Belastegi: «Epaitegietan ikusiko dugu euskararen legeak balio duen ala ez»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 20a, 09:00
Zumaian egin zuen Uemak Batzar Nagusia larunbatean

Euskararen ofizialtasuna defendatuko dute UEMAko kide diren udalek. Maren Belastegi da lehendakaria eta euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzearen beharraz aritu da.

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, Carlos Urkijok, jarritako salaketak pilatzen doaz. Eskualdeko herri asko salatu ditu arrazoi desberdinak direla medio, baina azken salaketak aktak euskaraz bakarrik bidaltzeagatik izan dira. Herri hauek ez daude ados salaketekin, eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen babesarekin epaitegietara joko dute Eusko Jaurlaritzak udaletxeetara bidalitako txosten bat oinarri hartuta.

Carlos Urkijok beste zazpi salaketa jarri zituen orain aste gutxi, tartean Amezketako Udalari, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik. Zein da Uemak egiten duen irakurketa?
Legealdi honen hasieratik hasi zen Carlos Urkijo hainbat konturengatik errekerimenduak bidaltzen; kontratazioetako hizkuntza irizpideak direla eta, diru laguntzengatik... Azken hauek Espainiako Gobernu Ordezkaritzara aktak euskara hutsean bidaltzeagatik izan dira. Egoera honek euskararen ofizialtasuna bera jartzen du zalantzan, azken finean esaten digutena da euskarak ez duela balio ofizialik baldin eta ez bada gaztelaniaren ondoan. Orain arte hori ez da horrela izan, eta Eusko Jaurlaritzak berak udaletxe guztietara bidali du txosten bat non esaten duen posible dela administrazioen arteko harremanak euskaraz izatea.

Zumaian Batzar Nagusia egin zenuten larunbatean, eta epaitegietara jotzeko asmoa agertu zuten udalek.
Helegitearekin aurrera egitea erabaki dugu. Epaitegietara joko dugu Eusko Jaurlaritzaren txostena oinarri hartuta, honek esaten baitu administrazioen arteko harremana euskaraz izan daitekeela. Euskara ofiziala den momentutik uste dugu aurrera egin behar dugula. Egia da aholkulari juridiko batekin egon garela eta esan digula oso zaila izango dela, baina uste dugu hor erakutsiko dela euskararen gaurko legeak benetan balio duen ala ez. Galtzen badugu esan behar duguna da beste lege mota bat behar dugula, euskara benetan babestuko duena. Aldaketa beharra geratuko da agerian galduz gero.

Epaitegietara jo eta galtzeko aukera handia dagoela esan duzu, ala balitz, zein ondorio izango luke horrek udalentzat?
Batetik, udaletxe guztiek bere gain hartu beharko dituzte epaitegi gastuak eta bestetik, honek kristoren atzerapausoa suposatuko du. Azken urteetan Uemako udalak aitzindari izan dira euskararen erabileran eta herritarrei euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzeko egindako lanean, eta honen arabera, atzerapausoa izango da. Dena elebitan egiteak lan karga suposatzen du; itzulpena egin behar delako, gehiago kostatzen delako... Ezin dugu onartu. Eta horregatik erabaki dugu aurrera egitea.

Zenbat herri salatu ditu jada, Urkijok?
Akten gaiarekin 13 udal daude salatuta, baina errekerimendu asko daude Uemakoak diren udalerrietan. Gutxi gorabehera 100 errekerimendu edo jaso ditugu.

Aktak euskaraz bidaltzeagatik bakarrik ez, Berastegi eta Zerain Ueman sartzeagatik salatu ditu.
Helegitean bertan jartzen duena da euskara ez dela udalen eskumena eta ondorioz ez dela posible mankomunitate bateko kide izatea euskararen inguruko zerbitzua emateko edo euskararen inguruan aurrerapausoak emateko.

Eusko Jaurlaritzaren txosten batean oinarrituko zarete, baina zein da bere papera honetan guztian?
Euskararen eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, gu berarekin jarri ginen harremanetan, eta aipatutako txosten hau bidali zuen udaletxeetara. Guk epaitegian aurkezteko eskatu genion, eta ezezkoa jaso dugu, eta esan behar duguna da orain arte bezala elkarlanean jarraituko dugula. Hemendik aurrera espero duguna da bere babesa izatea eta gertuago sentitzea. Eta horregatik luzatzen dugu elkarlanerako deia bai Eusko Jaurlaritzari eta baita beste eragile zein erakunde publikoei ere.

Auzia ez da berria, esan duzun bezala 2012. urtean, legealdi hasieran, hasi ziren iristen salaketak.  
Legealdi hasieratik hasi zen udaletxeok euskararen inguruan egin dugun aurrerapauso guztietan eskua sartzen. Euskaraz bizitzeko emandako aurrerapauso guztien kontrako errekerimenduak bidaltzen ditu. Hasieratik izan du Urkijok jomuga euskara eta Uema ere jomuga horretan egon da.

‘Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak’ jardunaldiak egingo dituzue otsailaren 5 eta 6an, hor ere gai hau landuko al duzue?
Akten gaia zuzenean ez, baina bai izango ditugula hizpide lurralde antolakuntzan hizkuntza irizpideak txertatzeko ditugun erronkak, zein tresna ditugun eta euskararen legea zein marko juridiko duen eta horrek babesten gaituen edo aldaketa behar dugun. Uemak udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistiko eta sozioekonomikoaren bilakaeraren inguruan eskatutako lana ere aztertuko dugu. Ondorioak aterako ditugu eta ondorio horien arabera zer landu behar den ikusi ahal izango dugu. 

Nola hartu daiteke parte?
Jardunaldiak Donostian izango dira, doakoak dira, irekiak eta UEUren webgunean eman daiteke izena otsaila hasierara arte.

 

 

 

 

Eskualdeko herri askotara iritsi dira salaketa edota errekerimenduak

Eskualdeko 28 herrietatik gutxienez 10era iritsi dira Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren errekerimenduak edota salaketak.
Anoeta izan zen salaketa jasotako Tolosaldeko lehen udala. Kontratazioetan euskara irizpideak sartzeagatik eraman zuen auzitara Urkijok. Aduna, Alegia, Amezketa, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexak beren aldetik, errekerimenduak jaso dituzte Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzara bidaltzen dituzten aktak elebitan bidaltzeko eskatuz. Berastegik ere jaso du errekerimendua kontratazio irizpideengatik, eta gainera helegitea jaso du Ueman sartzeko erabakiarengatik. Azkenik, Tolosak errekerimenduak jaso ditu kontratazio irizpideengatik eta baita kulturako diru laguntzetan hizkuntza irizpideak sartzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!