

Tolosaldea Garatzenek doako ikastaroa eskainiko du, otsailetik maiatzera bitarte.

Ekintzailetasuna Design Thinking metodoaren bitartez sustatzeko egitasmoa martxan jarriko dute, Lehiberri zentroan. Doako ikastaro baten bidez zabalduko duten prestakuntza horretan, besteak beste, eskualdeko negozio aukerak aztertzeko bideak nahiz ideia berritzaileagoak lantzeko tresnak jorratuko dituzte eta, guztia, Lehiberri Co-working gunean garatuko dute.

Ekinn izeneko proiektuaren aurkezpen irekia ostegunean bertan izango da, hilaren 22an, Lehiberrin; hitzordua 17:00etan egin dute.

Taldean, bakarka nahiz enpresekin

Ekinn proiektuan parte hartuko dutenek, hainbat gaitasun kasu errealekin lantzeko aukera izango dute. Batetik taldean ariko dira, eta baita bakarkako ideiak garatzen ere. Halaber, enpresekiko harremanak saretuz, irakurketak eginez nahiz ekitaldietara bertaratuz trebatuko dira.

Guztia Design Thinking metodologia oinarri duen lan-dinamikaren inguruan landuko dutenez, bost fase izango ditu ikastaroak. Talde lana eta lidergoa lantzeko trebetasunekin hasi, eta eskualdea aztertuz jarraituko dute, aukeraz aztertuz. Jarraian, bigarren fase horretan aztertutako aukeretatik negozioak sortzeko ideiak zerrendatuko dituzte, prototipoak sortuz; prototipo egokienak aukeratu eta garatu ere egingo dituzte. Azkenik, proiektu osoan barrena ikasitako guztiaren balorazioa egingo dute.

Aipaturiko faseetan, hainbat erronka izango dituzte parte-hartzaileek, negozio aukeren inguruko jardunaz gain: enpresetara bertaratu beharko dute; taldeka benetako aurkezpenak egin beharko dituzte, gutxienez, hiru enpresatan; esparru horretako hiru liburu irakurri beharko ditu kide bakoitzak; parte hartzaile bakoitzak bere ideietan sakontzeko aukera izango du; azkenik, gutxienez bost ekitalditara joan beharko dute, jendea ezagutu eta sustapen lanak egitera.

Finean, Ekinn proiektuko lanketa hori guztia Lehiberriko Co Working espazioa dinamizatu eta aktibatzeko izango da.

Egitasmoa, aipatu bezala, otsailetik maiatzera bitarte izango da, eta astean 14 ordu eskaini beharko dizkiote parte-hartzaileek. Informazio gehiago eskuratu nahi duenak, edo izena eman nahi duenak, zubeldia@tolosaldea.net helbidera idatz dezake, eta baita 943 65 45 01 telefonora deitu ere. Bestela, datorren osteguneko aurkezpenera bertaratzeko aukera ere bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!